Juan Karlos Arruti 'Paterra' (eskuinekoa) kartzelatik libre gelditu berritan.Luis Mari Lizarralde
Arume azkoitiarra libre da atzoz geroztik.
Langraitz bidea hartuta zegoen, eta hango espetxean erdi askatasun erregimenarekin egon da azken bi urteetan. Juan Carlos Arruti
Paterra azpeitiarra, berriz, gaur eguerdian utzi dute libre Kordobako espetxean.
Juan Carlos Arruti
Paterra azpeitiarra eta Luis Mari Lizarralde
Arume azkoitiarra askatzeko agindu zuen atzo arratsaldean Espainiako Auzitegi Nazionalak, goizean Fiskaltzak Zigor Salaren hiru aretori ETAko bederatzi preso eta GRAPOko lau preso aske uzteko eskatu ondoren. Paterraren familiakoek UROLA KOSTAKO HITZA-ri jakinarazi ziotenez Kordobako espetxetik gertu zeuden, azpeitiarra libre utzi zain, «lehenbailehen harekin elkartzeko». Gaur goizetik Juan Karlos Arruti
Paterra noiz libre utziko zain egon dira haren senitartekoak eta lagunak espetxe atarian eta eguerdian utzi dute libre.
Fiskaltzak eskaera eginda, Zigor Salako epaileek horien askatasunaren inguruko erabakia hartzea besterik ez zen geratzen, eta hala egin zuten epaileek atzo 15:00etarako. Aurretik zigortu zituen aretoak berak hartu zuen haiek aske uzteko erabakia, osoko bilkurarik egin gabe, aurreko ostiralean ebatzi bezala.
Arrutiz eta Lizarraldez gain, Iñaki Rekarte, Juan Jose Zubieta, Jesus Mari Zabarte, Xabier Goldaraz, Maitane Sagastume, Jokin Uriain eta Jose Etxeberria dira fiskaltzak aske uzteko eskatu dituen presoak. GRAPOkoak, berriz, Guillermo Vazquez, Maria Jesus Romero, Encarnacion Leon eta Jaime Simon dira.
Horien kaleratzeekin 33 izango dira Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina,
Parot doktrina delakoa baliogabetu zuenetik aske geratu diren ETAko presoak. Arruti eta Lizarralde, gainera, doktrinapean dauden eskualdeko azken presoak dira, Maritxu Uzkudun errezildarra ostiralean utzi baitzuten libre.
Kordoban eta Langraitzen
Juan Carlos Arruti
Paterra 1989ko irailaren 16an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta epaileek talde armatuko kidea zela ebatzi zuten, eta espetxera zigortu zuten. Ordutik, Espainiako dozena bat kartzelatan baino gehiagotan egon da, eta egun Kordobakoan (Espainia) dago preso. Paterrak 2009ko irailaren 10ean bete zuen ezarritako zigorra, baina 2010eko otsailean 1997/2006 doktrina ezartzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Hori dela eta, 2019ko irailera arte luzatu zioten zigorra.
Luis Mari Lizarralde
Arume, berriz, Langraizko (Araba) espetxean erdi askatasun erregimenarekin egon da preso azken bi urteetan, egindako «minagatik» damua agertu ondoren. ETAko Izarra eta Donostia
komandoetan ibili zen. Frantziara ihes egin ostean, Uruguaira joan zen, eta 1992an atxilotu zuten Hego Amerikako herrialdean. 1994an estraditatu zuten Espainiara, eta 1995ean Jose Luis de la Parra teniente koronela hiltzea leporatuta, 32 urteko espetxe zigorra ezarri zioten azkoitiarrari. 1996an, berriz, 42 urtekoa, Lezon Luis Miranda guardia zibila hil zen atentatuan parte hartzea egotzita. 2009ko azaroan aske gelditu behar bazuen ere, doktrinaren eraginez 2022ra arte luzatu zioten zigorra.