Bostekoa: Jesus Mari Olaizola Txiliku
Bankuez arituko naiz gaur, baina gero eta gutxiago ikusten diren egurrezko eserlekuez, eta ez guk utzitako diruak oker erabiltzen dituzten beste bankuez.
Ez dakit zerk bultzatuta (idazle lanetan aritzeak dakarren gaitzen bat izango da, beharbada) bakardadearen gozo-mikatzak dastatzera joaten naiz maiz Iturrarango parkera; eta, bide batez, hango zuhaitz eta landare bildumaren edertasunaz gozatzera.
Iturrarango parkean, gora eta behera dabilen jende urriaren atsedenerako, hainbat eserleku daude, antigoalekoak, egurrezkoak. Denak ere atsegin handiz hartzen dira nekearen eraginez haietakoren bat irrikatzen dugunean, baina banku horietatik bik bihotzaren alozak ukitzen dizkidate.
Batean plakatxo bat dago, honela diona:
Joseba Plazaola (1970-2006)
"Zure irribarrearen itzalean gu,
gure oroimenean beti zu".
Bizitza honetatik beren borondatez joan direnek beti uzten digute halako hondar mingotsa oroimenean: gure adiskidearen izaera sakona behar bezainbat ez ezagutu eta haren alde egin genezakeen guztia egin ez ote genuen susmoa edo zalantza. Mingots hori sumatzen dut neuk ere eserleku hori ikustean.
Horrez gain, bada parkean kilimak sortzen dizkidan beste eserleku bat, eta horrek ere badu bere plakatxoa, distira galtzen hasitakoa, baina oraindik irakur daitekeena.
"In loving memory"
of Vanessa Ridge (1955-2004)
Horrela dio gazte hildako Vanessa Ridgeri maitasun-oroimenez eskainitako eta parkeko txoko egutera batean jarritako eserlekuak. Berrogeita bederatzi urterekin eta norbaitengan maitasun-hutsunea utzita joandako emakume bati eskainitako maite-oroitza.
Eserlekuaren albo batean Kniphofia tysonii izeneko landare baten uzta-makilak daude, zutik. Hegoafrikatik ekarritako loreak dira, non dauden konturatu ez direnak. Udazken bukaeran loratzen dira sugarraren antzeko lore multzo kolore biziak osatuz, eta negu gorrian ematen dute uzta; Euskal Herrira moldatu ez diren etorkinak dira.
Duela hilabete batzuk plakako idatzia eta lore hori-gorriak aurkitu nituenean haiku bat osatu nuen neure bururako, haikuen lege zaharrari jarraituz (5/7/5 silaba), gaur hemen idatziko dudana:
Eserlekuak "maite-oroitza" dio; loreak, sugar.
Natorren, ordea, harira. Alde batetik, eserleku dedikatuak, haikuak, lore atzerritarrak… denak du halako kutsu kurtsia, ia likatsua egiten zaiguna sentimendu kontuetan hain lehor agertzen omen garen euskaldunoi; baina, bestetik, inbidiaren ziztada bat sentitzen dut Vanessaren eserlekuan eserita. Norbaitek maitasunez oroitzen du eta, kurtsi agertzeko beldurrik gabe, adierazi egin du (denen aurrean izena azaldu ez badu ere).
Gauza batek beste dakarrenez, bankuak ekarri dit burura abesti bat honelaxe dioena: "Gogoratu al naiz azkenaldian maite zaitudala esatea?". Eta aspaldian ez diedanez horrelakorik esan maite ditudanei, bururatu zait "izan nadin kurtsia, egin dezadan publikoki, Bostekoa-n idatziz". Beraz, horixe esan nahi dizuet, emazteari, seme-alabei, amari, anai-arrebei, familiako guztiei, adiskideei, ingurukoei…: "Maite zaituztet".
Egia esan, pittin bat ernegatuta nengoen entzuteaz euskaldunok, eta bereziki gizonezkook, zein lehorrak eta zokor-mazoak garen gure sentimenduak agertzeko garaian, eta pulpitu honetatik diot lehorrak baietz, baina ez hainbeste.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide