Ignacio Larrañaga, hitzaldi batean
(Bizitza tailerrak)
Hogeigarren mendeko profeta. Hala deitzen zioten Ignacio Larrañaga Orbegozo apaiz kaputxino azpeitiarrari (1928-2013). Bizitza osoa eskaini zion herritarrek «zoriontasunarekin bat egin eta Jainkoa ezagutu eta gizatiartu» zezaten, eta lanketa horren fruitua zenbaezina da. Jainkoaren esperientziaz topaketak saioen sortzaileak milaka lagun elkartzen zituen hitzaldi bakoitzean, eta hark idatzitako liburuak hamaika hizkuntzatara itzuliak izan dira; arlo horretan ez ezik, psikologian ere erabili izan dituzte bere idatziak. Bizitza tailerrak bost kontinenteetan hedatu zituen apaizak, gainera, eta mundu zabalean 18.000 lagun utzi ditu bere mezuak gizarteratzen. Urriaren 28an hil zen Mexikon, eta Santiagon, Txileko hiriburuan, eman zioten lur milaka lagun eta kardinalen aurrean.
Azpeitian, Munategi auzoko Txanton baserrian jaio zen Larrañaga, eta haren irudiak presente jarraitzen du jaiotetxean. Apaizaren argazkiak nonahi ikus daitezke, senideek hari dioten miresmenaren seinale. Han hartu dute Urola Kostako Hitza Mari Carmen Larrañaga arrebak eta Itziar Larrañaga lagun azkoitiarrak. Biek ala biek Bizitza tailerrak eskaintzen dituzte Azkoitian eta Azpeitian.
Txikitatik mutil serioa eta isila izan zela gogoratzen du arrebak. Bederatzi anai-arrebetatik laugarrena zen, eta gaztetxoa zela utzi zuen jaioterria; hamabi urte betetzean kaputxinoen seminarioan sartu zen, eta 1952an apaiz izendatu zuten Iruñean. «Urte hartako abenduaren 28an meza berria Azpeitian eman zuen, eta orduan ezagutu nuen anaia; hamalau urte nituen. Garai hartan ez zegoen oraingo askatasunik, eta soilik gurasoak joaten ziren bisitatzera», kontatu du arrebak. «Jainkoarekin» eduki zituen «esperientziek» misiolari izatera eraman zuten. «Umetatik izan zen oso fededuna. Gure aitak bazuen alde mistiko bat, eta esaten zuen hark eman ziola Jainkoa ezagutzeko bidea». Txilera joan zen 31 urte zituela, eta han eman zituen bizitzaren urte gehienak.
CEFEPAL Latinoamerikarako Ikasketa Frantziskotar eta Pastoralak zentroaren sortzaileetako bat izan zen, eta 1974an sortu zituen Jainkoaren esperientziaz topaketak: «Elizgizonei zuzenduta hasi zen, baina gero eta jende gehiagorengana zabaltzen hasi zen. Herritar xumeei onura asko eragiten zien, eta orduan hasi zituen Bizitza tailerrak», dio azkoitiarrak. 1984an izan zen hori. «Guri elizan ez digute erakutsi Jainkoarekin gozatzen; errezatzen eta beharra dugunean eskatzen erakutsi digute, baina ez berarengana hurbiltzen sendatzeko, gozatzeko eta indarra hartzeko. Ez da erraza, ez da bi egunetan lortzen. Prozesu bat dago horretara iristeko». Hori da tailerren funtsa. Lagunaren arabera, tailerrak besteenganako errespetuan daude oinarrituta, eta Jainkoa bera ezagutu eta hitza ulertu dezaten prozesua eramaten dute. «Otoitzen eta ariketen bitartez aldaketa bat ematen da norberaren barruan», adierazi du arrebak.
Euskal Herrian sonik ez
«Jainkoarekin izan zituen esperientziek mesede izugarria egin zioten, eta horixe helarazi nahi izan zion jendeari». Larrañaga ez zen, ordea, inoiz bere herrian profeta izan; Hegoamerikan pasatu zituen urte gehienak, eta hango hitzaldietan kirol estadio osoak betetzen zituen; bere bizilekuagatik edo, Euskal Herrian ez zen bere lana apenas garatu, eta horren adierazgarri da bere heriotzak ozeanoaren alde honetan izan duen oihartzun txikia: «Azken urteetan galdu egin da elizarekiko baliotasuna, eta ia inork ez du izan gizon hau ezagutzeko interesik», irizten dio arrebak. Euskal Herrian bere lana garatzeko «mesfidantza» ere egon dela uste dute. Harreman gutxi izan zuen jaioterriarekin, baina noizean behin etortzen zen, eta Loiolan eskaintzen zituen saioak ere goraino betetzen zituela gogoratzen dute.
Urtea herrialdez herrialde igarotzen zuen hitzaldiak ematen, eta horretarako zuen indarra azpimarratu dute: «Harrigarria zen bidaia luzeen ondoren hitzaldi bakoitzean erakusten zuen indarra». Dena den, bizimodu xumea eman zuela adierazi dute; «goizeko bostetan jaiki ohi zen otoitz egitera, eta berak esaten zuen moduan, Jainkoarekin bakarrik eta isiltasunean egotera». Arrebak azpimarratu du Jainkoarekin bat egiteko «gogo handia» zuela. Urriaren 28an hil zen Mexikon, hitzaldi bat eman ondoren. Txilen lurperatu zuten, eta han izan ziren senideak: «Une gogorrak eta biziak izan ziren, baina aldi berean oso gertukoa izan zen. Milaka lagun elkartu ginen, eta jendeak miresmen handia erakutsi zuen». Bere indarraren erakusgarri, egun erromesaldiak ari dira egiten bere hilobira.
Tailerrak bi herrietan
Haren lanketatik abiatuta, Bizitza tailerren gidak dira Itziar eta Mari Carmen Larrañaga. Urtero eskaintzen dituzte eskolak bi herrietan. Azpeitian martxan daude, eta Azkoitian datozen asteetan dira hastekoak. Hamasei aste irauten dute saioek, eta astean behin elkartzen dira. «Hitza landu, bere mezua entzun eta otoitz egiten ikasten dugu. Norberaren barruak betetzeko eta osotasunera iristeko prozesu bat dago, eta ez da erraza horretara iristea eta bizi osoan mantentzea».