Hodei Collazo surflaria.
2013 hasieran orkatila lesionatu zuen Hodei Collazok (Zarautz, 1984) eta ondorioz hainbat hilabetez «geldirik» egon behar izan zuen, lehiatu ezinik. Abuztuan egoerari buelta eman eta emaitza onak pilatzen hasi zen. Urtebetean hainbat postu irabazi ditu gazteak: 130. postuan hasi zuen iaz denboraldia, eta 63.ean amaitu du. Bere helburua surfean erregularra izaten jarraitzea da, eta WCT maila gorenera iristea.
Denboraldi berria hastera doa. Nola baloratuko zenuke aurrekoa?
Sentsazio asko izan ditut urtean zehar, gehienbat lesioarengatik. Iaz laupabost hilabete pasatu nituen orkatila gaizki nuela. Eta horrenbeste denbora surfik egin gabe igarotzeak psikologikoki ere eragin zidan. Hasieran ikusi nuen minaren ondorioz txapelketetan ez nenbilela ondo, eta horrek sailkapenean eragina zuela. Horrek kezkatu ninduen; izan ere, ez bazaude lehenbiziko 100 postuen artean ezin duzu proba garrantzitsuenetan,
Prime-tan jokatu.
Gero aldatu egin zen egoera, ordea.
Abuztuan Kaliforniako txapelketa jokatu nuen. Txapelketa hori erabakiorra izan zen. Bertan ez banu emaitza ona lortu izan, ezingo nukeen hurrengo urteko txapelketa erdietan parte hartu. Kalifornian emaitza ona lortzeak bultzada eman zidan. Hortik aurrerakoa bide onetik joan zen. Oso gustura nago lortutako emaitza eta postuarekin.
Zure maila onenean zaude, orduan?
Bai, lehiatzekoan bai. Pasa den urtean txapelketetan akatsen bat edo beste egin izan dut, une egokian leku aproposean ez naizelako egon edo olatu onak ez ditudalako aukeratu. Dena dela, azken sei hilabete hauetatik une onenean nagoela uste dut.
Motibazioz beteta bukatu duzu aurreko denboraldia eta hala hasiko duzu datorrena, ezta?
Bai, pena izan zen zirkuitua Hawaiin amaitzea eta txapelketa gehiago ez egotea. Hala ere, motibazio eta gogo hori gordeko dut, eta ea datorren denboraldia modu hobean edo, behinik behin, pareko hasten dudan.
Zeintzuk dira denboraldi honetarako dituzun helburuak?
Erregulartasun hori mantetzea. Azken sei hilabeteetako joera horrekin jarraitzea, batez ere. Urte osoan erregular mantentzen banaiz, lehen mailan sartzetik gertu egongo naizela uste dut. Zaila da, baina gogoz nago, momentu onean. Hori aprobetxatuko dut.
Txapelketak ongi aukeratzea ere garrantzitsua da, ezta?
Bai. Prime deituriko zortzi txapelketa daude zirkuituan, proba puntuagarrienak, hain zuzen. Badira sei izarreko beste hainbat txapelketa ere. Aurrekoak baino maila baxuagokoak dira, baina finalaurdenetara, finalerdietara edo finalera iritsiz gero, puntu asko pilatzeko aukera izaten duzu. Zailagoa da, txanda ugari gainditu behar dituzulako. Prime-tan, ordea, txanda gutxiago gaindituta ere puntu gehiago lor ditzakezu. Proba horietan emaitza onak lortuz gero, aurrerapauso handia izango da niretzat. Urte osoan ongi surfeatzea izango da nire estrategia.
Non eta noiz hasiko duzu denboraldia?
Otsailean hasiko naiz lehian, Australian. Bi proba jokatuko ditut bertan. Ez dira Prime-ak, ez dira hain garrantzitsuak, baina emaitza onak lortu eta denboraldia ongi hasteko baliagarri izango zaizkit.
WCT zirkuituan sartzea da zure ametsa. Orain hori lortzeko aukera gehiago dituzula uste al duzu?
Azken sei hilabete hauetan aurreko urteetan baino gehiago sinistu dut horretan. Pasa diren urteetan ondo surfeatu dut, ongi jardun dut, baina ez nuen neure burua helburu horretatik hain gertu sentitzen. Azken txapelketa hauetan izandako emaitzak ikusita eta erritmo horretan jarraitzeko aukera izanda, agian lortuko dut goi mailara salto egitea. Nik saiatzen jarraituko dut, borrokatzen.
Lehia geroz eta gogorragoa da. Errealistak izanda, posible al da Hodei Collazo goi mailara igotzea?
Oso zaila da, baina lortu daiteke. Hori dut buruan, baina ez dut uneoro horretan pentsatzen. Nik gauzak ongi egiten saiatzen jarraituko dut. Iaz nola ibili nintzen ikusita, aurten goi mailarako sailka naitekeela uste dut.
Aritz Aranburuk aurten lortu du berriz ere WCT zirkuituan sartzea. Horrek animatu al zaitu?
Bai, Aranburu oso lehiakide ona da. Une zailetan indarra atera eta gainditzea lortzen du. Eta horrek neu ere motibatzen nau. Lagun batek hori lortu izana oso positiboa da niretzat.
Zentzu horretan, Aranbururekin alderatzen zaituztela iruditzen al zaizu? Hark lortutakoa zuri eskatzen dizutela uste al duzu?
Lagunak gara eta ez da inbidia ematen didan zerbait. Ni pozik nago hark lortutako emaitzekin eta WCTra igo delako. Ez dut arerio gisa ikusten. Jendeak alderatu egiten gaitu, hark egindakoak nik ere egin behar ditudala esaten didate. Batzutan belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zait. Ez dut egingo hark egin duelako, nik nahi dudalako baizik. Hala ere, positiboa da jendeak nigan sinestea eta Aritzek lortutakoa nik ere lor dezakedala pentsatzea.
Jendeak maila hori lortzea erraza dela pentsatzen duela uste al duzu?
Jendeak oso erraz hitz egiten du. Zirkuituko 32 postu horietako bat lortzea, ordea, oso zaila da. Postu horietako bat lortzeko borrokan jardutea oso gogogorra da. Agian oraindik surfa oso ezaguna ez delako jendeak pentsatzen du erraza dela lehia, baina ez da hala.
Horrez gain, beste proiektu paralelorik ba al duzu buruan?
Bai. Neguan grabazio ugari egin ditugu, eta oso gustura nago emaitzarekin. Eta aurrerantzean ere halako proiektuak sortzen jarraitzea da nire asmoa. Orain, hain zuzen, dokumental moduko bat egiten ari naiz pasa den urteari errepasoa emateko, lesionatu nintzen unetik hasi eta urteko balantzea eginez.
Ez ditut surfeko bideo tipikoak egin nahi. Hitz egin nahi dut, azaldu nolakoak izan ziren surfeatu ezin izan nuen hilabeteak, sendatzeko prozesua...Surfaz gain, alde gizatiarra ere azaltzea da nire asmoa.