Uxue Alberdi: "Nire haragitik gertuago daude ipuinok, egiazkoago sentitzen ditut"

Aritz Mutiozabal 2013ko urr. 17a, 11:00

(Argazkia: Lander Garro) Deserosotasuna, sosegu eza eta ezinegona helarazten duten bederatzi istorio jaso ditu Uxue Alberdik (Elgoibar, 1986) Euli-giro ipuin bilduman, Susa argitaletxearen eskutik plazaratu berri duena. «Lanbro bat bezala hedatzen da ezinegona», adierazi zenuen aurkezpenean. Hori al da euli-giroa? Euli-giroak iradokitzen dizkit atmosfera pisua edo itogarria, denboraren bestelakotze bat… Arazo konkretuak baino, lasaitasuna eta plazera eragozten dituen laino zehazgabe bat, traba eta desasosegua eragiten dituena. Hasieran, ordea, ez zeneukan halako giroko ipuin bilduma bat sortzeko asmorik. Euliek harrapatu al zituzten? Lauzpabost ipuin idatzi ostean ohartu nintzen pertsonaiak biltzen zituen atmosfera arraro hori izan zitekeela narrazioen arteko lotura posibleetako bat. Baina ipuin bakoitza erabat independentea da, eta badaude harrigarriak, umoretsuak, sus­­pen­se­du­nak… Ez da gai baten inguruko bilduma, bi urtez idatzitako kon­takizun solteena baizik. Dena ez dago gure esku lehen narrazioan jada iragartzen duzu eulien inbasioa. Euliak presente daude gainerako ipuinetan ere? Ez, euliak lehen ipuinean bakarrik agertzen dira. Baina deserosotasunak jarraitu egiten du, eta sosegu falta hori oso fisikoa da, emakumeen gorputzak oso presente daude ipuin guztietan. Sentsazioetatik abiatuta sortutako ipuinak dira, eta sentsazio horiek zerikusi handia dute gorputz subordinatuekin. Askotan ukitu surrealista izanagatik, oso ipuin lurtarrak direla uste dut, oso haragizkoak. Hor daude gorputzak, haragia eta azala. Eta azalaren gainean euliak. Eguneroko arazoen metafora direla esan al daiteke? Pertsonaiak gatazkan daude euren barne-giroaren eta inguratzen dituzten beste giroen artean. Oso presente daude familia, amatasuna, literatura, arrakasta, sexua, askatasun mina, etxeak, mehatxua, ezinegona. Batzuetan arazo deitzen diegu pertsonaiek bizi dituzten egoerei; besteetan, kanpotik begiratuta, ez dirudi ezer larririk gertatzen zaienik. Hori dute euliek, urrutitik begiratuta ez diruditela arazo handia, baina gainean dituenak bestelako perspektiba izaten du. Nork bere euliekin zer egiten duen da kontua: badira euliak akabatzen dituzten pertsonaiak; badira euliak apartatu nahian astinaldika ari direnak; baita errenditu eta haiekin bizitzen ikasten dutenak ere. Irakurleei ezinegonaren sentipen hori sorrarazi nahi izan al duzu? Idazten dugunean beti eragin na­hi izaten dugu irakurlearengan. Zehaztasunez eta zorroztasunez saiatu naiz atmosferak sortzen, pertsonaiez gain, giro horrek irakurlea ere bil zezan. Baina gerta liteke niri itogarria iruditzen zaidana beste irakurle bati absurdoa gertatzea, edo ironikoa edo kritikoa edo auskalo zer. Nork bere errealitatetik eta bizi duen momentutik irakurtzen du. Sentipenen bat sorraraztea lortzea garaipen handia da idazlearentzat. Su txikian elkarrizketa bidezko kontaketa da erabat. Oro har, ipuin ge­hienetan elkarrizketak dira nagusi. Bizitasuna emate aldera? Ez nuke esango elkarrizketak na­gu­si direnik, narrazio asko dago, deskribapenak… Baina pertsonaiek hitz egin ere egiten dute, eta horrek bizitasuna eta erritmoa ematen dio kontakizunari. Asko gustatzen zait elkarrizketak idaztea, baina oso eginkizun zaila eta delikatua iruditzen zait. Antzerkirako ere balioko lukete istorioek, ezta? Horixe esan zidan Yolanda Arrieta idazleak liburuaren aurkezpenean, antzerkirako bezala idazten nuela: eszenak kontatzen ditudala, giroak eta lekuak deskribatuz eta bertan pertsonaiak jokoan jarriz. Nik ez dut sekula antzerkirik idatzi, eta ez dut eszenako kodea menperatzen. Baina inork testuok eszenaratzeko gogorik sentituko balu, ohorea izango itzateke. Dena kontatu gabe utzi duzu istorioetan, gauzak iradoki nahian. Irudimenari lekua utzi behar al zaio? Esaten baino, erakusten saiatu naiz. Egia da gehienak ez direla istorio itxiak, baina iradokitzen da norabide bat, pertsonaiek hartuko duten noranzkoa usaindu daiteke. Zentzu horretan, ipuinek poemen antz handiagoa izan behar dutela uste dut eleberriena baino, esaten ez denak esaten denak adina indar edo gehiago izan behar du; izebergaren punta izan behar luke ipuin onak. Aulki bat elurretan izan zen lehenengo; Aulki-jokoa, ondoren. Hirugarren honetan ez al dago aulkirik? Ez, baina ez pentsa aulkiei guztiz ihes egitea lortu dudanik. Harkaitz Canori entzun nion aulkiak oso altzari sugerenteak direla, gi­za morfologiaren antzik handiena dutenak direlako. Badituzte hankak, bizkarra, besoak…Orain Kaf­karen aulkia jarri dugu martxan hainbat idazlek, Pello Ramirez musikariak eta Andoni Egañak. Aulkieko filia dut, zer egingo zaio. Lan hau eta haiek idazteko prozesua ere ezberdina izan da. Orain «barrutik kanpora» izan dela onartu duzu. Bai, sentsazioetatik abiatuta idatzitakoak dira Euli-giro-ko ipuinak. Aulki bat elurretan-en, batez ere, irudietatik abiatu nintzela uste dut, iradokigarriak egiten zitzaizkidan eszenetatik. Alde horretatik, eta nire lehen liburua izateak ere bazuen zerikusia, estilo-ariketa moduan ikusten ditut Aul­ki bat elurretan-eko narrazioak, kasu askotan estetizistak di­ra, nahiz eta irudietatik abiatuta emozioetara jaitsi. Oraingoan alderantzizkoa izan da bidea, neure eta neure inguruko emakumeen sentsazioak izan ditut abiapuntu, eta pertsonaien psikologia marrazterakoan zorroztasuna bilatu dut. Ongi ezagutzen ditut Euli-giro-ko pertsonaiak, etxeak, margolanak… Nire haragitik gertuago daude ipuin hauek, egiazkoago sentitzen ditut. Behin liburua argitaratuta eta aurkeztuta, euliak desagertu al dira? Euliak ez dira sekula desagertzen, baina zorionez badira euli eta guzti maite gaituztenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide