Traineruak uretaratzeko prest

Nerea Uranga 2014ko eka. 19a, 07:20

Aurreko denboraldiko irudi bat (Bittor Mutiozabal) Arraun denboraldia hasten aurrenak KAE 1 Ligako taldeak izango dira: igandean hasiko da liga, Zumaiako Banderarekin. Gizonezkoen maila horretan ariko dira, Zumaia, Getaria Indaux Viveros San Anton eta Orio Babyauto B. Gizonezkoen TKE edo San Miguel Liga, berriz, Bartzelonan hasiko da hil honen 29an. Goreneko maila honetan,  Urola Kostako traineruetatik Oriokoa bakarrik ariko da. KAE 2 Ligan Zarautz eta Zumaia B ariko dira lehian. Uztailaren 5ean hasiko dute denboraldia Areetan (Bizkaia). Hamasei estropada jokatuko dituzte. Emakumeen Eusko Tren liga, berriz, uztailaren 12an hasiko da Pedreñan (Kantabria, Espainia). Liga jokatzeko sailkatuta dagoen bakarra Zumaia da; aurreko denboraldiko txapelduna. Orioko taldeak eta Getaria-Zarautzek liga jokatu ahal izateko lehen hiru postuetan sailkatu beharko dute. Talde guztiek denboraldiko helburuak garbi dituzte: goren mailetan daudenek mailari eustea; eta, behekoetan dabiltzanek gora egitea edo aurrenekoen artean ibiltzea. Traineruak uretaratzeko prest dituzte guztiek, eta honenbestez hastear da banderen eta koloreen lehia. GETARIA KAE1 mailan ariko da Getaria Indaux Viveros San Anton taldea. Igandean hasiko dira lehian, Zumaian. Denboraldirako jarrita daukaten helburua, lehen lau taldeen artean ibiltzea da. «Denboraldi aurrea ikusita, goian hiru  talde gaude: Zumaia, Isuntza eta gu. Gainontzeko taldeak ere gertu daude, baina orain arte jokatu ditugun estropadetan hiru talde aurreraxeago ibili gara. Gero, Santurtzi ere kontuan hartu beharko dugu: azkeneko estropadetan ondo ibili ez den arren, ezin da alde batera utzi», dio Gorka Etxeberria Getariako taldearen entrenatzaile eta arraunlariak. Denboraldiaren hasieran arreta jarri beharko dutela uste du Etxeberriak: «Ikusi egin beharko dugu denboraldia nola hasten den. Askotan denboraldiaren aurretik gauza batzuk pasatzen dira, baina gero hasierako estropadetan gaizki ibili eta ondoren  arrastaka ibili behar izaten baita». Getariako taldean iaztik baja «inportante bat» dutela aitortu du Etxeberriak: Manuel Lasarte Portugaletera joan da. Gainontzean, bi baja eduki dituztela dio entrenatzaileak. Hala ere, beste bi arraunlari gehitu dira taldera: Aitzol Martinez jubeniletatik goiko taldera pasatu da, eta Iker Etxabe, «hau lehen ere ibilitakoa da arraunean». Getariako taldea hamazazpi arraunlarik eta bi patroik osatuko dute. Getarian harrobi lanak duen garrantzia azpimarratu du Etxeberriak: «Aurten, kadeteetan Euskadiko txapelketan ondo ibili gara, eta Gipuzkoakoa irabazi dugu. Getaria herri txikia da, baina ondo ari da azpiko lan hori egiten». GETARIA-ZARAUTZ Emakumeen talde berria izango da Getaria-Zarautz. «Iaz, Zarautzen izenean atera genuen taldea: erdiak zarauztarrak eta beste erdiak tolosarrak ziren. Asko kostatu zen taldea osatzea; adinez jubenilak ziren asko zeuden taldean eta ikasketengatik-eta aurrera jarraitzeko lanak izan genituen», dio Zarautz Arraun Elkarteko Gaizka Garmendiak. Aurten, iazko «egoera beretsuan» zeuden Zarautzen, «zazpi-zortzi neskarekin». Getarian ere antzeko zeuden, beraz biek bat egin eta proiektu berri bati heldu zieten Getaria-Zarautz taldea sortuz. Adinez-eta aurreko denboraldiko antzeko taldea osatu dute. Hala ere, tartean badira esperientzia duten batzuk, «beteranak edo lehen jardundako batzuk badaude, eta ea horien bultzadarekin egonkortasun pixka bat hartzen duen taldeak». Arrauneko talde berrian entrenatzaile lanetan Mertxe Aizpurua ari da. Zarauztarra da, baina Getarian arraunean urte asko egin du: «Mertxerekin konfiantza dugu. Iaz, Zarautzen Emakume Arraunlari proiektua jarri genuen martxan, eta berak eraman zuen. Aurten arduradunik gabe gelditu gara, baina aldi berean traineruaren ardura berak hartu du, eta horrekin gustura gaude». Denboraldiko aurreneko helburua beteta dutela esan du Garmendiak: «Zarautzen nesken arraunak ez du tradizio handia,  eta azkenean emakumeei ere arrauna egiteko aukera eman nahi diegu». Orain, emakumeak gustura aritzea da nahi dutena. ORIO Eskualdean gizonezkoen goren mailan, San Miguel Ligan, ariko den talde bakarra da Oriokoa. Aurten iaz besteko denboraldia egin nahi dute, «iazkoa errepikatu edo hobetzeko asmoa daukagu», dio Zigor Gazpio Orioko Arraun Elkartekoak. Aurreko denboraldian Oriok hiru bandera lortu zituen, eta Gipuzkoako txapelduna izan zen. «Ea aurten ere onenen artean ibiltzen garen». Igor Makazagak entrenatzen duen Orioko trainerura hiru arrraunlari berri gehitu dira: Iñaki Errasti, Iñaki Elortza eta Anartz Larrea. Errasti eta Larrea lehen Orion ibilitakoak dira: baina Errasti Kaikutik etorri da, eta Larrea arrauna utzita egon ostean itzuli egin da. Elortza, berriz, berria da: itziartarra da izatez, eta aurrena Zumaian ibilitakoa eta gero Santurtzin. Aurreko denboralditik, berriz, hiru baja eduki ditu Oriok: Aritz Etxebestek utzi egin du; Xabier Ostolaza Zumaiara joan da; eta, Endika Urangak utzi egin zuen arrauna aurrena, baina elkartean ibiliko da. Gizonezkoetan bigarren talde bat ere badu Oriok, KAE 1 ligan. Entrenatzailea Asier Colina dute. Gazpioren esanetan, bigarren talde honetan mugimendu gehiago izan dute: «Baja dezente eduki ditugu, baina behetik ere jende berria igo da, eta gogo handiarekin gaude». Aurreko denboraldian «oso behean» ibili ziren, eta puntu bakar batengatik heldu zioten mailari. Aurten, hobeto ibiltzeko itxaropena dute: «Ea jaisteko arriskurik gabe ibiltzen garen. Erditik behera bada ere, sufritu gabe». Orioko emakumezkoen taldea EuskoTren mailan ibili zen iaz, eta oraingoan ere maila horretan lehian jarduteko helburua dute. «Uztailean da EuskoTren ligarako sailkapena, eta gogorra egongo da lehia. Hibaika eta San Juan gogor ikusten dira, eta badirudi Galiziatik ere talde bat etorriko dela. Gu ere borroka horretan egongo gara: laurentzako hiru postu daude, eta guk guretzako bat nahi dugu», aurreratu du Gazpiok. Emakumeen taldean, arraunlari aldetik baja askorik ez du izan Oriok, baina berri batzuk gehitu dira: «Jubeniletako laukote bat hasi da. Inportazio batzuk izan dira, eta ea liga jokatzeko aukera lortzen dugun». Beheko mailetatik goikoetara pausoa ematea harrobi lanaren emaitza dela dio Gazpiok. Orio Babyauto hiru traineruak larunbatean aurkeztuko dituzte. 12:00etan egingo dute ekitaldia, 12:00etan, herriko plazan. Orioko zaletu guztiak ekitaldira gonbidatu ditu Orioko Arraun Elkarteak. ZARAUTZ Zarautzek iaz maila galdu eta aurten KAE 2 mailan ariko da. «Mailarik baxuenean aritzea egokitzen zaigu», dio Zarautz Arraun Elkarteko Gaizka Garmendiak. Hala ere, aurten «zaila izan arren», berriro mailaz igotzea gustatuko litzaioke Zarautzi. Aurreko denboraldian taldea osatzea asko kostatu zitzaien, «jende aldetik oso justu ibili ginen». Aurten, aldiz, mailaz jaitsita ere, aurreko urtean jardundako denek segituko dute, «nahiko gustura bukatu zutelako». Horrez gain, beste arraunlari batzuk gehitu dira eta «talde majo bat» osatu dute. «Azken batean, maila honetan kanpotik jendea ekartzea etxekalte da, etorkizunari begira aurre egiteko aukerarik ez genuke izango. Beraz, harrobian lan egiten ari gara eta aurten oso-oso gustura gaude beheko mailetan eduki ditugun emaitzekin. Oraindik denbora beharko da, baina behintzat ereiten ari gara klubaren barruan», diote arraun elkartekoek. Hemeretzi arraunlarik osatzen dute Zarauzko taldea, «horietatik etxean sortuak ez direnak bost bat izango dira, beste denak betitik elkartekoak dira». Iaz bezalaxe, Iñaki Mendizabalek entrenatzen du taldea. KAE 2 mailako liga uztaileko lehen asteburuan hasiko da. «Hil honen 28an Donibane Lohitzunen estropada dugu, baina ez da  puntuagarria. Hala ere, gure ligaren berezitasuna da, azkenak hasi arren hamasei estropada ditugula. Horrek denboraldia prestatzeko modua ere aldatu egiten du. Taldean iaz hamasei lagun ginen, eta aurten hemeretzi hartu ditu entrenatzaileak, ia larunbatero eta igandero estropada jokatuko dugulako». ZUMAIA Hiru traineru izango ditu Zumaiak aurten: EuskoTren ligan emakumezkoena, eta gizonezkoen KAE 1 eta KAE 2 ligatan talde bana. Zumaia Salegi Jatetxea emakumeen taldea «iazko denboraldi bikaina» errepikatzen saiatuko da. Iaz liga guztiak irabazi zituen, estropada eta bandera asko, eta Kontxako Bandera ere lortu zuen. «Benetan handia da egin zuena», Zumaiako Arraun Elkartekoen esanetan. Emakumezkoak saiatuko dira iazko maila bera ematen. Kike Manterolak jarraituko du entrenatzaile, baina arraunlarien artean aldaketa asko dela diote, «baina, maila dute denboraldi ona emateko. Horren adibide bezala jarri behar da Lekeitioko estropadan irabazi izana, ekainaren hasieran». «Gazitik» ere izan zuen Zumaiak iazkoan, gizonezkoen lehen taldeak San Miguel Liga galdu zuen, 2006tik maila horretan ibili ostean. Aurten, KAE 1 ligan ariko da. Aldaketa handiena entrenatzailearena da ontzi honetan, Xanti Zabaletaren tokian ariko baita Patxi Frances. «Banderen lehian sartzeko» ariko dira lanean Zumaiakoak, «denboraldi-aurreko estropadetan maila ona eman dute arraunlariek, eta ohorezko txandan ibiltzeko hainbesteko maila dutela aurreikusten da». KAE 2ko taldearen lana, emaitzaz haragokoa da Zumaiako arraun elkartekoen ustez. «Harrobia dago hor, Zumaian ia beti egon izan den bezalaxe. Arraunlari gazteenen lana da etorkizuna, eta bigarren traineru honen zeregin nagusia izango da arraunlariak osatzea eta egitea», esan dute arraun elkartekoek. Hala, San Miguel Ligak iazko Harrobi Onenaren Saria Zumaiako Arraun Elkarteari eman berri diola gogorarazi dute. Zumaiako gizonezkoen bigarren taldearen entrenatzailea eta patroia Ramon Erostarbe da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide