Javi Lopez de Robles, Eguzkikoa: "Arazoa kontrolaezina izango da baimena lortzen badute"

Nerea Uranga 2014ko eka. 12a, 10:37

«Fracking-aren kontrako mugimendua sortu zenean, jendeak uste zuen arazoa arabarrona zela, baina Kantauri itsasoko ertz guztia hartzen du: Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia eta beste leku askotako arazoa ere bada», azaldu du Javi Lopez de Robles (Gasteiz, 1970) Eguzki talde ekologistako kideak. Horregatik, orain gutxi Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan ziren haustura hidraulikoaren inguruko azalpenak ematen. Zer da fracking-a edo haustura hidraulikoa? Gasa lortzeko metodo ez konbentzionala da. Orain arte, edo 1950. hamarkada arte, petrolioa bezala bakarrik lortzen zen gasa. Baina, konturatu ziren beste modu batez ere lortu zitekeela. Fracking-a zera da, lurreratzea gas eskistoa edo gas metanoa; lur azpiko laminen artean kokatuta egoten da. Ura eta produktu kimikoak sartzen dituzte lur azpira, pizarra laminak apurtu eta hor poltsetan dagoen gasa aske uzten dute, gero lur gainera ateratzeko. Horrek zer arrisku ditu? Hainbat arrisku ditu. 2.000 metroko sakoneratik ateratzen da gasa, baina horrek hartzen duen lur eremua 900-1.500 metroko zabalerakoa da. Gero, gasa ateratzeko beste putzu bat egin behar da bi kilometrora, eta horrela putzuak gehitzen joaten dira. AEBetan edo Polonian ez dute putzu bakarra irekitzen, asko baizik. Texasen, esaterako, eremu berean 30.000 putzu daude zabalik. Lur azalera handia behar da, beraz. Bai, izugarria behar du, eta horrek lehen sektoreari kalte handia eragiten dio. Bestalde, beste arazo larri bat sortzen da: segurtasun ezarena. Muntaia eskatzen du, eta garraioak eragin nabarmena du. Ura eta produktu kimikoak garraiatzeko kamioien joan-etorria ere esanguratsua da: putzuak egiteko eta gero gasa garraiatzeko ere bideak egin behar dituzte, eta horrek arriskua sortzen du, istripuak gerta litezkeelako. Horrez gainera, ura kutsatzen da: urak putzua ukitzen du, eta leherketak gertatzen direnean, lur azpiko ura kutsatu egiten da produktu kimikoekin. Ur kutsatu hori gero lurra, animaliak eta airea kutsatzeko bidea da. Beraz, kalteak sortzen ditu bai pertsonen, bai animalien osasunerako. Gipuzkoako Batzar Nagusietan egon zineten haustura hidraulikoaren inguruko azalpenak ematen. Zergatik du Gipuzkoan eragina teknika horrek? Gaur egun Gipuzkoako bi eremuta, fracking-a egiteko baimena eskatuta dutelako, eta eskaerak tramitean daudelako. Madrildik baimen eskaera martxan dago, eta ikertu beharra dute prozedura legala segitzeko. Bereziki, Gipuzkoako lurralde osoaren %40an eragiten du. Urola Kosta eskualdean ere eragina daukala diozue, zergatik? Esan bezala, Gipuzkoarako bi gunetarako baimena du eskatuta Shesa enpresak; enpresa erdi publikoa da, eta baimenak eskatzen dituena da. Baimenetako bat, Sustraia eremurako du eskatuta eta bestea da Landarre eremurako. Sustraiakoak Eibar, Soraluze, Bergara, Azkoitia, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Legazpia eremuak hartzen ditu, 373 kilometro koadroko eremua. Landarrek, berriz, Azkoitia, Deba, Zestoa, Azpeitia, Zumarraga, Aia eta Asteasu ingurua hartzen du, 560 kilometro koadro. Biak batuz gero Gipuzkoaren %40 hartuko luke. Ondorioz, besteak beste, ura kutsatzeko arriskua egongo litzateke, eta hor daude Deba, Urola eta Oria ibaiak arriskuan. Baina, baimena zertarako dute eskatuta? Baimena lortuz gero, prospekzioak egin eta erabiltzeko aukera daukate. Baimena emanez gero, arazoa kontrolaezina da. Gasa ateratzeko putzuak martxan jarriko dituzte bai batean, bai bestean; baimena lortzen dutenean, hori egiteko aukera izango dutelako. Gainera, bi eremuetan esplotazioak 2015-2016an hasteko aukera aurreikusi dute baimena eskatzeko orduan. Gaur egun baimena lortzeko zain daude orduan. Bai, baimenak esploraziorako eta esplotaziorako izango lirateke. Ez dute desberdintzen, baimena eskatzen dute esploraziorako, baina benetan baimena gasa ateratzen hasteko dute eskatuta. Ez dute esaten proba bakarrik egingo dutenik. Arriskua ikusten badugu, proba zergatik egin behar den, hori diogu guk. Hainbat tokitan haustura hidraulikoa debekatuta dago. Non? Frantzian debekatuta dago, baina baita Kantabrian, Errioxan, Nafarroan eta Katalunian ere. Gainera, hainbat alderdiren proposamenen bidez onartu zuten debekatzea, ez da alderdi ezkertiar edo ekologisten eskariz debekatu. Kasu batzuetan PPren proposamena izan da fracking-a debekatzea. Fracking-a debekatzeko herri ekimen legegilea abiatu duzue horren kontrako hainbat plataformek. Zein da zuen helburua? 30.000 sinadura biltzea dugu helburu, eta erdia baino gehiago bilduta ditugu dagoeneko. Hasierako lana, informazioa zabaltzea izan da, gero sinadurak biltzeko. Informazioa zabaldu ahala, jendeak sinatu egiten du. Behartuta ibili gara parlamentura joateko, baina parlamentuan bakarrik bertako alderdiek eztabaidatzeko aukera lortuko dugu. Hala ere, horrek guretzako bi lorpen suposatuko ditu: batetik, herri borondatearen eskaera bat azaltzea, eta bestea prozedura honen lanketa izugarria. Horregatik, guretzat garrantzitsua da, zenbat eta informazio gehiago zabaldu, are sinadura gehiago biltzen ditugulako. Era horretan, haustura hidraulikoari hesi eta oztopo handiagoak jarriko dizkiogu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide