Jon Carazo.
[
Sasoian.info] Orioko arraunlari Jon Carazo (Barakaldo, 1990) Belgraden (Serbia) izan da asteburuan, arraunketa olinpikoko Europako Txapelketan. Espainiako selekzioaren zortziko ontzian lehiatu da, eta bederatzigarren postua lortu dute.
Gustura geratu al zarete egindako lanarekin?
Bai. Talde oso gaztea garen arren, nazioartean punta-puntan dauden taldeei aurre egin ahal diezaiokegula erakutsi dugu. Ondorioz, Espainiako Federazioaren konfiantza lortu dugu, eta abuztu bukaeran Amstedarmen izango gara Munduko Txapelketan. Gainera, egindako lan onari esker, Britania Handiko Federazioak uztaila hasieran Henley Royal Regatta estropadan parte hartzeko gonbita luzatu digu. Munduan sona handia duen estropada da
Txapelketa txukuna jokatu zenuten, zuen marka hobetuz. Tamalez, ezin izan zenuten final nagusira sailkatu.
Bagenekien aspalditik zein talderen aurka neurtu beharko genituen indarrak, eta jakin bagenekien finaleko txartela lortzea oso garestia izango zela. Errepeska ikaragarria egin genuen, eta finalera sailkatzetik lau segundora geratu ginen. Sentsazio onarekin eta asebeteta bukatu genuen estropada, eta nahiz eta B finala jokatu beharko genukeen, edozein talderen aurka aurrez aurre lehia gintezkeela ikusi genuen.
Europako Txapelketa Olinpiar Jokoetarako atari modukoa izan da. Hori al da zortzikoaren helburu nagusia?
Zalantzarik gabe, luzera begira guztiok dugun helburua da hori. Dena dela, oraindik hitzordu asko ditugu bidean, eta bitartean talde gisa hazten eta sendotzen joan behar dugu.
Hori guztia kontuan izanda, nola egituratu duzue denboraldia?
Elkarteen arteko lehiei dagokionez, oraindik Espainiako Txapelketa geratzen zaigu; Orioko zortzikoarekin jokatuko dut hori. Nazioartean, aipatu Henley Royal Regatta jokatuko dugu uztaila hasieran, eta hil horren erdialdean, agian, Lucernako (Suitza) Munduko Kopan hartuko dugu parte. Hori guztia, abuztuaren 24tik irailaren 1era Amsterdamen (Herbehereak) jokatuko den Munduko Txapelketara begira izango da.
Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukerak ikusten al dituzu?
Helburu hori buruan dudala entrenatzen naiz egunero. Badakit oraindik nahikoa gaztea naizela, baina aukera erreala da, eta dudan guztia emango dut datorren urtean Rio de Janeiron egoteko.
Hitz egin dezagun zutaz. Bizkaitarra zara, eta Orioko arraun taldeko kidea, baina Sevillan (Andaluzia, Espainia) entrenatzen duzu.
Hamabi urterekin hasi nintzen arraunean Santurtziko Itxasoko Ama elkartean. Jubenil mailatik Espainiako selekzioarekin hasi nintzen lehiatzen. Senior kategorira iritsi nintzenean Sevillara joan nintzen bizitzera, selekzioko taldeak bertan entrenatzen duelako. 2012tik joan-etorrian ibiltzen naiz; hiru aste han eta bat etxean. Urtarrilean heldu nintzen Oriora, Santurtziko zuzendaritzak taldetik bota gintuenean Ander Zabala eta biok. Izan ere, aulki mugikorra utzi eta trainerura buru-belarri jartzea nahi zuten haiek, eta guk ez genuen hori onartu.
Pentsatu al duzu Orion bi modalitateetan aritzea, hau da, aulki mugikorrean eta traineruan?
Noski baietz! Une honetan, ordea, ez ditut bideragarri ikusten, egutegiak ez direlako bateragarriak. Denbora gehien Sevillan pasatzen dut, gainera. Bestalde, ni sekula ez naiz traineruan aritu, beraz, egokitzeko eta esperientzia hartzeko denbora beharko nuke. Hala ere, badakit traineruan ikasteko elkarte onenean nagoela.