[caption id="attachment_102005" align="aligncenter" width="300"]

Ane Azkue ilustratzailea (Aiora Larrañaga/Hitza)[/caption]
Diseinu grafikoaren munduan lan asko egina da Ane Azkue (Getaria, 1978). Esperientzia horretatik abiatuta urrats bat aurrera ematea erabaki zuen, eta marrazkietan oinarritutako
Arrautza gorringo ipuina argitaratu zuen iaz; bigarrena argiaratzear da orain.
Arrautza gorringo ipuina argitaratu zenuen iaz eta Pepi, baziren bi piper liburua aurten. Nolatan animatu zinen?
Etxepare liburu ilustratuen lehiaketa bazela ikusi nuen, eta ni ordenadorez marrazten ibiltzen naizenez, bertan parte hartzea pentsatu nuen.
Arrautza gorringo lanean arrautza aukeratu nuen protagonista diseinu aldetik erakargarria iruditzen zaidalako. Alde batetik, kolore joko polita eskaintzen dute zuriak eta hori-laranja koloreek; urdina erabili dut kolore neutro bezala. Bestetik, forma aldetik ere aukera asko eskaintzen ditu; arrautzak haurrentzat ezaguna den forma baitu. Irudiak handiak egin ditut, umeen atentzioa deitzeko.
Haur txikientzat da liburua, ezta?
Bai, arrautza jan nahi zuten aitona-amona batzuen istorioa kontatzen dut bertan, elkarbanatzea ardatz hartuz. Hiru-bost urte bitarteko haurrei zuzenduta dago liburua, baina adin horretako umeek irakurtzen ez dakitenez, nire asmoa da heldu batek kontatzea istorioa. Liburu irekia da, helduen nahiz haurren irudimena lantzeko balio duena. Arrautza ohiko elikagaia da, denei gustatzen zaie, eta mila modutara prestatu daiteke, gainera. Horregatik, liburua haurrak janarira hurbiltzeko modua izan zitekeela pentsatu nuen, eta helduek istorioa kontatzen duten bitartean, arrautza bat zer den erakutsi diezaiekete haurrei.
Aurten bigarren ipuina argitaratuko duzu. Lehenengoaren jarraipena izango al da?
Bai, arrautza bati ondo zer zetorkion pentsatzen hasita, piperretan pentsatu nuen. Nik Gizarte Hezkuntza eta Diseinu Grafikoa ikasia ditut, eta bi alderdiak uztartu ditut bigarren lanean. Oraingoan ere koloreekin jolastu dut.
Pepi, baziren bi piper liburuan Pe piper berdea eta Pi piper gorria dira protagonistak. Piper berdeak euria behar du bere koloreari distira ateratzeko, eta piper gorriak, berriz, eguzkia. Bi piperren arteko kolore desberdintasuna azal kolore desberdintasunarekin alderatu dut, eta desberdintasunen gainetik integrazioaren mezua zabaltzea izan da nire asmoa; nork geure kolorea dugula eta ez dugula zertan denak berdinak izan nabarmendu dut.
Ez zen erraza izango ipuin bat ezerezetik hasi eta autoekoizpen bidez argitaratzea, ezta?
Liburu bat egiteak lan asko du, eta eskema bat garbi izan behar da. Nik ez dakit beste egileek nola egiten duten, nik irudietan pentsatzen dut lehenengo, eta ondoren testua lantzen dut. Dena dela, lehen lanetik bigarrenera aldaketa antzeman daiteke testuari dagokionez. Testu gutxi zuen lehen liburuak, eta bigarrenean alderdi hori gehiago landu dut, irakurleari lana errazte aldera. Aitortu behar dut lehen lana lehiaketan pentsatuz egin nuela, eta ez zitzaidan burutik pasa ere egin argitaratzea. Baina, lana egina zegoenez, animatu eta argitaratzea pentsatu nuen. Autoekoizpena izan denez, ale gutxi inprimatu behar izan ditut, eta horregatik nahi baino garestiagoa atera zait liburua.
Zein da hurrengo urratsa?
Nire asmoa ipuin-kontalari moduan ipuinak kontatzen hastea da. Iaz proposatu zidaten, baina liburua bera asmo horrekin sortu ez nuenez, ez nuen onartu. Bigarren liburuarekin istorioari dagokionez lanketa sakonagoa egin dut, eta herriz herri ipuinak kontatzen hasi nahiko nuke.