Unai Iparragirre: "Profesionaletan hobera egin dut, eta ea horretan segitzeko aukera dudan"

Nerea Uranga 2013ko urr. 16a, 04:00

(Nerea Uranga/Hitza) Geldirik egotea kosta egiten zaiola dio Unai Iparragirrek (Azpeitia, 1988), baina Euskadi Fundazioa taldearekin errepideko denboraldia bukatu berri du, eta atseden hartzeko garaia du. Profesionaletan aurreneko denboraldia egin du, «asko ikasiz eta hobetuz». Baina datorren denboraldirako kontuak ilun ditu, Euskadi Fundazioa taldea desagertzear da eta. Hil honen bukaerarako jakingo dute ziur taldeak aurrera egingo duen ala ez. Txinan bukatu dute denboraldia, Tour Txina 1 eta Tour Txina 2 eginez. 25 egun egin dituzte han,  13 lasterketatan parte hartzeko. Emaitza onak lortuta itzuli dira etxera. Txinan bukatu duzue denboraldia. Emaitza oneak lortu dituzue, ezta? Baietz esango nuke. Lasterketako sailkapen nagusian hirugarren egin dut Txinan, eta taldeka irabazi egin dugu. Etapa guztietan aurreneko hamarretan ibili naiz, laugarren, hirugarren... Beraz, gustura nago. Aurreneko denboraldia egin duzu profesionaletan. Orokorrean, denboraldia zer moduz joan zaizu? Profesionaletan lehenengo urtea izateko ondo joan zaidala uste dut. Aurreneko hamarren artean sailkatu naiz beste lauzpabost aldiz, eta Txinan ere hala ibili naiz. Profesionaletan ondo moldatu naizela esango nuke. Esperientzia positiboa izan da. Azken finean, horixe da egin nahi dudana. Aurtengo denboralditik zein proba gelditu zaizu gogoan? Alentejon (Portugal) esprintera ailegatu nintzen bat. Azkenean laugarren egin nuen, baina irabazteko aukera asko neuzkan, eta oso markatuta gelditu zitzaidan hura. Han hasi nintzen sinesten sprinterako balio nuela. Profesionaletako esperientzia ona izan da, baina taldeak segitzeko arazoak ditu. Denboraldiaren erdialdera esan ziguten taldeak segitzeko arazoak zeuzkala. Aurten jaso beharreko dirurik ez du jaso, eta aurreko urteetako aurrezkiekin korritu ditugu lasterketak. Gauza aldatuko ez balira, taldeak ezingo lukeela segitu esan ziguten aurrez. Azken lau hilabeteak datorren denboraldirako talderik izango ez dugun kezkarekin egin ditugu. Alde horretatik gaizki geunden, baina lasterketetan maila eman dugu. Orain esan digute %98ko aukera dagoela hurrengo denboraldian taldeak ez jarraitzeko. Ziur-ziur hila bukatu aurretik jakingo dugu. Euskadi Fundazioa taldean hamar txirrindulari gaude, eta inork ez daukagu ezer datorren denboraldirako. Ari gara beste taldeetara deika, baina inork ez dauka hutsunerik. Orduan, hortxe kezka, ezta? Bai, hala da. Zabaldu da Euskal Herrian beste talderen bat sortuko den zurrumurrua, baina orain kontu hori ere nahikoa geldirik dagoela ematen du. Horiei ere deika ari gara, baina zain gaude. Deskantsatzen ari naiz, baina hurrengo denboraldirako zer edukiko dudan jakin gabe, ate joka. Gorputza deskantsuan, baina burua martxan. Halaxe gaude. Astebete pasatxo da denboraldia bukatu duguna, eta orain atseden hartzeko eta bizikletarik ez hartzeko esan digute. Baina berriz ere heltzekoa gogo badaukat. Taldekideok elkarri deika ari gara, ea bateren batek zerbait entzun duen, zerbait lortu duen galdezka. Garai batean txirrindularitza profesionalean aritzeko hemengoek atzerrira jotzen zuten. Orain ez al dago horretarako aukerarik? Curriculumak bidali ditugu atzerriko taldeetara ere, baina azkenean krisi honekin-eta taldeek herrialdeko bertako txirrindulariak hartzen dituzte; merkeago ateratzen zaie. Kanpoko taldeak ere larri dabiltza, han ere zaila dago. Nahiz eta curriculumak bidali, ez dugu inondik erantzunik jaso, ez neuk eta ezta taldekideek ere. Euskadi Fundazioa taldean gustura ibili al zara? Bai. Kide bat Burgoskoa da, baina beste guztiak euskaldunak gara, eta harreman oso ona eduki dugu. Afizionatuetatik elkar ezagutzen genuen, eta ondo moldatu gara. Taldean bakoitzak zer rol zuen garbi geneukan. Txinan ia hilabete elkarrekin pasa dugu, eta haserretu ere ez gara egin. (N.U./Hitza) Talderik izango duzun jakin gabe, baina sasoiko eta gogoz al zaude? Sasoiko nago, bai, oraindik ere 25 urte bakarrik dauzkat eta. Gainera, taldeko zuzendariak esan dit aurrerapauso handia eman dudala, eta nik ere hala dela uste dut. Profesionaletan teknika ikasi dut, noiz eta nola egin esprinta. Hobetzen joan naiz, eta oraindik hobetzeko tartea badudala uste dut. Ea aukera ematen didaten. Profesionaletan jarraitzeko ahalegina egingo al duzu? Bai, bai, urtea bukatu arte, behintzat, saiatuko naiz taldea aurkitzen. Bitartean, luze ez egiteko, martxan hasiko naiz pistan. Pistarekin segitzeko asmoa al duzu? Bai. Pistako denboraldia azaroan hasiko da. Urtero bezala hasiko naiz ni: entrenatuz eta pistako probetan parte hartuz. Bi edo hiru astean geldi antzean egongo naiz, eta gero pistarako prestatzen hasiko naiz. Urtero denboraldia hasi aurreko prestaketak egingo ditut, orain artean ondo joan zait eta. Gero, ea errepiderako talderik lortzen dudan. Itxaropena ez dut oraindik galdu. Euskal Herrian, Caja Rural taldea kenduta, orain ez dago profesionaletako talderik; Euskaltel desagertu da, eta Euskadi ere bai. Zerbait sortu beharra dago. Euskal Herriak behar du beste txirrindularitza proiekturen bat, eta talderen batek esprinterren bat behar badu, bada... Txirrindularitza zaleek talderen baten beharra dutela uste al duzu? Bai, bai. Kalean jende askok galdetzen dit zer gertatuko den. Madariagak [Miguel Madariaga, Euskaltel-Euskadiko managerra izandakoa] dio gure taldeak babesa behar duela, eta beste 1.200 bazkide eskatzen ditu; bakoitzak 100 euro jarrita, proiektua aterako litzatekeela dio. Txirrindularitzarik gabe hemen jendeak gaizki pasako luke. Azpeitian bizikletan ibiltzen den jende asko dago, eta Tourra ari denean arratsaldetan jende piloa egoten da telebistari begira. Kalean ere antzematen da jendeak txirrindularitza segitzen duela. Guk batik bat kanpoan korritu dugu, baina Getxon edo Ordizian ibili garenean bide bazterretan zaletu asko ikusi dugu. Ordizian mendian gorakoan ikusgarria zen zenbat jende zegoen; Tourra ematen zuen. Talderik lortuko ez bazenu, bizikleta utziko al zenuke? Ez dakit. Neure urteak egin ditut afizionatuetan, eta zaila izango litzateke orain profesionaletatik berriro afizionatuetara itzultzea. Talderik ezean aukera bat da pistan bakarrik jardutea, eta nazioarteko egutegia egitea aukera polita da. Baina horretarako ere nonbaitetik dirua lortu beharko nuke, babesleak... Bestela, azken-azkena da bizikleta uztea. Benetan nahi dudana probatu dut, txirrindularitza nire lanbidea izatea. Orain uztea azkena izango litzateke. Horretaz hitz egitea ere ez zait gustatzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide