Jairo Zabala, Depedro musikaria: "Abestiak nireak izatetik pixkanaka publikoarenak izatera pasatu dira"

Aritz Mutiozabal 2014ko ots. 11a, 08:37

«22 urte daramatzat biran, geratu gabe». Erraz esaten badu ere, Jairo Zabala (Madril, 1973) musikariak jakin badaki mordoxka bat badela. Vacazul taldean aurrena, Amparanoiarekin ondoren, eta gaur egun Depedro bezala. Argi utzi du Realeko futbolari ohiarekin zerikusirik ez duela, abizen euskalduna badu ere. Hala ere, gustura etortzen da Euskal Herrira, eta igandean Azpeitian Sanagustin kulturgunean ariko da, La increible historia de un hombre bueno lana zuzenean aurkezten. Saioa 19:00etan hasiko da, Joseba Irazokiren emanaldiarekin. La increible historia de un hombre bueno zure erretratua al da? Inolaz ere ez. Izenburu literario bat da, eta bertan heroi anonimoei egiten diet erreferentzia. Ehundura soziala eusten duten pertsona horiez ari naiz. Komuninate sentimendua oso presente dute, eta uste baino gehiago dira. Gainera, egun bizi ditugun garai latz hauetan areagotuz doaz. Nahikoa da begira jarri eta hor daudela konturatzea. Antiheroiei eskainitako diskoa dirudi. Horrela al da? Alderantziz, heroiei eskainitakoa da. Niretzako heroi bat ez da kapa bat soinean duen pertsona, hil bukaera iristen ahalegintzen den familia bat baizik. Depedroren proposamen musikalak denetariko doinu, estilo eta joerak jasotzen ditu. Baina, agian, disko honetan nabarmenagoa da hori. Ikusmin handiko musikaria naiz, beti ikasteko prest, eta kolore horiek guztiak nire sormenetan barneratu nahi izaten ditut ondoren. Dena dela, doinu berri horiek nirea gaindi edo estali ez dezaten ahalegintzen naiz. Abesti bat gustatu arren, gitarrarekin edo pianoarekin ezin badut defendatu, ez dut diskoan barneratzen. Xehetasun ugari eman diezaioket abestiari, baina betiere nire esentzia ezkutatu gabe. Nazioartean sona duten hainbat artistek kolaboratu dute zure azken lanean. Horrek eraginik izan al du azken emaitzan? Jakina baietz. Beste musikari batzuekin kolaboratu eta elkarlanean aritzeko aukera dudanean haiena den zerbait atzematen dut. Eragin horiek agerian geratzen dira diskoan, eta hori ukaezina da. Norbaitek zure musika interpretatzen duenean beste ikuspuntu bat ematen dio eta, aldi berean, aberastu egiten du. Tony Allen (Fela Kuti), Nick Urata (Devotchka), Calexico eta Bernard Fanning (Powderfinger)dira artista horietako batzuk. Zoragarria izan da haiekin lan egitea. Oso eskuzabalak izan dira beren talentua partekatzerakoan, eta haiekin izandako enkontru bakoitzeko oroitzapen ederra dut. Calexicoko kideak, esaterako, bidaide ditut eta gehiagotan ikusten ditut, baina beti da interesgarria haiekin gauza berriak sortzea. Gainera, beti hartzen dute nire proiektuan aritzeko tartetxoren bat. Zaila izan al da artista guztiak koordinatzea eta zuzentzea sortu nahi zenuen hori behar bezala islatzeko? Asko bidaiatzen dudanez, kontzeptuak bateratzen saiatzen naiz; hau da, bira baliatzen dut, tokian tokiko artistekin elkartzeko. Tira, salbuespenak ere badira. Tony Allen-en kasuan, Parisera joan nintzen harekin grabatzera. Gainerakoan, ez da batere zaila izan haiek gidatzea. Musikaria gero eta handiagoa izan, orduan eta errazagoa izaten da elkarlana. Askatasun osoa eman al diezu, ala irizpide zehatzak jarraitu dituzte? Nik norbaitekin kolaboratzen dudanean ez didate araurik finkatzen, eta, horrenbestez, nik ere ez dut halakorik egiten. Haien jotzeko modua gustatzen zaidalako jarri naiz beraiekin harremanetan. Azken finean, behartu gabeko saioetan sortzen da kolaborazioen benetako magia. Lan freskoa eta baikorra da, poetikoa eta hausnarketarako bide ematen duena. Zure ibilbidean mugarri izango dela irizten al diozu? Aurrera jarraitzeko eta gauza diferenteak egin ahal izateko aukera eman didan disko bat da, zalantzarik gabe. Disko bakoitzean dudan guztia ematen dut, ahalik eta ondoen atera dadin. Kasu honetan, ohartu naiz Depedrok bere tokia bilatu duela musikaren komunitatean. Abestiak nireak izatetik pixkanaka publikoarenak izatera pasatu dira, eta hori oso polita da. Duela hilabete gutxi iraupen laburreko Casualidades lana argitaratu duzu. Diskoaren jarraipen gisara? Bai, diskoaren epilogo moduko zerbait da. Grabazio prozesuan hainbat material geratu zitzaidan zintzilik, eta horiek iraupen laburreko disko honetan jaso nahi izan ditut, osagarri moduan. Bertan, gainera, bertsio berriak egin ditut, esperimentatuz eta beste begi batzuekin ikusiz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide