Fernando Saunders.
Rockaren historia idatzi duten musikari handien ondoan egon da beti Fernando Saunders (Detroit, AEB). Nagusiki Lou Reed-en baxu-jotzaile izan zelako ezagutzen du jende gehienak, nahiz eta artista ugarirekin elkarlanean aritu den, dela musikari bezala, dela ekoizle modura. Azkenaldian, bakarkako bideari heldu dio berriro ere, eta
Happiness diskoaren aurkezpen biran murgilduta dabil. Etzi, Zarauzko Modelo aretoan ariko da, 22:00etan hasita.
Diskoaren izenburuari ohore eginez, nondik dator zoriontasunaren kontzeptu hori?
Zoriontasuna galtzeari eta berriro ere aurkitzeari buruz dihardu diskoak. Bizitzako gorabeheren ingurukoa da; egun hobeagoen eta itxaropenaren zain geratzea bezala, alegia. Diskoan Lou Reed, Suzanne Vega eta Jan Hammer artistek kolaboratu dute, baita Txekiar Errepublikako folklore -musikariek ere. Niri dagokidanez, abeslari, baxu-jotzaile eta gitarrista gisa hartu dut parte.
Noiz sentitu zara zoriontsuago: diskoaren sortze prozesuan ala orain jendaurrean zuzenean aurkezten?
Sortze prozesua une ederra eta erlaxagarria izan zen. Jendea umore onez jartzeko asmoz egin nuen diskoa, terapia moduko zerbait balitz bezala. Diskoetxeak askatasun osoa eman zidan diskoa sortzerako orduan, eta hori dela-eta, abesti batzuk modu instrumentalean grabatu ditut. Egia esan, gogotsu nago
Happiness-eko abestiak zuzenean jotzeko.
Lan aberatsa da musikalki: popa, rocka, soula... baita elektronikoa eta klasikoa ere. Itsaso guztietan igeri egiten jakin behar al da?
Musikaren norabide guztiak maite ditut. Kolore ezberdinekin margotzea edo osagarri ezberdinekin sukaldean aritzea bezala da. Esaterako, doinu elektronikoak organikoekin nahastea gustatzen zait; hau da, bi mundu ezberdin bateratzea. Entzule zabalago batengana iristea ahalbidetzen dizuten doinuak dira; adibidez, musika elektronikoak presentzia handia du musikaren esparruan. Modu egokian erabiliz gero, gustu handiz margotu dezakezu zure musika. Mundu elektroniko batean bizi gara, doinu elektronikoz inguratuta, eta egun nire bizitzaren parte garrantzitsua da. Dena dela, doinu analogikoak eta zuzeneko grabazioak ere oso inportanteak dira. Zuzeneko musikak beti izango du indar gehiago.
Kontzertuetarako hainbat lagun elkartu dituzu. Zein formatutan etorriko zara biran?
Bira honetan alboan izango ditudan musikariak bakarrak bezain bereziak dira. Olivier Lee gitarrista hungariarrak, esaterako, Europako gitarra-jotzaile onenaren saria jaso du; Dalibor Mraz bateria-jotzaile txekiarrak, nire ustez, sekulako etorkizuna du, eta Jiri Zabystrzan teklatu-jotzaileak, azkenik, talentu berezia du. Nazioarteko musikariak eta estatubatuarrak nahasten saiatzen naiz. Horrela, musika askoz ere internazionalagoa bihurtzen da. Nire ibilbidean euskal musikari handiekin lan egiteko aukera izan dut, dela nazioarteko jaialdietan, dela grabazioetan.
Zer-nolako harremana duzu aipatu musikariekin eta, oro har, euskal musikagintzarekin?
Ruper Ordorikarekin, bere anaia Jonanekin [soinu teknikaria] eta Rafa Rueda bezalako euskal musikariekin oso harreman ona dut. Familia giroa, hain zuzen ere. Euskal Herrian etxean bezala sentitzen naiz, eta bake sentipena izaten dut.
Gure gastronomiak ere erakartzen zaituela dirudi.
Hoberena janaria da... eta konpainia onarekin are hobea! Jonan Ordorikaren emaztea sukaldari bikaina da. Zalantzarik gabe, itsaskiak eta mamia ditut gustukoen.
Lau hamarkada daramatzazu musikagintzan, eta honakoa zure bakarkako laugarren lana duzu. Beste musikari batzuekin konparatuta oso kopuru txikia da. Zorrotzegia al zara zeure buruarekin?
Oso zorrotza naiz, eta nire denbora hartzea gustatzen zait. Nolanahi ere, beste musikarien –Lou Reed , Jeff Beck, Jan Hammer, Tony Williams, Bohannon eta abar– proiektuetan eta biretan murgilduta ibili naiz orain arte, baita beste artista batzuk ekoizten eta haientzat musika egiten ere. Ondorioz, ez dut asti gehiegi izan neure bakarkako bideari heltzeko. Orain, ordea, argi guztiak nire proiektuei begira jarri nahi ditut.
Baxu-jotzaile birtuosotzat jotzen zaituzte.
Ohore bat da niretzat baxu-jotzaile birtuoso gisa onartu izatea. Biziki eskertuta nago musikari modura bizi ahal izan dudalako, eta gauza bera opa diet etorkizuneko musikariei ere. Izan ere, ametsak egi bilakatu daitezke. Gainera, musika jotzerakoan ez dut gehiegi pentsatzen; bihotzak esaten didana jarraitzen dut.
Makina bat elkarlan egin duzu Lou Reed, Jeff Beck, Eric Clapton edo Marianne Faithfull-ekin. Erosoago sentitzen al zara besteen ardurapean?
Bi aldeetan sentitzen naiz eroso. Lou Reed eta Marianne Faithfull bezalako artistek nire beharra izan dute beren lanei zentzua bilatzen laguntzeko, eta horregatik askatasun artistiko osoa eman izan didate. Iritzi ona izan dute nire doinuaren inguruan, eta doinukera berri bat ematen lagundu diet. Musikari laguntzaile on batek liderra bera handi egiten duela esan izan didate.
Eta sortzeko garaian, erraza al da haiena albo batera uztea eta norbere kezka musikalak azaleratzea?
Ideiak eman izan dizkidate, baina sortzaile, musikari eta ekoizle naizen aldetik, neure norabidea jarraitzen dut. Detroit-ekoa naiz, eta Motown-etik dator nire musika sormen guztia. Gainera, musikari familia batetik nator. Musikari gisa, asko ikasi dut Jan Hammer, Larry Young eta Bohannon-ekin. Lou Reed-ek eta Marianne Faithfull-ek zabaldu dizkidate letretarako ateak, eta nik musikarako ateak zabaldu dizkiet.
Lou Reed-en ondoan ezagutu zaitu jende gehienak...
Bai. Munduan jende askok ezagutzen nau Lou Reed-en musikari izan naizelako. Hala eta guztiz ere, Jeff Beck, Steve Window, Marianne Faithfull, Kip Hanrahan, John McLaughlin edo Bohannon bezalako artistekin jo izan dudalako ere ezagutzen naute. Nire zale berriek, adibidez, abeslaritzat naukate, ez baxu-jotzaile bezala, eta hori nahiko xelebrea da. Murgilduta zauden musika esparruaren araberakoa izan ohi da ezagutza hori. Nire kasuan, musika norabide guztietara nago zabalik, eta nire diskografiak agerian uzten du hori.
Happiness diskoan The Velvet Underground taldearen Jesus abestia berreskuratu duzu, eta Lou Reed-ek berak abestu zuen. Nola sortu zen bertsioa egitearen ideia?
Lou Reed-en kontzertu guztietan interpretatzen genuen abesti hori. Behin batean,
I will Break your fall diskoa promozionatzeko zuzeneko bat eskaini nuen irrati kate batean, eta Reed bera gonbidatu gisa etorri zen. Bertan jo genituen abestien artean
Jesus zegoen, eta grabatu egin ziguten. Denbora bat pasa ondoren, abesti hura berreskuratu, nahastu eta ekoiztea erabaki nuen, Radio Rai kateko Giovanni Pollastri soinu teknikariarekin. Egia esan, ohore handia izan zen niretzat bere azkenetako grabazio bat nire diskoan txertatzea. Beste zuzeneko grabazio batzuk ere baditut aipatutako irratsaio horretakoak Reed-ekin batera, eta aurrera begira argitara eman nahiko nituzke. Elkarrizketa bat ere badut, hark niri egina.