Aritz Aranburu, Argiñano jatetxean atzo egindako agerraldiko une batean (Aritz Mutiozabal/Hitza)
«Oso gustura, ezin hobeto» dago Aritz Aranburu Hawaiitik iritsi berritan. Harro aurtengo helburua lortu duelako: munduko 32 surflari handien zirkuituan sartzea. Izan ere, azken urteotan goren mailara heltzea ez dela «oso erraza» adierazi du, gehienbat ASP surflari profesionalen elkarteak bidea «asko zaildu» duelako. «Surfa zirkuitu esklusiboa ari da bihurtzen, eta oso gustura nago hori lortu izanagatik».
Denboraldia bukatu ez bada ere—urteko azken txapelketako txanda batzuk falta dira oraindik jokatzeko—, Billabong Pipe Masters probako lehen emaitzek baieztatu dute hori. Zarauztarra ez da lehiatu, txapelketa horretan goiko mailakoek soilik jokatu ahal dutelako. Baina lehenbiziko sailkapenak ezagututa, matematikoki igo da Aranburu WCT World Championship Tour-era. Puntuazioa ez bada gehiegi aldatzen, munduko sailkapeneko 26. postuan amaituko du Aranburuk denboraldia.
2008an heldu zen surflari zarauztarra WCT zirkuitura, eta bi urtez jardun zuen profesional handiekin lehian. Ordutik «gauzak aldatu» egin direla dio. «Lehenbizikoz goren mailara iritsi nintzenean 45 surflari lehiatu zitezkeen zirkuitu horretan. Orain, 32 surflarira mugatu dute hori». 2009an galdu zuen maila, eta ordutik gogor entrenatu da. «Urtea joan eta urtea etorri, beti izan dut buruan WCTra itzultzea. 2013a emaitza sendoak lortzen hasi nuen eta aukera hori aprobetxatu dut, dena emanaz».
Ildo horretatik, aurtengo ibilbidearen balorazio «ona» egin du. Urtea txapelketa «onak» eginagatik «konfiantza» hartu zuen Aranburuk. Haren arabera, Hawaiiko lehenbiziko proban—hiru probak osatzen dute Vans Triple Crown txapelketa hirukoitza: Reef Hawaiian Pro, Vans World Cup of Surfing eta Billabong Pipe Master-ek—eskuratutako emaitza izan da «gakoa», ordea. Bigarrengoa, ordea, ez zuela «batere ongi» egin aitortu du, eta, ondorioz, Pipelineko lehen txandetako puntuazioaren zain geratu behar izan zuela bere etorkizuna zehazteko. «Orduan jakin genuen gutxi gorabehera nork egin zezakeen salto goren mailara, eta ziurtatu nuenean ilusio ikaragarria egin zidan. Oraindik egoera berrira ohitzen ari naiz».
Goald Coasten (Australia) hasiko da 2014ko surf denboraldia, martxoan, eta bertan izango da Aranburu ere. Hasiera «ezin hobea» dela dio. «Surflari guztien ametsa da hor lehiatzea». Maila emateko «gogor» entrenatu beharko dela nabarmendu du. WCT-ra bigarrenez helduta, «gozatzea» ere egin nahi du: «Argi dago 31 onenen aurka aritu beharko dudala datorren urtean, eta maila eman beharko dudala, akatsik egin gabe. Baina ez dut konplikatu nahi ere. Hau niretzat saria da, eta datorren urtean ere gozatu egin nahi dut, aurten egin dudan moduan».
2016an ere
Babesle gisa, Aranburu berriz ere goi mailan egotea «izugarrizko gauza polita» dela adierazi du Adur Letamendia Pukaseko ordezkariak. Lau urtez helburu hori lortzen saiatu dela nabarmendu du, eta lortu duela: «Lorpen ikaragarria da». Hori dela eta, «pozez» dago Letamendia, baina batez ere, Aranburu laguna duelako: «Dena borobila da». 27 urte izanik eta bere ibilbidea kontuan izanda, orain esperientzia handiagoa duela dio, eta «oso sendoa dela, surf aldetik eta buru aldetik. Dena landu du». Letamendiaren ustez, ordea, ez da 2014ra mugatuko surflari zarauztarraren goi mailako ibilbidea. «2015ean eta 2016ean ere WCTn mantenduko da, ziur. Ea luzatzea lortzen duen, 2020ra arte edo», esan du, barrez.
(A.M./Hitza)
Aranburu berriz ere WCTn jarduteak gaztetxo askorentzat «esperantza» dela dio Ibon Amatriain surflariak. «Egunero buru-belarri lantzen ari diren gazteentzat halako eredu bat hain gertu izatea bultzada handia da. Erreferentea da eta izango da urte askoan».
Azaldu du goi mailara heltzeko bidea «ikaragarri zaila» dela. «Bi aldiz lortu du, eta horregatik badirudi helburua jartze hutsarekin lor daitekeela. Eta hori ez da horrela. Milaka eta milaka surflaritik gutxi batzuk iristen dira maila horretara. Urrutiko helburua da, baina berak erakutsi du, behin ez ezik, bi aldiz ere lor daitekeela», dio Amatriainek.
Collazo, 62. postuan
Hodei Collazo ere «oso gustura» dago bere lagun minak lortutakoarekin. Berak ere denboraldi ederra egin du. Duela urte bete inguru lesioa izan zuen txorkatilean, eta, ondorioz, lau hilabetez ezin izan zuen surfik egin. Behin osatuta, txapelketan sartzea kosta egin zitzaiola aitortu du. «Konfiantza nireganatzea kosta zitzaidan». Kaliforniako txapelketatik aurrera, ordea, kementsu hasi zen, abuztutik aurrera. «Txorkatila nahiko ondo nuen orduan, eta ongi surfeatzen hasi nintzen. Kalifornian finalaurdenetara heldu nintzen, eta beste pare bat txapelketatan ere emaitza onak izan nituen, Hawaiin ondo aritzeko. Pena da, niretzat denboraldia amaitu delako, emaitza onak lortzen ari bainintzen».
Oraingoz, 62. postuan dago egun Collazo. «Esanguratsua da; izan ere, denboraldi hasieran 130. postuan nengoen». Hori dela eta, «gogor entrenatzen» jarraituko du zarauztarrak. «Ea lortzen dudan Aranburuk lortutakoa».