Olatz Izagirre: "Etorkizunari askatasunez begiratzen diot orain"

Olatz Prat 2014ko eka. 12a, 04:00

Olatz Izagirre, atzo arratsaldean Azpeitiko Erdi Kalean (Olatz Prat/Hitza) Absoluzioaren berri izan eta ordu gutxira Urola Kostako Hitza-rekin elkartu da Olatz Izagirre auzipetuetako bat. Dignidad y Justicia akusazio partikularrak helegitea aurkeztuko duela eta, zuhur azaldu da Azpeitiko bizilaguna, baina berria «pozez eta sorpresaz» hartu duela aitortu du: «Motxila gogor bat kendu dut bizkarretik». Nola izan duzu absoluzioaren berri? Denbora asko geunden sententziaren zain, epaiketa amaitu eta segituan aterako zela esan baitziguten. Tentsioa jaitsita, eta ezustean harrapatu gaitu. Whatsap-ean talde bat osatuta daukagu auzipetuok, eta batek jarri du: «40ak libre». Gero irratian entzun dut, deiak hasi dira... Izugarrizko ezustea eta poza izan da. Guztiak absolbitzeak agerian utzi du prozesu honen oinarri falta? Hasieratik esaten genuen, erabili dituzten froga guztiak ekinbide publiko edo jarduera politiko batean aurkitu ditzakezun edozein froga zirela. Bilerak, prentsaurrekoak, manifestazioak... erabat publikoak diren ekitaldiak izan dira. Froga horiek ez zuten inongo zentzurik eskatzen zituzten espetxe zigorrentzako. Finean, helburua argia zen: proiektu politiko bat kriminalizatzea. Behingoz, agerian geratu da froga horiek guztiek ez dutela euskarririk. Oraindik, ordea, jarduera horregatik jendea espetxean dago. Inkomunikazioaldian egindako deklarazioak eta autoinkulpazioak ez dituzte frogatzat hartu. Zer ekar dezake erabaki horrek? Epaimahai honekin, behin edo behin gertatu da inkomunikazio garaian, poliziaren aurrean egindako deklarazioak aintzat ez hartzea, oinarria galtzen zuelako. Epailearen aurrean, berriz, ontzat hartu dira. Kasu honetan, oraindik ez dut astirik izan epaia irakurtzeko, beraz ez dakit nolako jarrera hartu duten, baina bistan da guztiok absolbitu gaituztela. Beraz, pentsatzen dut autoinkulpazio horiek ez zituztela aintzat hartuko, epaiketan zehar entzun izan genituen testigantza gogor horietan agerian geratu zelako eskubide urraketak egon zirela. Horrez gain, torturatzaileek epaiketan deklaratu behar zutenean torturatuak aretoan ez egotea lortu genuen. Hori pausu bat izan zen, eta sententzian ere aitortzen dute eskubide urraketak izan zirela. Nolakoak izan dira azken bost urteak? Zer bukatzen da epai honekin? Motxila gogor bat bizkar gainean eramatea bukatzen da. Beti jotzen duzu aurrera, bizitzan hala egin behar duzulako. Daukazunarekin egiten duzu zure bizitza, baina beti daukazu espetxera itzuliko zarenaren presentzia. Urte eta erdi egon naiz espetxean, eta aurretik gordeta eta Iparraldean egon naiz, torturatua edo atxilotua izateko beldurrez. Orain, motxila hori askatzen duzu, eta etorkizunari askatasunez begiratzen diozu. Hala ere, badakigu Dignidad y Justiciak helegitea aurkeztuko duela, eta ez dakigu zer bide hartuko duen. Esan behar da, behingoz herri honetan indar desberdinak elkartu garelako lortu dela emaitza hau. Ideologia desberdinetako pertsonek halako eskubide urraketak gelditu daitezen eskatzea eta gatazkaren konponbidearen lehen lerroan jartzea zen gure asmoa, eta horrek guztiak eman ditu bere emaitzak. Uste dut herri hau konponbide gosez dagoela, eta epaileei ere gero eta zailagoa egiten zaie zigorrak ematea, nahiz eta oraindik jendea atxilotzen duten. Jasotako babesa garrantzitsua izan al da? Hala izan da. Eskertu nahi nituzke Azpeitiko herri guztia, babesa eman diguten norbanakoak eta ekimenak antolatzen aritu direnak, eta ez daude hitz nahikoa hori guztia eskertzeko. Bide horretan jarraitzeko esan nahi diet denei, hau ez delako azken epaiketa, eta tamalez gehiago egingo direlako. Espetxeetan ere presoek hor jarraitzen dute, eta denak etxeratu arte lanean jarraitu beharko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide