Azpeitiko Natul Euskara taldeak jakinarazi duenez, osakidetzak langile erdalduna kontratatu du Azpeitiko lau familia medikuren udako ordezkapena egiteko. Erabaki horren aurrean, Natul Azpeitiko euskara taldeak "kezka eta haserrea" adierazi ditu, "izan ere, azpeitiarrok euskaraz artatuak izateko zailtasunak izango ditugu uda honetan". Herritar batek Twitter sare sozialaren bitartez egindako salaketaren harira Azpeitiko Euskara Patronatua anbulatorioko arduradunekin harremanetan jarri eta informazioa kontrastatu du, herritar horrek zioena baieztatuz. Natulek, beraz, "kontratua berrikusi, eta lehenbailehen arazoari konponbidea eman diezaioten" eskatu die Osakidetzako arduradunei.
Kezkagarria iruditzen zaie Osakidetzaren erabakia, "ez baitu kontuan hartu Azpeitiko herritarrak, ezta bertako errealitate soziolinguistikoa ere". Administrazio publikoak zerbitzuak euskaraz eskaintzeko duen betebeharrari "muzin" egin diola ere salatu dute, "Azpeitiko herritarren hizkuntza eskubideak urratuko" baititu Osakidetzak. Gaineratu dutenez, hainbat herritarrek erdaraz komunikatzeko dituzten trabek pertsona horientzako "zailtasun nabarmena" eragingo dute, eta "osasun zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena" izango du.
Arnasguneari dagokion trataera
Azpeitia euskararen arnasguneetako bat izanik, Osakidetzak "erdara nagusi den eremua" sortuko duela ohartarazi dute. "Bertako herritarren %80k baino gehiagok daki euskaraz; eta, egunerokoan, euskara da gure hizkuntza" adierazi dute.
Natulen arabera, "arnasguneek hizkuntzaren biziraupenean egindako ekarpena handia izan da, eta handia izan daiteke euskararen normalizaziorako egin dezaketen ekarpena ere. Horretarako, ordea, euskararen arnasguneei dagokien garrantzia aitortu behar zaie, zaindu egin behar dira".
Euren ustez, ez da onargarria mediku erdaldunak jartzea, euskaldunen partez. "Udalerri euskaldunak bereziak dira hizkuntzaren ikuspegitik; eta, ondorioz, trataera berezia behar dute". Horregatik ohartarazi dute, "beste hainbat arlotan bezala, hizkuntza politikan ere, kaltea eragin aurretik prebentzio politikak aktibatu" behar direla. "Azpeitiko herritarrok osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubide osoa daukagu; eta, beraz, zor zaigun begirunea eta errespetuarekin jokatu dezala" eskatu dute.