«Ez zitzaidan zaila egin paper zuriaren aurrean jarri eta ipuina idazten hastea»

Urola Kostako Hitza 2013ko abe. 5a, 04:30

(Aiora Larrañaga/Hitza) Euskararen Egunean Julene Azpeitia Ipun Lehiaketako sari banaketa egin zuten, eta Leire Arano Amasentzat (Zumaia, 1971) izan da aurten Zumaiako lanik onenaren saria More edo... ipuinarengatik. Ipuina modu pertsonalean kontatu duela uste du epaimahaiak, eta ariketa horren ausardia onetsi dute. Gainera, teknikoki ondo jositako ipuina dela iritzi diote. Oso harrera ona izan du zure ipuinak. Espero al zenuen? Literatur lehiaketa batean parte hartu dudan lehen aldia izan da; askotan izan dut buruan, baina eguneroko dinamikak eta zereginek beste bide batzuetatik eramaten gaituzte, eta ez nuen inoiz momentu egokia aurkitzen. Pentsatzen dut horrelakoetan beti izaten dela ilusioa, baina ez nuen saririk irabazterik espero. Idazle amateurra zara,  beraz. Idazten dudan lehendabiziko aldia izan da. Itzultzailea naiz lanbidez, beraz idazten dut, baina ez nik sortutako testuak; ikasliburuak itzultzen ditut nagusiki. Horretaz gain, ume txikientzat libururen bat ere itzuli izan dut, baina orain egin dudan lanarekin konparatuta oso bestelakoa da. More edo... da ipuin saridunaren izenburua. Zer kontatzen duzu bertan? More edo... ipuinak emakume batek etxean bikotearekin izan duen gora-behera du abiapuntu. Emakume honentzat kolore morea oso garrantzitsua da, eta esanahi berezia du, baina bat-batean bikoteak esaten dio kolore morea ez zaiola gustatzen; horrek itzulipurdikatu egiten du emakumea, inguruan dena morea duelako. Mutil horrekin duen harremana zalantzan jartzen hasten da emakumea eta, hortik abiatuta, hainbat galdera egiten dizkio bere buruari. Bakoitza den bezala onartzeko zailtasunez eta itxurakeriaz hausnarketa egiten da ipuinean; uste dut edozein emakumek egingo lukeen gogoeta egiten duela ipuineko protagonistak. Ipuina idatzi zenuenean espresuki lehiaketarako idatzi al zenuen? Lehiaketarako idatzi nuen ipuina; denboraldi batean lanik izango ez nuela banekien, eta etxean nengoela Julene Azpeitia Lehiaketako deialdia ikusi eta idaztea pentsatu nuen. Istorioa buruan bueltaka nuen aspaldian, eta ez zitzaidan zaila egin paperzuriaren aurrean jarri eta idazten hastea. Egia esan behar badut, lotsa ematen dit jendeak ipuina irakurtzeak, idatzi nuenean ez bainuen pentsatu ere egin jendeak irakurriko zuenik. Saria eman zidatela jakin nuenean, korapilo moduko bat sortu zitzaidan barruan. Nire lanean xehetasunak asko zaintzen ditut eta More edo... ipuina azken momentuan eta presaka idatzi nuenez, gauza asko zintzilik eta ondo lotu gabe geratu zitzaizkidan sentipena dut. Gainera, argi utzi nahi dut ipuina ez nuela idatzi zerbait adierazteko beharra nuelako; lehiaketarako ahal den lan txukunena egitea eta ahal banuen sariren bat irabaztea zen nire asmoa. Uste duzu Julene Azpeitia moduko lehiaketak baliagarriak direla idazteko zaletasuna bultzatzeko? Idazle izan nahi duenarentzat ez du erraza izan behar argitaletxeekin harremanetan jarri eta idatzi duen hori argitaratzea. Horregatik, uste dut literatur lehiaketak erakusleiho bikaina direla idazle hasiberri horientzat. Saria irabazteak idazten jarraitzera animatuko al zaitu? Bai, oso animatuta nago, baina beste modu batera idatziko dut hurrengoan. Nik More edo... ipuina ez nuen jendeak irakurtzeko idatzi, lehiaketarako zen. Hemendik aurrera idazten dudana hobetu kokatuta idatziko dut, jendeak irakurriko duela kontutan hartuta alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide