Human: «Kanpoan esan izan digute euskarak baduela metalerako soinu berezi bat»

Olatz Prat 2014ko eka. 11a, 10:30

2011n Children of the Grave taldetik birsortu, eta iaz euren kantuekin maketa atera zuten; ordutik oholtzaz oholtza dabiltza zestoarrak. ‘Trash metal’-a egiten dute, zainetatik zainetara.

Ezkerretik hasita, Luix Garcia, Jesus Perez, Ibon Telleria eta Mikel Telleria.   Euskal metal-ean indartsu sartu dira Human zestoarrak. Iaz argitaratutako Etorkizunarekin Jolasean maketak harrera beroa izan du, eta Euskal Herrian kilometroak egin ostean, espainiar estatuan ere hasi dira zuzenekoekin. Aldaketa batzuen ostean, Ibon Telleriak (gitarrak, ahotsa), Jesus Perezek (gitarra), Mikel Telleriak (bateria) eta Luix Garciak (baxua) osatzen dute, gaur egun, Human. Telleria anaiekin izan da Urola Kostako Hitza. Noiz sortu zen Human taldea? Ibon Telleria: 2011 inguruan hasi ginen. Children of the Grave izeneko talde bat geneukan lehen, Black Sabbath-en omenezko talde bat. Han ikusi genuen, beste batzuen abestiak jotzean abesti kopuru mugatu bat daukazula, eta geure kantuak sortzen hasi ginen. Hor hasi zen Human. Taldekideetan aldaketak izan dira hasieratik hona, azkena asteburuan bertan. I.T.:Bai, abeslaria lehen Iñigo Etxeberria zen, eta Mikel Illarramendi ere egon zen taldean. Luix Garcia zumaiarra sartu zen gero; orain Ecken Scheufler-ek utzi egin du, eta Jesus Perez hasiko da orain, haren ordez. Luix, Jesus eta geu biok gara orain taldekideak. Bertsioak jotzetik zeuen kantuak egitera pasatzeak zer aldaketa ekarri du zuengan? MikelTelleria:Egia esan, lehen ere bertsioak geure erara egiten genituen, geure ukitua emanez. Baina, ikusi genuen sormena mugatzen zigula kantu horiek egiteak. I.T.: Sormena lantzen hasi eta geuk sortutakoal gustukoak atera zirela ikusi genuenean, argi ikusi genuen hortik egin behar genuela aurrera. Estiloari dagokionez, eskola zaharrekoak zaretela diozue. I.T.:Bai, eskola zaharreko trash metal-a egiten dugu. Gure eraginak Sepultura, Testament, Dew Scented edo The Haunted bezalako taldeak dira, baita hasieretako Metallica ere, 80. hamarkadako trash metala da oinarria, ukitu modernoagoak emanda. Euskaraz abesten duzue. Metala euskaraz ez da oso ohikoa, ezta? I.T.:Ez pentsa, orain Euskal Herrian euskaraz abesten duten metal talde mordoa sortzen ari da. Kanpora joan garenean ere esan dute euskarak baduela metalerako soinu berezi bat. Nola ikusten duzue euskal metalaren egoera? I.T.:Oso osasuntsu dago euskal trash metala. Kontzertuetara jende gutxi mugitzen den garaia izanda ere, metala indarra hartzen ari dela nabaritzen da, eta talde asko eta onak daude: Hilotz, Elbereth edo Izu Nauk, esaterako. Metala ez da, ordea, jende asko mugitzen duen generoa, ezta? I.T.:Gaur egun agian ez, baina duela hamabost urte Su ta Gar, Etsaiak eta Kashbad bezalako taldeek jende asko mugitzen zuten. M.T.:Gaur egun, egia da gazteek gero eta gutxiago entzuten dutela musika mota hau. I.T.:Euskadi Gaztean esaterako, garai batean asko entzuten zen euskal metala edo rock-a, eta gaur egun, berriz, batere ez, zero. Gaur egun pop-a, rocka, indie-a entzuten da, askoz ere eredu komertzialagoa jarraitzen dute. Egia esan, faltan botatzen dugu gazteen erreferentzia den irrati kate horretan euskal metalak bere lekua izatea, euskal musikak orokorrean. M.T.:Badira metala jorratzen duten irratsaioak, Info7 irratiko Burdinola saioa, esaterako. Baina, oso adibide gutxi daude. I.T.: Ez metalari, ez euskal musikari, ez zaio ematen eman beharko litzaiokeen presentzia. Zein da zuen zuzenekoen ibilbidea? M.T.:Orain arte hemen inguruko gaztetxeetan jo dugu gehienbat, gertuko lekuetan. Baina, manager batekin hasteko beharra ikusten genuen, ateak zabaltzeko batez ere. I.T.:Bai, urte hasieran hasi ginen managerrarekin eta Euskal Herritik kanpo ere kontzertu asko ematen ari gara orain: Zamoran eta Santanderren (Espainia) nahiz Igualadan (Katalunia) jo dugu, eta orain Errioxan (Espainia) eta Bartzelonan (Katalunia) kontzertuak lotzen ari gara. Gipuzkoan ere pare bat data garrantzitsu lotuak ditugu, baina ezin dugu gehiago aurreratu. Disko baterako asmorik bai? M.T.: Orain, udara begira, maketa mugitzen segitzea da gure helburua, kontzertuak ematea. I.T.: Oso harrera ona izan du, egia esan, maketak. Horregatik, gure asmoa da udako kontzertuak pasa ostean, udazken aldera disko bat grabatzea, formazio berriarekin. Argi dagoena da, hainbeste talde egonik, hemen jendeak segi zaitzan beharrezkoa dela gauza berriak ateratzea. Herriko Burdina metal webzineak urteko hiru maketa onenen artean sartu zuen gurea, eta orain lehen aldiz egin behar duten Basque Metal Country bilduma digitalerako ere aukeratu gaituzte. Patana Fest-en aritu zarete joan den asteburuan. Zer moduz han? M.T.:Oso ondo, etxean babes horrekin jotzea beti da ederra. I.T.:Berezia izan zen, gainera, Eckenen azken konztertua izan zelako. Agur hunkigarria izan zen, oholtzan geure artean egon zen giroa eta begiradak bereziak izan ziren. Jende dezente hurbildu zen ikustera ere, eta egia esan oso gustura gelditu ginen. Antolatzaileei ere eskertu behar diegu horrelako jaialdi batean parte hartzeko aukera ematea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide