Felipe Juaristi: "Bizitzaren aldeko aldarria da"

Ane Olaizola 2014ko api. 10a, 05:18

Felipe Juaristi idazlea. Felipe Juaristi (Azkoitia, 1957) idazleak gorputzari heldu dio bere azken liburuan, «gizakiaren haragitzea» delako gorputza. Mezu positiboa eman nahian, Piztutako etxea zazpigarren poema liburua (Erein) kaleratu du. Madrilgo (Espainia) La casa encendida kultur zentroan idatziak dira. Giza pasioetara jo duzu oraingoan. Zer dela eta? Saiakera egin nahi nuen giza pasioei buruz. Giza pasioak tristeziatik eta poztasunetik sortzen dira; garrantzitsua da jakitea zeintzuk diren pasio onak eta txarrak, poza eta tristura dakartenak. Saiakera moduan egiten hasi nintzen, baina ikusi nuen espresibitate aldetik galdu egiten zuela. Orduan, poesiara jo nuen. Hogei poema dira, eta bakoitza hautsita dago. Hori da errealitatearekiko dudan irudipena. Eleberrista batek finkatutako datuak hartu eta batez ere pertsonaiak deskribatzen ditu. Saiakerak, berriz, hortik ateratzen diren ondorioetan sakontzen du, baliagarriak izan daitezkeenak. Poesia, ordea, begirada da. Poetak begiratzen dio gertatutakoari, eta bere ikuspegitik egiten du lana; errealitatearen gainean eraikitako 20 koadro dira. Liburuan sarri aipatzen dituzu odola, haragia... Gorputzaren aldeko aldarria al da? Gorputzaren aldeko aldarrikapena, gizakiaren aldeko aldarrikapena da. Beti bereizi izan dira gorputza eta arima, baina uste dut guztia gorputza dela. Gorputzak adierazten ditu sentipen guztiak. Pentsamendua ere gure gorputzetik ateratzen da, burmuina gorputzaren zati bat da. Kristautasunak beti egin du bereizketa hori. Badakit hil ondoren ez dagoela ezer, baina horrek ez du esan nahi sekula hilko ez bagina bezala bizi behar dugunik. Badago munduan egoteko modu bat, inorri kalterik egin gabe eta norberak bere bizia aurrera eramanez. Esperantzari, desioari buruz hitz egiten dut; poesia beti saiatu izan da norberaren barrua, arima, deskribatzen; hemen ez. Hemen gorputzaz hitz egiten dut. Ez poesia erotikoari erreferentzia eginez, gorputza, pasioen bide bezala ulertuta baizik; pozik egotean, aurpegian antzematen da; maiteminduta egoteak, beste arintasun bat ematen dio gorputzari. Alaitasunaren aldeko aldarri bat da. Poetak tristea eta melankolikoa izan behar duela irudikatzen digute askotan, baina ez dago zertan hala izan. Hobe da jendearen aurrean alai azaltzea. Triste dagoenak, oso gutxi aportatzen du. Bere barruan ixten da eta ez du ezer jakin nahi munduarekin. Gizakiok behar dugu harremanetan jartzea besteekin. Hori da gizatasuna. Zergatik ahaztu gara gorputzaz? Gorputza gauza zikinarekin lotzen da. Gorputzaz gogoratzen gara gure beharrak egin behar ditugunean, gaixo gaudenean edo sexu kontuetan. Bitartean, firin-faran ibiltzen gara, baina gorputza gizakia definitzen duena da. Gorputzik gabe ez gara ezer. Piztutako etxea Madrilen idatzi duzu. Zergatik? La casa encendida zentro sozial eta kulturalean idatzi dut, hortik dator liburuaren izena. Metafora gisa erabili daiteke; piztutako etxea, erretzen ari den etxea izan daiteke. Erre daiteke, baina berriro eraikitzen da. Bizitzaren aldeko aldarrikapena da hau. Daukaguna bizitza da, eta bizitza poza da, besterik ez daukagulako. Halako mezu bat ematea, beharrezkoa al da gaur egun? Bizitza da beharrezkoa, hortik aurrerakoa guk aukeratzen dugu. Bakoitzak erabakitzen du zer mezu eman. Egiten dugun guztiaren errudun eta erantzule gara, eta uste dut egungo egoeran argi pixka bat erakustea hobe dela, iluntasuna baino. Egoera honen aurrean triste eta ezkor jartzeak ez gaitu hobeago egiten. Ez du irtenbiderik ematen. Gauzak gaizki daude, baina konpondu ditzagun. Nire apostua hori da. Gauza askok markatzen dute gure bizitza; politikak, kulturak, maitasunak. Argi dut maitasuna politikatik ihes egiten duen pasioa dela. Bizitza oso aberatsa dela iruditzen zait, bere gorabeherekin. Bizitzaz hitz egitean, zoriontasuna aipatzen da. Zoriontasuna gauza gutxi esaten duen hitz handia da; zoriontasuna ez dagoen zerbaiten zain egotea da, esperantza eta beldurra bezala. Horiek ez daude; guk sentitzen ditugu. Beraz, hobe da egunerokotasuna bizitzea. Askotan ez diogu garrantziarik ematen benetan balio duen denborari: orainari, alegia. Euskal Herrian idatzi izan bazenu, emaitza desberdina izango al litzakete? Bai. Ez dakit hobea edo txarragoa, baina desberdina. Madrildik, distantzia batekin idatzi dut. Ez bakarrik distantzia fisikoarekin, hizkuntzarenarekin ere bai. Benetan ahaztu nahi dituzun kontuetan zentratzen zara. Hemen idatzi izan banu, beste ikuspegi bat emango nuke, eta ziurrenik sartu ditudan kontu batzuk ez nituzkeen jorratuko. Orain arteko lanik sakonena  al da? Hala esango nuke. Ez dut oraindik baztertu saiakera idaztea; gogoa badut. Idazten dugu maitasuna adierazteko; idazketak maitasuna izan behar du. Hala eginda, gauzak beste era batera ikusten dira. Hitzak aukeratzea da garrantzitsuena, eta lasaitasuna behar da horretarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide