(Aiora Larrañaga/Hitza)
Jende askok ez badaki ere, eskubaloiaren goi mailan, Asobal Ligan jokatzen du Jon Azkue (Orio, 1994) oriotarrak, Bidasoa taldearekin. Eliteko kirolari izatera iritsi arteko bidea izan du hizpide oriotar gazteak Urola Kostako Hitza-rekin.
Asobal Ligan jokatzen duzu eskubaloian. Ametsa al duzu?
Eskubaloian hasi nintzenetik amestu izan nuen lehenengo mailan jokatzearekin, eta orain asko gozatzen ari naiz. Hala ere, ez nuen espero honaino iristea. Umetan kirola egiten hasten zarenean, ez duzu horretan pentsatzen; eskubaloian jokatuz lagun artean ondo pasatzea zen gure asmoa.
Zer moduzko denboraldia egiten ari zara?
Ni neu oso gustura nago ematen ari naizen mailarekin. Izan ere, Espainiako Selekzioarekin Munduko Txapelketa jokatzen ari naiz, eta udan geratu ez izanak denboraldi hasierara oso maila onean iristea ahalbidetu dit. Oso forma fisiko onean nago, eta hori nire jokoan antzematen da. Taldea, ordea, ez dabil nahi genukeena bezain ondo. Hamabi puntuetatik puntu bakarra lortu dugu, eta nahiko zaila dago. Asobal Ligan maila handia dago. Bartzelona denon gainetik dago, eta gainontzeko taldeok maila antzekoa dugu. Beraz, partidaero borrokatu behar dugu. Futbolean lehen mailan gertatzen dena gertatzen da eskubaloian ere; talde indartsuak partida guztiak nahi duen bezala irabazten ditu, eta gainontzekoek puntuak lortzeko lan asko egin behar izaten dugu.
Selekzioarekin zer moduz zabiltza?
Oso gustura nago. Duela hiru urte deitu zidaten, eta ordutik urtero joan izan naiz. Lehengo udan Europako Txapelketa jokatu genuen, eta aurten Munduko Txapelketan izan gara; bietan laugarren postuan sailkatu gara. Gainera, nik oso txapelketa ona egin dut.
Goi mailara iristeko prestaketa handia behar al da?
Umetan hasi nintzen eskubaloian, eta pixkanaka joan naiz. Oro har, asko gustatzen zait kirola; kirol guztiak atsegin zaizkit, eta kirolerako erraztasuna dut gainera. Entrenatzera ere gustura joaten naiz. Goi mailan izateko egunero entrenatu beharra dago, batzuetan baita egunean bitan ere. Ni Ingeneritza Elektrikoa ikasten ari naiz, eta ezin dut goiz parteko entrenamenduetara joan. Ez da erraza bi jarduerak uztartzea, baina egin beharra dago. Nik oso argi dut eskubaloia ez dela betirako izango, eta ikasten jarraitzea oso garrantzitsua da niretzat.
Zaila izan al da goi mailara iristea?
Prozesu naturala izan dela esango nuke. Ni Orioko Ikastolan hasi nintzen eskubaloian, koadrilakoez osatutako taldean. DBHra pasa ginenean federatu beharra izan genuen, eta bi urtez aritu ginen denok batera. Ikastolako taldearekin Euskadiko txapeldun izatera ere iritsi ginen, baina ondoren taldea desagertu egin zen; batzuk arraunean jarraitu zuten eta besteek fubolean. Hiru ginen eskubaloian jokatzen jarraitu nahi genuenak, eta Eibarko Arrate taldean eman ziguten horretarako aukera. Jubenil mailako lehen urtera arte bertan izan nintzen, taldea desagertu zen arte, eta Irungo Bidasoatik hots egin zidaten orduan. Pixkanaka joan naiz.
Herritarren errekonozimendua ba al duzu?
Jendeak ez daki Asobal Ligan jokatzen dudanik; etxekoek, familiak eta lagunek soilik. Eskubaloiak ez du futbolak duen oihartzuna, baina tarteka hedabideetan izaten dugu gure txokoa.