Unai Iparragirre 'Txipa' txirrindularia (Olatz Prat)
Europa erdialdeko lautadetan barrena ibilko da Unai Iparragirre
Txipa (Azpeitia, 1988) txirrindularia aurten. Sei urtez Belca eta Bidelan-Kirolgi taldeetan ibili ostean, iaz egin zuen profesionaletara jauzi Euskadi Fundazioarekin. Han urtebeteko kontratua amaitu eta berritu ez ziotenez, talde bila ari zen pasa den abendu hasieratik. Baita topatu ere, Paraguaiko Start Cycling Team taldean ariko baita azpeitiarra.
Nola sortu da Start Cycling Team taldearekin aritzeko aukera ?
Lagun bat ari zen iaz talde honetan, eta berari eskatu nion taldeko buruaren kontaktua. Telefonoz deitu eta hizketan hasi ginen; esan zidan berari ere gustatuko litzaiokeela ni bere taldean egotea, eta pixkanaka-pixkanaka akordio batera iritsi ginen.
Kanpoko talderen batean aritzeko gogoa bazenuen lehendik?
Txirrindulari euskaldunok etxeko taldeetan aritu nahi izaten dugu beti. Baina hemen talderik gabe nengoenez, kanpora ateratzeko aukeran pentsatzen hasi nitzen. Talde askotan ez da lekurik, eta talde honekin hitz egiten, gauzek ondo koadratu dute azkenean. Euren egutegiak ere asko erakarri nau, horrek bultzatu nau gehienbat.
Erakarri, zein zentzutan?
Frantzia iparraldean, Belgikan eta Alemanian egin ohi ditu lasterketa gehien talde honek, eta inguru horietan egiten diren karrerak dira nire ezaugarrietarako egokienak, errodadore eta sprinterrentzako egokiak baitira lasterketa horiek. Horregatik nahi nuen inguru horietako talde batera joan.
Taldeko txirrindulari garrantzitsuetako bat izango omen zara. Zein izango da, zehazki, zure funtzioa taldean?
Badira taldean eskalatzaile oso onak, Kolonbiakoak, mendikoetan haientzako ariko gara besteok. Baina, lasterketa lauetan edo sprintean bukatzen direnetan, niri laguntzen ariko dira, niretzat jokatuko dute, alegia.
Txirrindularitza saioak txukun eginez gero, lasterketa buruetan ibiltzeko aukerak izango dituzu, beraz, aurten?
Arrazoi horrengatik noa kanpora batez ere, nire ezaugarrientzat ondo datozen lasterketetan ibiliz gero, beti egongo baita ondo ibiltzeko aukera gehiago, eta talde handiago batzuen aurrean ere ezagunago egiteko.
Zein da aurreikusten duzun urteko plangintza?
Lasterketetan martxoan hasiko gara. Blokeka funtzionatuko dugu. Esaterako, bi hilabetez Belgika inguruan ariko gara; gero maiatzean Asturiasko itzulia egingo dugu eta, gero, uda partean edukiko ditugu lasterketa gehien.
Zein da aurtengo zure erronka edo helburu nagusia?
Batez ere inguru haietako lasterketak nolakoak diren ikustea, niretzat zonalde berria baita. Iaz, bestalde, lasterketak irabaztetik gertu ibili nintzen zenbaitetan, eta aurten nahiko nuke bat behintzat irabazi. Iaz baino gehiago egitea da helburua; iaz profesionaletan probatzea izan zen bezala, aurten ikusiko dugu lasterketa bat bada ere irabazteko gai garen.
Profesionaletan bigarren urtea izateko pauso ona da hau, ezta?
Bai, iaz ilusioa nuen profesionaletan eta etxeko taldean aritzeko eta, aurten, nahiko nuke maila hobetzen joan.
Belgikara joango zara bizitzera.
Aldika mugituko gara. Taldea izatez Paraguaikoa den arren, Belgikan du etxea, eta handik mugituko gara lasterketetara. Gutxi gorabehera, bi hilabetez han egongo gara, eta gero etxera etorriko gara bi aste edo hilabete pasatzera, egutegiaren arabera.
Txirrindulari bezala ez ezik, pertsonalki ere pausoa izango da zuretzat herritik irten eta atzerrira joatea.
Noski, esperientzia bat izango da. Gainera, orain iruditzen zait horrelakoak egin eta kanpora ateratzeko garai ona dela eta, alde horretatik, beste kultura eta herrialdeak ezagutzeko ilusioz nago.