(Amaia Ventas/Hitza)
Kaleratu duen lehen poema bilduma ez bada ere,
Gorren dantzalekua da Aritz Mutiozabalen (Zarautz, 1980) lehenbiziko liburua. Barrua hustutzeko balio izan dio, baina ez da liburu dramatikoa. «Umore beltza erabili dut; abstraktua da. Agian ni horrelakoa naizelako». Finean, uneko sentipenak islatu ditu. Orain «kargatzea» dagokio, etorkizuneko proiektuei heltzeko.
Zein da gorren dantzaleku hori?
Gorrak entzuteko ahalmenik ez duten pertsonak dira, eta gainontzekoekin komunikatzen dira keinu bidezko hizkuntza baliatuz. Baina haientzat soinua zerbait abstraktua da. Ni melomanoa naizen aldetik, neure buruari galdetzen diot zer den haientzat musika. Nola ulertzen dituzte erritmoak? Nola ezberdintzen dituzte doinuak? Nola interpretatzen dituzte? Nola bizi? Nola dantzatu?
Gor bat dantzaleku batera eramaten baduzu, jokoz kanpo sentituko da. Gainontzekoen erritoa ez du ulertuko, salto egin, kantatu, dantzatu, eskuak altxa... Galduta sentituko da, isilunea baita beretzat.
Babel filmeko eszena batean oinarritu nintzen hori islatzeko. Film luzean neska japoniar gor bat agertzen da diskoteka batean. Kamerak bere begietatik ingurua irudikatzen duenean ez da soinurik entzuten. Sentsazio hori lehenbiziko pertsonara eraman nuen.
Bestelako gorrak ere badaudelako: gizartea askotan berekoia da, komeni zaiona soilik entzuten du bere interesen arabera. Sistema politikoak, ekonomikoak, sozialak, kulturalak, erlijiosoek... entzumena atrofiatuta daukate, eta ez dute entzuten herritarrak nahi dutena. Beren dantzaleku selektibo pribatua egiten dute, besteak nahieran menderatzeko.
Hirugarren gorra ni neu naiz. Neure buruarekiko dudan borroka. Nori egin kasu, buruari ala bihotzari? Arrazoiketa logikoari ala sentipenei? Egin behar dudanari ala egin nahi dudanari? Horrek obsesioraino eramaten nau, eta zalantzak sorrarazten dizkit. Ezinegona sortzen dit, eta askotan gorra dantzalekuan bezala sentitzen naiz: galduta eta bakarrik.
Sentsazio horrek lagundu al dizu idazterako orduan?
2012an amaitu nuen poema hauek idaztea, eta urtebete pasa da dagoeneko. Distantziarekin begiratuta, konturatu naiz azkenean neure burua aurkitzeko bilaketa izan dela. Nik neure zoriona edo benetan nahi dudana bilatzeko; momentu horretan balio izan zidan. Hustu egin naiz orain eta berriro ere kargatu egin behar dut idazteko.
Marina Abramovic artistak dekalogo bat atera zuen sormena lantzearen inguruan, eta puntu batean dio tristura edo ezkortasuna ez dela batere ona sortzeko. Nire kasuan, ordea, behar dut zerbait fatalista edo kaotikoa barruan dudana kanporatzeko. Ongi nagoenean zerbait idaztea friboloa dela iruditzen zait, ez duela helduek izan dezaketen sendotasuna eta seriotasuna.
Lo hartu aurreko buruhausteak saihesteko pilulen ondorioak aurre liburuan, hain zuzen, hori islatzen da. Nik askotan lo hartzeko zailtasunak ditut, buruhauste horiengatik, hain zuzen. Horregatik, lo hartu aurretik idatzi egiten nuen. Liburu honetako poemek ez dute insomnioarekin zerikusirik, ez ditut gauez idatzi. Hari hori badute, hala ere.
Salaketa modukoa al da?
Ezarrita dagoen horren kontra doa, nolabait. Askotan itxurakeriagatik bakarrik baldin bada ere, lehenbiziko joera kontra egitea da. Pentsatu beharra dago, ordea, egin aurretik. Anestesia taldeak kantu batean esaten duen moduan:
pentsatu, ez sinistu. Lehenbizi pentsatu zer dagoen, zer den... Lehenbizi ikusten duzuna ez sinistu; pentsatu eta gero nahi baduzu pentsatu.
Nik, hala ere, ez dut salaketa gisa egin. Ironia handia duela deritzot, umore beltza, abstraktua, absurdoa... Agian ni horrelakoa naizelako. Azkenean, barruan dudana askatu dut.
Poemek loturarik ba al dute euren artean?
Poesia bakoitza independentea da besteekiko. Baina baten batzuk besteekin lotura izan dezakete. Ez ditut ataletan banatu. Zaindu nahi izan dudana poemak idatzi ditudan kronologia da.
Halaber, tematika zabala dute, maitasun kontuak daude... Bestalde, askotariko kultur diziplinei erreferentzia egin diet: musika, zinema, artea, literatura... Zeharka edo zuzenean. Lehenbiziko poema, esaterako, Joy Division taldearen abesti batean dago inspiratuta.
Horrez gain, hitz joko asko erabili ditut. Estetikoki baliabide politak harilkatzea gustatzen zait. Irudiak,
flash-ak ematea. Finean, uneko sentipenak dira. Batzuk zuzenean kontatu ditut, eta beste batzuk istorio txikietan. Autobiografikoak direla esatea gehiegi esatea da, hala ere.
Noiz hasi zinen poemak idazten?
2006an atera nuen nire aurre liburua dei daitekeena. Pasaiako Hiria poesia lehiaketan lehenbiziko saria eman zidaten 2001ean, eta poemategia liburu formatuan kaleratzeko aukera eskaini zidaten. Luzatu egin zen, ordea, kaleratze data, eta orduan beste poema batzuk gehitzeko esan zidaten. Hori lehiaketa bati lotutako poemategiarekin lotzen dut. Beraz, hau da nire lehen liburua.
Gerora,
impasse batean egon nintzen, idazteari utzi nion, eta Neü musika taldean buru-belarri sartu nintzen. Horren ibilbidea bukatu zenean, nire alde sortzailea beste adierazpide batzuen bitartez lantzen jarraitu nuen, eta orduan hasi nintzen poemok idazten.
2010 eta 2012 bitartean idatzi nituen, hasieran poema solte gisa. Ariketa hori nahiko sarri errepikatzen ari nintzela ikusi nuenean, serio hartzea erabaki nuen. Ez nituen lehiaketetara bidali nahi; zezenari adarretatik heldu, eta liburu batean jaso nahi nituen. Maiatz literatur elkarteari gustatu, eta kaleratu egin du.
Orain liburu hau argitaratuta, ba al duzu aurrera begirako proiekturik?
Etorkizunean narrazioa lantzea gustatuko litzaidake. Azken poemak idazten ari nintzenean antzeman bainuen bukatzen ari zela, puntu gorenenera iritsi eta beheraka zihoala. Une horretan ulertu nuen bukatu zela.
Orain berriz ere kargatu behar dut, zer kontatua izateko. Gustatuko litzaidake puntu tragiko edo ilun hori ez izatea.
Gorren dantzalekua-ko poemak idatzi nituen unea agian gogorra zelako-edo hala atera da. Orduan barruan nuena kanporatu beharra neukan. Burura
flash hori etorri, eta idatzi egiten nuen. Izan ere, poesiak horretarako aukera ematen du: modu laburrean asko kontatzekoa. Hori dela eta, gustatuko litzaidake irakurleari zerbait eragitea, zerbait sentiaraztea.
Narraziorako, ordea, denbora gehiago behar da; niri poesia erraza egiten zait. Narrazioan, kontakizun bat, pertsonaiak, elkarrizketak, deskribapenak, hasiera eta bukaera bat, ikuspuntuak, generoa... Dena landu beharra dago.
Liburu fitxa
- Izenburua. Gorren dantzalekua.
- Egilea. Aritz Mutiozabal.
- Orrialde kopurua. 107 orri.
- Salmenta puntuak. Zarauzko Garoan, Elkar dendetan eta Donostiako Hontzan.