[caption id="attachment_101120" align="aligncenter" width="300"]

Kepa Peñagarikano Azpeitiko Frontoi Txikin (Olatz Prat/Hitza)[/caption]
Hamairu urtez pilotan maila profesionalean aritu ostean, frontoiari agur esango dio Kepa Peñagarikanok (Azpeitia, 1981). Azken hiru urteetan Aspen ibili da, eta enpresak ez dio kontratua berrituko. Urteotako bizipenez hitz egin dio Peñagarikanok HITZAri.
Pilota profesionala utziko duzu uztailean. Ez da zure erabakiz izan, ordea. Espero al zenuen Asperen erabaki hau?
Ikusten zen edozein momentutan iritsi zitekeela egun hau, urtetik urtera ari bainitzen kontratua berritzen. Duela hilabete batzuk ikusi nuen bazirela debutatzeko moduan ziren bi gazte eta, pentsatzen jarrita, batzuek sartzeko besteek irten egin behar dute. Aurten niri egokitu zait utzi beharra. Pena handiz, baina, horrelakoa da bizitza, eta hala hartu beharko. Gazteak indartsu datoz atzetik.
Nolakoak izan dira Asperekin ibili zaren hiru urte hauek?
Oso politak izan dira. Asegarcerekin hamar urtez ibili eta gero, eta ikusita pilotan etorkizuna ezin zela garai batean bezala irudikatu, pilotaz gozatzeko aprobetxatu dut. Oso talde eta lagun koadrila polita izan dugu, eta egia esan, asko gozatu dut.
Krisiak pilota arloa ere astindu du, ezta?
Bai, asko nabaritzen da. Duela 6-8 urte hogeita hamar pilotari inguru geunden enpresa bakoitzean, eta orain hogeiren bat. Asko jaitsi dira plantillak, eta orain bi sartuko dira, baina, atera, hiru. Beraz, beteranoentzako gero eta zailagoa da mantentzea.
Frontoiak nekezago betetzen direla ere nabaria da. Zer gertatu da?
Krisia izan daiteke, baina, nire ustez, azken urteotan publikoa saturatu egin izana ere izan daiteke. Telebistan-eta partida asko ematen dira, eta uste dut jendeak pilota ikusteko ilusioa galdu egin duela. Neure ikuspuntua da hau, noski.
Zertan aldatu da pilota zeu hasi zinenetik hona?
Gauza askotan aldatu da, pilotatik bertatik hasita. Orain pilotak gero eta azkarrago eta biziagoak dira, eta jokatzeko zailagoak dira. Garai batean atzelariak indartsua izan behar zuen bezala, gaur egun abilak eta azkarrak izan behar dute. Jokatzeko modua ere aldatzen ari da. Bestetik, partida kopurua ere asko aldatu da, garai batean urtean 60-70 partida jokatzea normala zen, eta orain 40-50 jokatzea da normalena.
Momentu txarrak eta onak, denetik izango zenituen. Profesionaletan bizitako bolada onena zein izan da?
Hasierak oso onak izan ziren, lehen partidak oso bereziak izan ziren. Gogoan dut lehen bost partidak irabazi genituela, eta ondoren hamaika segidan galdu, baina hasiera polita izan zen. Eskuz banakako bigarren mailako txapelketa ere irabazi nuen 2003an, eta urte hori oso polita izan zen; udan ere txapelketa pila jokatu nuen. 2004-2005 nahiko txarrak izan ziren; 2006a, berriz, ona. Hortik aurrera, denetarik izan dut. Eta, azken hiru urteetan, Aspen, oso momentu politak ere izan ditut, esaterako, binakako txapelketa batean [2012an] Zubietaren ordez sartu nintzenean eta gero txapeldun izango ziren Titin III.ari eta Merino II.ari irabazi genionean.
Lesio handirik ez duzu sekula izan.
Ez, orkatila bihurritu izan dut noizbait. Baina, eskuak izan dira nire arazo nagusia beti, eskuak urte guztian zehar ondo mantentzea asko kostatu izan zait eta horrek, momentu askotan, ez dit utzi nahi nuen bezala jokatzen. Hori izan da nire puntu ahula eta horrek markatu du, neurri batean, nire ibilbidea.
Profesionaletako hamairu urte hauetatik zerekin gelditzen zara?
Nik beti esaten dut batzuk txapel gehiago irabaziko dituztela eta beste batzuek diru gehiago, baina, nik uste garrantzitsuena geratzen zaizkizun une, oroitzapen eta lagun onak direla. Aldageletako lagunarteko giroak balio handia du niretzat; alde horretatik asko irabazi dut. Hori betirako geldituko zait, eta espero dut lagunek deituko didatela oraindik afaltzera joan edo parrandaren bat edo beste egiteko.
Debutaren frontoi berean izan daiteke zure agurra. Esanahi berezia al du zuretzat Izarraitzek?
Dudarik gabe. Niretzat oso polita litzateke azken agurra herrian ematea: berezia izango da, eta ea egun polita izaten den.
Amaiera ikusten hasi zinenean, etorkizuneko bideak zabaltzen hasi zinen. Zeintzuk dira orain zure planak?
Masajeko ikastaro batzuk egin ditut eta praktikak egiten ere aritu naiz Zestoako futbol taldean. Masaje kontsulta bat ipini nahiko nuke, hori da orain nire ilusioa, batez ere kirol munduan jarraitzeko. Gazteak entrenatzea ere aukera bat da. Bestetik, azken bi urteetan anbulantziako gidari bezala ere ibili naiz, eta tarteka, deitzen didatenean, joaten naiz horra ere. Ate horiek ditut, momentuz, etorkizunerako irekiak.