Olatz Izagirre: "Gure jarduna erabat politikoa izan dela deklaratu dugu"

Nerea Uranga 2013ko urr. 15a, 04:00

Atzo Madrilen gazteen aurka hasi zen epaiketa hasi aurretik auzipetuak; tartean, Olatz Izagirre (Oihana Elduaien/Berria) Atzo hasi zen 26/11 sumarioan auzipetutako Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunaren eta beste 39 gazteren aurkako epaiketa, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan. Segiko kide izatea egotzita epaituko dituzte. Seina urteko zigorra eskatu du fiskalak haientzat. Euskal Herriko gazte mugimenduaren aurka inoiz egin den epaiketarik handiena da. 2009an atxilotu zituzten gazteak, eta inkomunikatuta eduki. Orduko deklarazioetan oinarritu da fiskala zigorra eskatzeko. Atzokoaz gainera beste bi saio dituzte aste honetan. Gero, hurrengo saioak azaroaren 25, 26 eta 27an, eta abenduaren 9, 10 eta 11n dituzte jarrita. 11 gaztek deklaratu zuten atzo; tartean, Olatz Izagirrek. Auzipetuen deklarazio hartzeak hasi aurretik gazteek areto barruan puxika batzuk puztu eta aireratu zituzten, epaiketa eten eta denak aretotik kanpora bidali zituen epaileak. Ondoren, berriro aretora sarrarazi eta epaiketa hasi zen. «Gure lan politikoa eta proiektu politikoa epaitzen ari direla esan dugu epaitegian. Akusazioak gu epaitzeko ematen dituen arrazoiak prentsan edo agerraldi publikoetan oinarritutakoak direla azaldu dugu epaitegian», zioen atzo arratsaldean Izagirrek. Atzo epailearen aurrean deklaratu zutenek uko egin zioten akusazioaren eta fiskalaren galderei erantzuteari, eta defentsak egindako galderak bakarrik erantzun zituzten. Atzo deklaratu zutenetako batzuk 2009an atxilotu zituztenean torturatu egin zituztela salatu dute. Izagirrek Azpeititik Lapurdira bizitzera joan zela esan zuen atzo, torturatuko zuten eta tratu txarrak jasotzearen beldur zelako. Izagirre Donibane Lohitzunen atxilotu zuten. Jarduera «erabat politikoa» zela esan zuen Izagirrek atzo, Aiert Larralde abokatuaren galderei erantzunez. 2009ko sarekada 2009ko azaroaren 24ko gauean izandako sarekadan du jatorria atzo hasitako epaiketak. Fernando Grande Marlaska epaileak agindutako operazioan Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak 34 gazte atxilotu zituzten. Beste zazpik ihes egitea lortu zuten eta gero Auzitegi Nazionalaren atarian, Lapurdin eta Erroman atzeman zituzten. Atxilotuetako 32k torturatu egin zituztela salatu zuten, eta epaitu aurretik urtebetetik gora egin du preso bakoitzak. 2009ko azaroaren 24ko gauean Azpeitian ere izan zen Guardia Zibila. Bertan bizi baitzen Olatz Izagirre, Urnietako bada ere. Ez zuten etxean aurkitu, baina etxea miatu egin zuten. Polizia operazioaz geroztik Donibane Lohitzunen bizi zen Izagirre, iheslari politiko gisa. 2010eko maiatzaren 6an Frantziako Poliziak Ziburun atxilotu zuen Asier Coloma, Gaizka Likonarekin eta Carlos Renedorekin batera. Urte horretako ekainaren 15ean Izagirreren kontrako euroagindua onartu zuen Paueko auzitegiak eta Avilako (Espainia) Brieva espetxean sartu zuten preso. 2011ko urriaren 8an atera zen kartzelatik baldintzapeko askatasunean eta 12.000 euroko fidantzapean. Segik iazko ekainean egin zuen publiko desegiteko erabakia, «tresna gisa agortuta» zegoela azalduz, eta gazte mugimendua antolatzera deituz. Zarautzen, Libre Euskal Herriko gazte mugimenduaren kontra atzo hasitako epaiketa eta etzi Herriko tabernen aurka hastekoa dutena salatzeko, eskubide zibil eta politikoak defendatzeko, eta auzipetuei babesa agertzeko, Libre dinamika sortu dute Zarautzen ere. Ostiralean aurkeztu zuten. «Epaiketa hauekin argi geratzen da Euskal Herrian politika egitea guztiz judizializatua dagoela eta herritarrok ez daukagula lan politikoa egiteko eskubiderik», nabarmendu zuten Zarauzko ekitaldian. Ostiralean Zarautzen Libre ekimena aurkeztu zuten. Irudian, Joseba Permach eta Esther Agirre (Amaia Ventas/Hitza) Epaiketa politikoena ez dela «zerbait berria» ohartarazi zuten, baina aste honetako hauek azkenak izatea herritarren esku dagoela nabarmendu. «Datozen bi urteotan epaitzeko zain daude 200 pertsona: Askapenakoak, abokatuak, Segurako sarekadan atxilotuak, gazteak... Honen aurrean gutako bakoitzaren jarreraren eta guztiok batera emango dugun erantzunaren araberakoa izango da pertsona hoien eta Euskal Herriaren etorkizuna». Aste honetan 78 herritarrez gain Euskal Herriko 110 elkarte eta taberna epaituko dituzte. Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna gazteen aurkakoan eta Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak eta Mikel Arregi Ertxin zestoarra etzi hasiko den 35/02 auzian. Epaituko dituzten elkarteen artean daude Zarauzko Arrano, Getariako Arralde, Zumaiko Inpernupe, Azpeitiko Orkatz eta Azkoitiko Zakela. Bi epaiketek eragingo dituzten «arazo pertsonalez» gain, «kostu ekonomiko izugarria» ere eragingo dutela nabarmendu zuten Librekoek: «Bi epaiketetako aurrekontua, aurreikusitako epeetan eginda, milioi bat eurokoa da. Gainontzean, epaiketa luzatuko den hilabete bakoitzagatik 150.000 euro gehiago ordaindu beharko dira». Hori dena kontuan izanda, «oraingoan ere euskal jendartearen normalizazioaren aurka egin» dutela esan zuten, «lan politikorako eskubidea urratuz». Horren aurrean, Librek ez du «ideia politiko konkretu batzuen defentsa» eskatzen, «guztion eskubide zibil eta politikoen defentsa baizik». «Herri osoaren aurkako erasoa» izanik, «herri gisara erantzutea» dagokiola nabarmendu zuten. Zestoan, frontoia beteta Joan den ostiralean Zestoako herritarrek aste honetako epaiketak salatu eta auzipetuei elkartasuna adierazi zien, Mikel Arregi Ertxin herrikideari babesa azalduz. Kiroldegia bete jendek elkartasuna adierazi dio Mikel Arregi 'Ertxin'-i (Nerea Uranga/Hitza) Zestoako Librek kiroldegia jendez betetzeko erronka zuen jarrita, eta lortu du. Ekitaldian herri oso baten elkartasuna eta babesa jaso zuen Arregik. Etzi hasiko den 35/02 auziko auzipetutakoetako bat da Arregi. Dantzariek, bertsolariek, antzezleek, musikariek, idazleek eta herriko pilota elkartekoek osatu zuten Zestoako Libre ekitaldia. «Hunkitzen ez dena» izan arren, «hunkituta» zegoela azaldu zuen Arregik, eta kiroldegikoa gogoan gordeko duen bere bizitzako argazkietako bat izango dela. «Herri honen etorkizunak, ekitaldi honetan ikusi bezala, herritarren esku egon behar du eta oztopoen gainetik zubiak eraikitzeko garaia da», esan zuen Arregik Zestoako kiroldegian bildutakoen aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide