
Gaur 19:00etatik aurrera Ander Rodriguez Gizarte Politikako foru diputatuak Herritarren Oinarrizko Errentaren inguruko hitzaldi bat emango du Getariako udalbatzar aretoan. Getariako Eskubide Sozialen Kartak eta ELAN-Euskadik antolatu dute saioa.
Zertaz hitz egingo duzu gaur arratsaldeko hitzaldian?
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika Sailetik Herritarren Oinarrizko Errenta proposamena lantzen ari gara; herritar bakoitzak errenta hori jasotzeko eskubidea izango luke, eta zerga bidez finantzatuko lizateke. Errenta hau unibertsala izango litzateke, eta herritarrok hezkuntza eta osasun zerbitzua jasotzeko edo botoa emateko eskubidea dugun bezala, oinarrizko errenta izateko eskubidea ere izango genuke. Helduek 658 euro jasoko lituzkete, eta adingabeek 131 euro.
Zergatik hasi zineten proposamen hori lantzen?
Gure gizartean langabezia, pobrezia edo bazterketa bizirik daude, eta Baldintzatutako Gutxieneko Errentek hainbat arazo sortzen dituzte. Alde batetik, pobrezia edo langabezia tranpa izenekoa erreproduzitzen dute; hau da, Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza jasotzen ari denak lana bilatzen badu, zuzenean prestazioa jasotzeari uzten dio eta horrek desanimoa sortzen du herritarren artean eta ordainsari txikia duten lanpostuak ez onartzera eramaten ditu herritarrak, lan-munduratzea zailduz. Bestetik, Herritarren Oinarrizko Errentak ez ditu herritarrak estigmatizatzen. Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza jasotzeko, esaterako, eskatzaileak pertsona pobrea dela egiaztatu behar du, eta hori nahiko iraingarria da. Herritar orok jasotzen duen errentarekin, berriz, pobreziaren estigmatizazioa gaindituko litzateke.
Bazterkeria gainditzen lagunduko luke, beraz, Herritarren Oinarrizko Errentak?
Oinarrizko errentaren gakoa bere askatasun izaera da. Aristoteles-etik datorren Errepublikanismoaren askatasun ideia izan behar dugu kontuan, demokratikoa eta ez oligarkoa. Hau da, pertsona bat librea da eta bere erabakiak askatasunez hartzen ditu bizi ahal izateko beste norbaitek mantendu beharrik ez duenean. Bestela, baldintzatuta baitago. Horregatik, guretzat ezinbestekoa da herritar guztiek beren oinarrizko behar materialak politikoki bermatuta izatea, beren egoera dena delakoa izanda ere. Proposatzen dugun Herritarren Oinarrizko Errentarekin herritarren askatasun erreala ahalbidetuko litzateke.
Beraz, aberatsek ere jasoko lukete oinarrizko errenta. Zenbaitentzat bidegabea izan daiteke, ezta?
Sistemak orain arte bezala jarraituko balu, aberatsek ere Herritarren Oinarrizko Errenta jasotzea bidegabea izango litzakeela ados nago. Dena dela, kontuan hartu behar da Herritarren Oinarrizko Errenta herritarrek ordaintzen dituzten zergekin finantzatuko litzatekeela, eta horretarako zerga sisteman aldaketak egin beharko liratezke. Aberatsek ekarpen ekonomiko handiagoa egin beharko lukete. Proposamen horrekin, baliabide ekonomiko gutxien dutenentzat onuragarria izango litzateke.
Oinarrizko errentaren finantzazioak, beraz, eztabaida sor dezake.
Bai, eztabaida politikoa, alde batetik, eta bideragarritasun ekonomikoarena, bestetik. Getariako hitzaldian proposamena zer den, nola finantzatuko litzatekeen eta horren bideragarritasuna azalduko ditut.
Gipuzkoako Foru Aldundian proposamenaren bideragarritasuna aztertu duzue, beraz?
Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Polita Sailak Daniel Raventos, Jordi Arcarons eta Lluis Torres ekonomialariekin elkarlanean 2011ko datu errealetan oinarrituta bideragarritasun ekonomikoa aztertu genuen, eta zerga sisteman egindako hainbat aldaketekin Herritarren Oinarrizko Errenta bideragarria izan dadin proposamena landu genuen. Gaur Getarian emango dudan hitzaldiaren bigarren zatian zerga sisteman egin beharko liratezken aldaketak eta horrek aberastasunaren banaketan izango lukeen eragina azalduko dut.
Proposamena mahai gainean dago. Zein urrats jarraituko dituzue etorkizunari begira?
Lehenik eta behin, ezinbestekoa da proposamena gizarteratzea eta horren inguruko eztabaida sortzea. Bestetik, Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntzan hainbat aldaketa egin ditugu krisi ekonomikoaren eraginez sortu diren egoera berriei irtenbidea emateko. Dena dela, gure asmoa sistema hori gainditu eta Herritarren Oinarrizko Errenta sistemarantz urratsak ematea da. Epe motzean, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak egingo ditugu; epe ertainean, bi sistemen arteko trantsizio bat egiteko neurriak aztertzen hasiko gara, eta epe luzera ez dut ulertzen Herritarren Oinarrizko Errentarik gabeko etorkizunik.