Joseba Permach eta Esther Agirre auzipetuak epaiketa hasi aurretik Zarautzen, Libre Zarautz dinamikaren aurkezpenean (Amaia Ventas/Hitza)
35/02 sumarioari edota
Herriko tabernen auzia-ri dagokion epaiketaren laugarren saioa egin zuten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. Mikel Arregi
Ertxin zestoarraz eta Esther Agirre zarauztarraz gainera, Adolfo Araizek, Juan Karlos Rodriguezek eta Karmelo Landak deklaratu zuten atzo epailearen aurrean, bostak Mahai Nazionaleko kide ohiak izandakoak.
Joan den astean hasi zen 35/02 sumarioari buruzko epaiketa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaileak onartu egin du Josu Iraeta eta Jose Antonio Egido auzitik kanpo uztea, haien defentsak eskatu bezala. Hala, 34 lagun daude orain auzipetuta, eta 110
herriko taberna eta kultur erakunde.
Orain arteko saio guztiak bezalaxe, atzo ere beranduago hasi zen epaiketako saioa, 11:30ak pasatxoan. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko kide batzuk Ines del Rioren inguruko erabakia aztertu zuten aurretik. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (Estrasburgo) Parot doktrina baliogabetu zuen bezperan, Del Rio espetxean legez kanpo dagoela ebatziz.
Dena den, atzoko saioa beranduago hasiko zutela bazekiten auzipetuek. «Atzo [herenegun] esan ziguten gaur [atzo] pixka bat beranduxeago etortzeko epaiketara. Baina, egia esanda, alde horretatik ez dira ari oso zorrotzak izaten. 10:00etarako deituta egon arren, askotan hasterako 11:30ak izaten dira. Baina, beno, gaurkoa [atzokoa] hala hasiko zela aurrez abisatu ziguten», zioen atzo arratsaldean Arregik Madrildik, telefonoz.
Lehengo akusazioak akusazio
Atzo deklaratu zuten bost auzipetuek jardun politikoaren berri eman zuten. Akusazioaren galderei ez zieten erantzun, beren abokatuek egindakoei soilik. «Mahai Nazionaleko kide izan ginen garaiko militantzia politikoaren inguruan deklaratu dugu. Noski, guk onartu dugu Herri Batasunako zuzendaritzako kide izan ginela. Justu gaur [atzo] deklaratu dugun bostetik lau, Karmelo Landa, Adolfo Araiz, Juan Karlos Rodriguez eta ni neu, 1995eko Mahai Nazional hartako kide ginen. Gero kartzeleratu egin gintuzten, gainera».
http://youtu.be/rGem9O9X3T0
1997an Mahai Nazionalari egindako akusazioak leporatzen dizkiete orain berriro. «Kuriosoa da. Orduan ere gaur egun leporatzen diguten gauza bera egotzi zitzaigun. Orduan ETAko kide izateaz absolbitu egin gintuzten, nahiz eta gero kolaborazioagatik zigortu. Epaiketa saioan defentsak horri ere bere pisua eman dio. Noski, orduz geroztik inolako ardura politikorik izan ez dugunak ere bagaudelako. Beraz, lehen epaitutako kausak daude hor, garai hartan AVT-ek leporatu ziguna, orain ere egozten digu, herri akusazio bezala», azaldu du zestoarrak.
Mahai Nazionaleko kide ziren garaiko ardura politikoen inguruan ere erantzun zuten atzoko saioan auzipetuek. «Gure jardun politikoaz eta publikoaz jardun dugu, besterik ez dagoelako».
«Inolako frogarik gabe»
ETAko kide izatea ukatu zuten atzo deklaratu zuten bost auzipetuek, eta Mahai Nazionalak ez zuela inoren agindutara jarduten esan zuten. «Akusazioak gure militantzia politikoa ETAko kide izatearekin lotzen du, inolako frogarik gabe. Guk ukatu egin dugu hori, inoiz ez garelako ETAko kideak izan. Herri Batasunako kide izan ginela, eta Mahai Nazionalean guk ez genuela inoren agindurik eta antzekorik betetzen esan dugu. Guk geure erabakiak geuk hartzen genituela azaldu dugu». Mikel Arregi
Ertxin 1995ean hasi zen HBren Mahai Nazionalean, Gipuzkoako koordinatzaile politiko, baina 1997an kartzeleratu egin zuten, Mahai Nazionaleko beste kide batzuekin batera. 1999ko uztailean utzi zuten libre.
Nazioarteko jardun politikoa
Mahai Nazionala atxilotzeko Baltasar Garzonek emandako aginduaren ondoren sortutako Mahai Nazionaleko kidea izan zen Esther Agirre zarauztarra. 1998 eta 1999. urteen artean nazioarteko harremanen ardura izan zuela deklaratu zuen atzoko saioan, defentsaren abokatuei erantzunez. Jardun handiko garaia izan zela gogorarazi zuen, Lizarra-Garaziko akordioa eta ETAren su-etena tarteko.
Garai hartan egindako hainbat bidaiaz galdetu zioten atzo defentsa abokatuek, baina nazioarteko harreman politikoekin lotutako bidaiak izan zirela deklaratu zuen auziperatu zarauztarrak.
«Ez dago ezer, inolako frogarik gabeko akusazioak dira egiten dizkigutenak. Aldez aurretik bagenekien hori, eta halaxe dela ikusten ari gara», zioen atzo Arregik, telefonoaren bestaldetik.
Bosgarren saioa gaur
Hamabost auzipetu gelditzen dira deklaratzeko; tartean, Joseba Permach zarauztarra. Baina atzo ez zekiten ziur gaurko saioan zeintzuk deklaratuko duten. «Goizeko hamarretarako gaude deituta. Ordurako joaten gara, eta askotan hasterako 11:30ak inguru izaten da. Gaur [atzo], esaterako, 13:30erako saioa moztu eta bukatutzat eman dute, eta ez dakigu hurrengo saioan zenbatek deklaratuko duten. Hasterako berandu izaten da, eta goizo bukatzen dute saioa», azaldu zuen atzo Madrildik Arregik. «Guk pentsatzen genuen deklarazio denak bihar [gaur] bukatuko zirela, baina gaur [atzo] goiz moztu duenean eta deklaratzeko hamabost gelditzen direla ikusita... Saioa luzatuz gero denak saio bakarrean deklaratzea posible izango da, baina ikusteke dago».
35/02 sumarioko epaiketako aste honetako saioak gaur bukatzekoak zituzten. Berez, datorren astean beste hiru egunetarako deituta daude auzipetuak, baina aldaketaren bat egon daitekeela aurreratu diete. Gaur jakingo da, beraz, datorren astekoak noiz izango diren.