Ruper Ordorika (Argazkia: Oskar Alegria)
Izarren hautsa,
Sarri sarri,
Ezekielen prophezia eta
Gure bazterrak bezalako euskal abesti ezagunak bere egin ditu Ruper Ordorikak (Oñati, 1956),
Azukre koxkorrak bertsio diskoan. Lan berria aurkezteko aitzakian, Modelo aretoan ariko da kantari larunbatean, 20:00etan hasita. Emanaldia ez du diskora mugatuko. Horiez gain, bere ibilbideko hainbat kantu ere eskainiko ditu. Sarrerak Turismo Bulegoan jarri dituzte salgai, 8 euroan.
Euskal abestien bertsio diskoa da zure azken lana. Nahiko ekimen bitxia dirudi, zuzenekoetan bertsiorik apenas egiten dituzuela kontuan izanda. Nola sortu zitzaizun halako zerbait egiteko gogoa?
Bat-batean etorri zitzaidan gogoa. Orain, diskoa egin nuenetik tarte bat pasatu da, eta konturatu naiz agian aspaldiko asmoa ere bazela. Egia da orain arte ez dudala bertsiorik grabatu, eta kontzertuetan ere nekez egin ditudala, ingelesezko pare bat abestirenak salbu. Halako batez, nire hondar alea jarri nezakeela pentsatu nuen, eta besterik ez bazen, diskoan agertzen diren kantariei nire esker ona erakutsi.
Lagun izateaz gain, taula gaina partekatu duzulako haiekin?
Garai haietan harremana izan nuen haiekin, eta horietako askoren teloneroa ere izan nintzen. Izen handiak ziren ni kantuan hasi nintzenerako, eta izen handiak ez baldin baziren, kantu horiek nire oroitzapenean iltzatuta geratu dira. Diskoa ez da antologia bat. Ez dut esan nahi bertan jaso ez ditudan kantariak onak ez direnik, inolaz ere. Nire gogoan abesti batzuk geratu ziren, eta horiexek bildu nahi izan ditut.
Zure azukre koxkorrak dira, zure oroitzapenean geratu diren abestiak, baina euskal gizartearenak ere izan daitezke. Ez al zaizu iruditzen edonoren oroitzapeneko soinu banda izan litekeela?
Ez dakit. Dena dela, nire helburua ez da hori izan. Niri dagokidanez, musikagintzan egin dudan bidea nekez egin ahal izango nukeen aurrekorik gabe, nahiz eta hasiera hartan aurreko kantagintzarekin haustura handi bat bezala ikusi zuten batzuek. Nolabait ere, haiekiko lotura edo zubia aitortu nahi izan dut. Pentsatu nahi dut haiengandik zerbait hartu nuela, eta beraien abestiak zabalduz, nire puska hor jar dezakedala. Gaur egun ezin daiteke adierazi garai batean Errobi bezalako talde bat ikustea zer zen, edo euskara guztiz debekatuta zegoen mundu batean Mikel Laboa zuzenean ikustea zer zen. Aukeraketa egiterakoan dagoeneko kantuan ari ez diren kantariak edo taldeak, edo behintzat ez lehengo moldean, hartu ditut kontuan. Ganoraz eta askotan talentuz aritu ziren musikariak zeudela transmititzea izan dut xede.
Bertsioak moldaketa libreak izan ohi dira. Jatorrizko bertsioa errespetatu, zure ukitua eman... zeri erreparatu diozu batez ere abestiak egokitzeko orduan?
Begirunez zaintzen saiatu naiz, baita amultsuki ere. Egilearen lekuan jarrita egin ditut, eta ondoren nire alorrera ekarrita ezinbestean. Bertsio disko bat izanagatik ere, ez nuen zertan guztiak jatorrizkotik oso ezberdin egin. Xabier Lete, adibidez, gauzak zehatz eta ongi esaten zituen kantaria zen, eta, alde horretatik, ezaugarri hori zaindu dut. Kasuan kasukoari begiratu beharko litzaioke, baina abesti batzuen moldaketetan urrutira joan baldin banaiz, esaterako Etxahun Iruriren eta Kortaturen kasuan bezala, beste batzuetan lotuago egon naiz jatorrizkoari, kantuek hala eskatzen zidatelako. Batzuekin ez dut inolako zalantzarik izan, eta besteekin, berriz, arakatu egin nahi izan dut.
Hamabi abesti dira guztira, baina segur aski gehiago izango dira zure azukre koxkorrak, ezta?
Gehiago ere izan zitezkeen, bai. Ezohiko moduan grabatzen aritu nintzen: zegokien tartea eman entsegu lokalean, arnasa lasai hartzen utzi, eta gero binaka edo hirunaka grabatu. Urtebete pasatxo eman dut bilduma osatzen eta grabatzen, eta horrelaxe egin dut lan. Diskoan sartzekotan izan nituen batzuk kanpoan geratu ziren. Dozena bat askotxo zela iruditu zitzaidan, eta, azkenean, horiexekin geratu nintzen.
1960ko, 1970eko eta 1980ko hamarkadak gainbegiratzen dituzu. Egungo taldeak ez al zaizkizu deigarri egiten?
Gaur egun ere disko politak egiten dira baina, lehen esandakoaren haritik, dagoeneko beren kantuak bizirauteko ez daudenak ekartzeko gogoa nuen. Gaurkoekin hasi gabe, bazirela makina bat jende: Benito Lertxundi, Antton Valverde, Imanol, Mixel Labeguerie eta abar. Beraz, egungo musikarien alorrean sartu aurretik banuela zer eskaini ikusi nuen.
Zuk atzerriko musikaren eragina baduzu. Bururatu al zaizu bigarren bertsio disko bat egitea atzerriko abestiak moldatuta eta euskaratuta?
Askok galdetzen didate hori, jakinik harreman estua dudala beste hizkuntzetan egin denarekin eta egiten denarekin. Ez dakit...
Azukre koxkorrak diskoak uste baino arrisku handiagoa izan du. Oso alor sastrakatsuan sartzen ari ote nintzen sentipena nuen, baina era berean nire babesa erakutsi nahi nion bertako kantagintzari. Kanpoko musikarien gauzak egiten jende pila bat dabil munduan, eta ez daude gure egoera berean. Denborak erakutsi dit ez naizela horren oker ibili. Alde batetik, diskoak harrera ona izan du; hau da, jendeak erabat erantzun du. Bestetik, etena lotzeko baliagarria izan da; izan ere, euskal munduko hainbat jendek ez zekien Errobi, Koska edo Etxahun Iruri nortzuk ziren. Musikari batzuk desagertzen direnean haiekin eramaten dute beren lanaren uzta, eta nahiz eta diskoetan jasota egon, zoritxarrez abesti horiek ez dute irauten, norbere oroitzapenetan ez bada.
Larunbateko kontzertua diskora mugatuko al duzu, ala zure betiko abestiekin uztartuko duzu saioa?
Diskoaren pieza batzuk joko ditugu, baina ez osorik. Ez nuen nire burua ikusten halako disko bat goitik behera zuzenean jotzen. Ni ez naiz interpretea, eta abesti batzuk barneratu ahal izateko arnasa pare bat aldiz hartu behar izan dut. Abesti horiei tarte garrantzitsua eskainiko diet kontzertuan, baina emanaldia beste esparru batzuetara zabalduko dut.