Soreasu antzokia, bost hanka dituen kultur proiektua

Nerea Uranga 2014ko urr. 2a, 17:55

Azpeitiko Kultur Mahaiak Soreasu antzokirako duen proiektuaren bost hankak dira zinema; zinema ez bestelako kultur jarduera orokorrak; lehendik lantzen ari den hainbat proiektu;komunikazioa; eta, aretoari begirako hobekuntzak. Orain arte gehien landuta dutena zinemari dagokion hanka da, Kepa Urbieta Kultur Mahaiko kide eta Sanagustin Kulturgunea Kooperatibako langilearen esanetan, «martxan jarri behar genuelako». Zinemaren eskaintza zabaldu nahi dute Soreasun, eta ahalik anitzena eskaini: «Komertziala, film laburrak, haurrentzako filmak, dokumentalak...». Hilabeteroko programazio bat eskaini eta publiko egingo dute, hileko programazioarekin eskuorri bat ere aterata. Zinema larunbat, igande eta astelehenetan izango da Soreasun. Helduentzako bi film emango dituzte astebururo–«etxekoa» eta komertziala–, eta bestetik haurrentzako film bat. Eskaintza herrira zabaltzea Baina, Soreasun eskaintza zabaltzearekin batera, zinema herrira zabaltzea ere nahi dute, «Soreasun bakarrik ez ematea zinema». Horregatik, herenegungo agerraldian Kultur Mahaikoek ondoan izan zituzten zineklubekoak, Erabaki Produkziokoak, San Martin egoitzakoak, Baigera Jubilatuen Elkartekoak, herriko ikastetxe guztietakoak eta udaleko Kultura zinegotzia. San Martin egoitzan bertan filmak emateko «nahia» dute, eta hori ari dira aztertzen gaur egun bi aldeen artean. Baigerakoekin ere antzekoa egin nahi dute, eta aukerak lantzen ari dira. Tinko euskarazko filmeen programazioa zabaldu eta herriko ikastetxeetakoekin elkarlan sendoago bat ere egin nahi dute. «Soreasuk beste era bateko lanak garatzeko aukera ematen du, eta pixkanaka joango gara zer egin daitekeen aztertzen». Zinemarako lan talde bat sortu berri dute. Dagoeneko talde horretan daude, Ta3. Zine Kluba, Erabaki Produkzioak eta Sanagustin kooperatibako langileak. «Hilabeteroko zinema programazioa antolatuko duen lan taldea da, eta zinemaren inguruan bestelako proiektuak ere landuko ditu». Irekia da taldea, eta nahi duten guztientzako ateak zabalik dituela nabarmendu dute. Beste lau oinarriak Zinema ez bestelako kultur jarduerak lantzea eta sustatzea ere bada Soreasuko proiektuaren beste oinarrietako bat. «Soreasuk Sanagustinek ematen ez dituen aukera batzuk ematen ditu. Biak uztartuta kultur aukera egokia eman diezaiokegu herriari», esan du Urbietak. Alde horretatik, Kultur Mahaiko taldeekin Soreasuri zer erabilera eman jorratuko dute. Hala, beste lau proiektu dituzte Soreasuri «beste dimentsio bat» emateko balio dezaketenak: Euskal Antzoki Sarea proiektua, Dantza Zirkuitua, Donostia 2016 barruko Mugalariak eta Oholtzaberri. Azken hori Sanagustin Kulturgune Kooperatibarena da, «arte eszenikoak jorratuz, gu eta kanpoko eragileen egoera aztertu eta jarduna dinamizatu eta ekoizpena sustatuz», azaldu du Urbietak. Komunikazioa ere landuko dute. Horretarako, besteak beste, soreasuantzokia.com webgunea jarriko dute martxan. Sare sozialak landuko dituzte, baita kartelak eta eskuorriak atera ere. Soreasu antzokiak zer hobetu ere baduela uste dute, eta dagoeneko asmo batzuk gauzatzen hasi nahi dute: «Soreasuri berari irudia eman eta indartu nahi diogu, eta horretarako logoa sortuko diogu; eta, sarreran seinaleak jarriko ditugu. Soreasuko sarrerako tunelari ere zerbait egin nahi zaio, eta zinemako karteldegia jartzeko asmoa ere badugu». Ekipamendua ere zaindu nahi dute: «Orain arte nahikoa hutsik egon da, eta hemendik aurrera guk zainduko dugu, guk maitatuko dugu, eta era horretan, kalitatezko bi areto edukiko ditugu: Sanagustin eta Soreasu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide