[caption id="attachment_111196" align="aligncenter" width="300"]

Pako Aristi idazlea (Miriam Tamayo/Hitza).[/caption]
Hamaika urte pasatu dira
Libreta horiko poemak aurreko poema liburua argitaratu zuenetik. Elkarrizketarekin hasi bezain pronto, ordutik hona –
Urak ostutako poemak (Susa) liburu berria bitartean– igarotako tarte luzeaz mintzo da Pako Aristi (Urrestilla, Azpeitia, 1963). «Idaztea ez da izaten erlojuaren aurka egiteko zerbait. Lan bakoitzari dagokion denbora eskaintzea gustatzen zait niri, batik bat orain ulertzen ez dituzun gauzak hemendik bost edo hamar urtera ulertzen dituzulako». Poesiak norbere bizitzaren eboluzioa azaltzen duela dio, eta eboluzio hori makala izaten dela, ez dela bat-batekoa. «Horregatik, behar izaten da denbora».
Oraingo poema hauek urak ostutakoak dira. Nondik dator izenburua?
Liburu honetako poema gehienak Getarian sortutakoak direlako jarri diot
Urak ostutako poemak. Kirol pixka bat egitera joaten naiz goiz askotan Getariara, eta han itsasertzean paseatzen dut. Poema asko itsasoari begira sortu zaizkit. Itsasoak badu mugimendu oso erakargarria, mendiak ez bezala aspertzen ez duena. Itsasoa beti da ezberdin: kolorea, olatuaren neurria, haizearen gorabehera, tenperatura... Inspiratzaileagoa da. Arrantzaleek arrainak harrapatzen dizkiote eta urbanismoko zinegotziak, berriz, tokia kentzen saiatzen dira portua zabaltzeko, nahiz eta gero itsasoa etorri eta berriz bere eskutan hartzen duen. Nik zer kendu diodan itsasoari? Bada, poema batzuk edo poema horien haziak. Ziur aski, nire baitan izango ziren ideiak, baina patxadazko une horietan ikusi ditudanak. Itsasoak lagundu dit horiek azaleratzen.
Poema guztiak gai berari lotuta al doaz, ala elkarren artean oso diferenteak dira?
Oso poema diferenteak dira. Liburu honetan bidaia bat planteatzen da, bizitza bera bezalaxe; hau da, jaiotzean abiatzen dena, eta bidaia horretan gauza asko deskubritzen joaten zara, disgustu asko ere bai, ongi ateratzen diren gauzak eta gaizki ateratzen direnak... Gizarte batean zauden neurrian, presio handia egoten da zugan gizarte horren aldetik. Gizarteak nahi du zu era batekoa izatea, zuk zerbaitetarako balio izatea, eta horren aurrean, bi aukera dituzu: gizarteari amen esan edo horri aurre egin, nolabaiteko errebeldia bat agertuz, eta zeure nortasuna defendatu. Hor borroka sakon bat sortzen da, eta borroka horrek bizitza osoa irauten dizu. Azken finean, gauza horiek kontatzen dira liburu honetan.
Bizitza bere gorabeherekin, orduan.
Gero, bizitza aurrera doan bezala, lehen oso terribleak iruditzen zitzaizkizun gauzak arindu egiten dira, batzuetan barregura emateraino. Woody Allen-ek dioen bezala, «komedia da tragedia gehi denbora». Bizitzako momentu batean zuretzako tragedia dena, denbora pasatzen denean komedia bat dela iruditzen zaizu. Perspektiba horrek gauzak ulertzeko klabe batzuk ematen dizkizu. Orduan, horrela gauza asko planteatzen ditut poemetan, nire gauzak daude, baina pertsonaia batzuk ere badira. Esaterako, aizkolari bat dago, 63 urterekin apustu batera joan eta hil egiten dena. Boxeolari bat dago, beste boxeolari bat hil zuena, eta boxeolari hori homosexuala zena. Istorio asko daude liburuan zehar. Introspekzio pixka bat badago, baina orokorrean interesezko gai asko agertzen dira.
Irakurlea identifikatuta sentitzeko modukoak direla esan al daiteke?
Sentitzeko orduan guztiok berdintsuak gara, eta liburuan gutxi-asko denok sentitzeko gauzak agertzen dira. Jorge Luis Borgesi zera galdetu zioten elkarrizketa batean: «Zuk zer ikusi duzu egin dituzun bidaia horietan?». Hark «gizaki bera topatu dut» erantzun zuen. Beraz, nik ditudan sentipen guztiak Indonesian, Indian, AEBetan edo Irlandan bizi den batek izan ditzake. Aldatzen den gauza bakarra gizaki hori bizi den gizartea da, jasotzen duen eragin kulturala. Eragin horrek bizitza lagundu dezake, edo galarazi. Zentzu horretan, euskal gizartea nahikoa errepresiboa da, ez baitago ongi ikusia sentipenak adieraztea, besarkadak edo musuak ematea, elkarri gauza maitekorrak esatea... Andaluzian, Kuban edo Kolonbian afektibitatea agertzea balore positiboa bada, hemen balore negatiboa da. Hori kulturala da, eta eragin horri ere errepaso bat ematen diot. Azken finean, bizitza zeure baitako bidaia bat da, eta deskubritu behar duzu nor zaren. Benetan zure esentzia eta funtsa zein den, eta ez etxean, eskolan edo erlijioaren bitartez sartu dizuten hori.
Eta hori guztia poesiaren bitartez.
Ez da liburu tipiko bat. Poesia esanda, halako karikatura bat egiten da. Jendeak uste du hau gauza melenga bat dela, gauza erromantiko bat, ameslari bat edo ezertxo ere ulertuko ez duen gauza abstraktua. Hori guztia da poesia irakurtzen ez duen jende ezjakinak egindako karikatura bat. Poesia mota asko daude, margolaritza eta musikagintza mota asko dauden moduan. Poesia pixka bat irakurtzen duenak badaki oso ulergarria den poesia badagoela, eta, zentzu horretan, nire poesia ez da abstraktua edo hermetikoa. Ez da inoiz izan. Ni beti saiatuko naiz laguntza ematen edo hitz ezazagun asko ez sartzen irakurleak ulertu dezan.
Irakurle jakin bat bilatzen al du?
Ez, edonorentzako da. Bizitzari buruz kezka apur bat duen jendearentzako liburua da. Futbolaz gaindi, beste kezka batzuk dituztenentzako. Esna dagoen jendearentzako. Bizitzako gauzen aurrean eta gertatzen ari diren gauzen aurrean jakinmina edo ulertu nahia duten haientzako. Gutxieneko kezka bat duten horientzat.
Liburu honen aurretik Independentziaren paperak saiakera lana argitaratu zenuen. Genero aldetik aldaketa handia suposatu al du?
Funtsean ez dago aldaketa asko, dena gogoeta egitea baita. Saiakera bat egiten duzunean gogoeta bat egiten duzu, dela soziopolitikoa, dela kulturala, eta horri forma bat ematen diozu. Nik, orduan, forma periodistikoa eman nion. Poesian ere gogoeta egitea da, baina beste forma estetiko bat emanez. Dena gogoetatik sortzen da. Laster, gainera, euskarari buruzko istorio politiko bat argitaratuko dut,
Euskararen isobarak izenburupean. Nire lanetan istorioak egon ohi dira, eta oso narratiboak izaten dira, baita poesian ere. Ahozko kontakizunaren eragina oso handia da nigan, ni mundu horretatik bainator, eta ahozkotasunaren mundu hori nire testu guztietan agertzen da.