Kazetarien Euskal Elkargoko batzordean dagoen gipuzkoar bakarra da, gazteena, eta Ikus-entzunezkoak egin dituen bakarra. «Kazetaria naiz, baina kakotx artean. Ikus-entzunezko komunikazioa egin duen bakarrenetakoa naiz Elkargoan. Nire eginkizuna batzordearen barruan berezitasun horietan oinarritzen da. Orain arte asko zentratu da prentsan, Bizkaikoan, eta gaztelaniazkoan. Ni oso toki desberdinetik iritsi naiz horra, eta bide horiek indartzen saiatuko naiz, behar duen garrantzia ematen».
Hasteko, zergatik erabaki zuen Euskal Kazetarien Elkarteak, hainbat urtetako ibilbidearen ondoren, elkargo bat sortzea? Zein alde dago bien artean?
Elkargoa lehen ere egon zen. Aspaldi sortu zen. Probintzia guztietan zegoen, baina desagertzen joan zen, eta Nafarroan eta Bizkaian gelditu zen. Bizkaikoa mantendu zenean, erabaki zen elkartea bihurtzea, eta gutxienez EAE mailakoa izatea. Izan ere, hemen arazo bat dugu. Legeztatutako zerbait da elkargoa, eta muga fisikoak ditu. Ezin da sortu zazpi probintziak biltzen dituen elkargo bat.
[caption id="attachment_110284" align="alignleft" width="300"]

(Onintza Lete Arrieta/Hitza)[/caption]
Zergatik?
Gure filosofiagatik ez dago arazorik, baina legez ez da posible. Elkartean egon diren lehendakariak saiatu dira elkargorako pausoa ematen. Elkarte bat ia edozeinek sor dezake, zerbait pribatua da. Elkargoa, gaztelaniazko
colegio oficial, Jaurlaritzaren lege batek sortzen du. Zerbait publikoa eta ofiziala da.
Eta orain etorri da baiezkoa.
Orain bi urte lortu zen aurrera ateratzea. Jaurlaritzako alderdi guztiekin egon ziren, eta kontra ez zen inor azaldu, batzuk abstenitu ziren arren. Gero, bi urte igaro dira testu guztiak, figura juridiko guztiak, estatutuak... sortzen, eta aurten, otsailean, erabaki zen errektore junta sortzea.
Jaurlaritzak mugarik jarri al dizue?
Bakarra: elkargoko kide izateko profesionala izan behar da. Unibertsitateko tituludunak bakarrik izan daitezke kide. Kazetari ibilbidea eduki duten pertsonek ezin dute elkargoko kide izan; elkartekoa bai. Espainiako gainerako erkidegoetan bost edo hamar urteko ibilbide bat duenari utzi egiten diote. Ari gara hori moldatu daitekeen ikusten, baina oraingoz ezin dugu guk ezer egin, legea egitean ezarri zutelako.
Elkartea ez da desegin, hortaz.
Ez. Gainera, elkargoaren helburuak oso orokorrak dira oraindik: profesioa defendatzea, informazio askatasuna defendatzea... baina elkarteak ere bazituen helburu horiek, nahiz eta orain elkargoak beste babes juridiko bat eduki. Beraz, oraindik guztia elkarrekin egiten dugu. Pixkanaka desberdintzen joango gara, eta bide horretan, Gipuzkoan eta Araban egoitza bat lortzeko asmoa dugu.
Espero al zenuen zeu zuzendaritzan egoterik?
Ez, baina Lucia Martinez Odriozolak–lehen elkarteko lehendakaria izana eta orain elkargoko dekana denak– proposatu zidan bere zerrendan joatea. Hain zuzen, nire ezaugarriengatik: gaztea naiz, gipuzkoarra, ikus-entzunezkoen arlokoa, eta hain zuzen, hutsune hori bete nahi da.
Zein fasetan zaudete orain?
Hasiera-hasieran. Forma ematen ari gara; nolako elkargoa nahi dugun; egoitzak, babesak eta diru iturriak lortzea... baditugu helburu batzuk zehaztuta, baina oraindik ari gara etxe barrua txukuntzen. Lehen elkarlan hitzarmena sinatu du elkargoak: Gipuzkoan, hain justu. Goierrin. Goitur-ekin, etorkizunerako elkarlana sinatu dugu elkargoak eta elkarteak. Garrantzitsua da lehen hitzarmena Gipuzkoan izatea, zerbait ondo doala erakusten duelako. Niri animoak ematen dizkit.
Elkargoa zabaltzeko nahia duzue.
Ezin da ulertu herri honen errealitatea gaztelaniaz ari den ez dakit zer egunkaritan bakarrik. Euskaraz idazten eta hitz egiten duten komunikabide txikien beharra ere badago, eta errealitate hori ere kontuan hartu behar da. Eta nik behintzat horretan lan egingo dut, neure ibilbidea hortik joan delako, gainera. Elkargoa ez dadila esklusiboa izan inondik inora, bateratzailea baizik.
Elkarteak ez du hori lortu izan, ezta?
Orain arte harremenaka ez dira onak izan, baina beharbada harreman horiek elkarteko harremanak dira. Elkargoa sortu berria da, eta orain gauden fase horretan elkartu beharko dugu Tokikom-ekin, Berria-rekin, Gara-rekin.... bestelako lotura batzuk ere sortu beharko ditugu. Elkarlan hori ezinbestekoa da.
Izan ere, bitxia da euskarazko kazetariek elkarte edo elkargo baten beharrik inoiz sentitu ez izana.
Hainbat arrazoi ikusten ditut. Batetik, elkartea pribatua da eta sekulako prospekziorik ez du izan orain arte. Pentsa, EAEn lanean 1.700-1.800 kazetari daude eta elkarteak 400 kide ditu. Publizitate askorik ere ez da egin, jendea erakartzeko lanik ez da egin, edo ez da asmatu. Bestetik, kazetarien artean hasieran txoke batzuk egon ziren zenbait gaitan, eta gero txoke horiek konpontzeko ahaleginik ez da egin, edo ez behar den bezala, behintzat. Nik uste dut beti taldean joanda bakarka baino gauza gehiago lortzen dela, eta denentzako dela ona.
Zer eskaini dezake elkargoak?
Esaterako, Donostian ertzainek Aske Guneaz informatzen ari zen kazetari baten kontra egin zutenean, elkarteak aurpegia eman zuen, eta Jaurlaritzara ere jo zuen. Kazetari hori elkarteko kide izan ala ez, profesioari dagokion zerbait da, ezin da halako erasorik onartu. Horrelakoetan babesa eskaintzeko ere bada elkargoa. Bestetik, lan-poltsak daude, enpresa batzuek bertara jotzen dute lan eskaintzak egiteko, formakuntza saio mordoa egoten da, eta abar.