Aitziber Estonba, sexologoa (Aritz Mutiozabal)
Zarauzko Parekidetasun Sailak antolatuta,
Seis sesiones de sexo filma izango da ikusgai bihar, 19:00etan Modelon. Aitziber Estonba Zarauzko Sexu Aholkularitza Guneko arduradunak aurkeztuko du, eta emanaldiaren ondoren
Ezintasun fisikoa eta sexualitatea izeneko solasaldia gidatu. Doan izango da.
Zeri buruzko filma eskainiko duzue?
Dibertsitate funtzionala duten pertsonen sexualitateari buruzko lana da. Askotan, haurrei moduan, kendu egiten diegu sexualitatea, eurena ez balitz bezala. Horregatik elkartu eta erotika bat izateko eta sexu harremanak edukitzeko eskubidea aldarrikatzen hasi dira.
Beste hainbat gai ere lantzen du filmak, ezta?
Bai, besteak beste, sex subrogate edo sexu laguntzaileen papera. Horiek ematen diete aukera ezintasun fisikoa duten pertsonei modu osasuntsu, goxo eta higieniko batean sexu esperientzia bat bizitzeko. Eta hor morala sartzen da. Prostituzioa al da hori? Interesgarria da, gai asko jorratzen dituelako. Hausnarketarako baliagarria da.
Ezintasun fisikoa eta sexua bateraezinak direla pentsatu ohi da.
Bai, izan ere, oraindik ere sexualitatea harreman genitalekin soilik lotzen da. Hain zuzen, sexu laguntzaileak gorputzeko beste atalekin ere gozatzen eta orgasmora iristen erakusten dio protagonistari. Mugatu gara bakarrik atal genitalera; hori da egun gizartean dugun sexualitate eredua: genitalak, sarketa... Horrek ere eragiten die ezintasunen bat dutenei. Zergatik horiek ezin dute euren gorputzarekin gozatu? Zergatik ezin dute harreman batzuek ematen duten afektibitatea, ziurtasuna, goxotasuna bizi? Sexualitatea ez da soilik genitala, gorputz osokoa baizik. Nahiz eta izugarrizko ezintasuna izan, filmeko gizonezkoaren antzera, desioa sentitu eta zenbaitetan gorputzak ere erantzuten die.
Terapia moduko bat egiten dute filmean, ezta?
Bai, baina terapia baino zerbait gehiago da. Gizon horrek harreman bat bizitzea lortzen du, baina ez berak bakarrik. Beste pertsona nola sentiarazten duen ere islatzen du filmak, harremana eta lotura sortuz.
Sexualitatea zabala da. Askotariko gaiak lantzen jarraituko al duzue halako ekintzekin?
Bai, aurreko filmarekin sexua hirugarren adinean landu genuen. Orain hau aukeratu dugu, pil-pilean dagoen gaia baita. Eta hurrengoan sexualitatearekin zerikusia duen bestelako aspekturen bat jorratuko dugu. Modu honetan, Sexu Aholkularitza Gunea ere ezagutzera ematen delako. Sexu hezkuntza egiteaz gain, solasaldia ere egiten dugulako gero. Horregatik, filma ikusi ostean jende gehiago gerturatu izan da zerbitzura. Izan ere, hori da aurten gure apustua: hainbat adinetako jendea gertaratzea. Gazteak etorri ohi dira, baina helduak ez hainbeste. Horregatik lagungarriak dira halako ekitaldiak. Behin ezagutzen nautenean, muga hori puskatu egiten baita.