Tximeleta bihurtu bitartean

Aritz Mutiozabal 2013ko ira. 26a, 04:00

Didau Antzerki Faktoria talde zarauztarrak haurrei zuzendutako Beldartxo jatuna ikuskizuna estreinatuko du larunbatean, Modelo aretoan, 17:30ean. Didau Antzerki Faktoriako kide Juan Manuel Alvarez eta Ainhoa Agirre, entseiatzen (Aritz Mutiozabal/Hitza) Egaña-Enea etxea bizileku eta entsegu toki dute Ainhoa Agirre zarauztarak eta Juan Manuel Alvarez cadiztarrak joan den urte amaieratik. Mende laurdena Sevilla (Andaluzia, Espainia) aldean pasatu du bikoteak, txotxongilo eta haur-antzerki munduan murgilduta betiere, eta, orain, haizez aldatu eta penintsulako beste muturrera etorri dira: Zarautzera, hain zuzen ere. Bertan, ibilbide berri bati ekin diote, Didau Antzerki Faktoria proiektua sortuz. «Titirimundi konpainia gidatzen nuen Sevillan, baina taldea desagertu egin zen. Edonola ere, istorioarekin jarraitzeko gogoa geneukan, eta Zarautzen abian jartzea erabaki genuen», adierazi du Alvarezek lekualdatzeko erabakiaren inguruan. «Abiatu besterik ez gara egin. Oraindik lur hartzen ari gara», gaineratu du Agirrek, bere aldetik. Lehen lana Faktoria martxan jarri baino ez dutela egin, eta larunbat arratsaldean jada bere buru aurkeztuko du, Beldartxo jatu­na haur ikuskizunaren estreinaldiarekin; Modelo aretoan taularatuko dute, 17:30­ean. «Didau bezala, gure lehen lana da, baita euskaraz egingo dugun estrainekoa ere». Eric Carle idazle eta ilustratzaile ingelesaren ipuinean oinarritutako kontakizuna bere egin dute horretarako. «Sevillan antzeko muntaia bat prestatu genuen, baina txotxongiloekin bakarrik. Oraingoan, txotxongiloak eta aktoreak nahastu ditugu istorioa kontatzeko». Istorio sinplea bat da, eta bi eta zortzi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.  Funtsean, tximeleta bi­hurtuko den beldar baten egunerokoa du kontagai. Beldarrak denetarik jango du, loditu eta bere gorputzaren inguruan kusku bat sortu arte. Egun batez, kuskua zulatu eta barrutik tximeleta eder baterako da. Antzelanarekin, nolabait ere, osasuntsu jatearearen garrantzia helarazi nahi dutela adierazi dute. Beldarra eta tximeleta txotxongiloak izango dira, eta haiekin harremanetan jarriko dira Loretxu eta Bartolo pertsonaiak. Loretxu ipuin bila aritzen da basoan barna; Bartolo, berriz, jolastea, burugabekeriak egitea eta Loretxu imitatzea gustuko du. Bien artean kontatuko diete haurrei Beldartxo jatuna ipuina. Pertsonaiek txalaparta erabiliko dute, «ipuin-detektagailu» modura. «Bakoitzak mapa bana darama eskuan, eta beldarraren ipuinera gerturatzen joan ahala, ttakun-ttakuna aregotzen joango da», dio Alvarezek. Era berean, abestiak txertatuko dituzte ikuskizunean. Hitzak bikoteak berak sortu ditut, eta musika, berriz, Nacho Gil sevillarrak egin die. Estreinaldia herrian «Lehen emanaldia Zarautzen izatea polita iruditzen zaigu. Azken finean, antzerki taldea herrian sortu da eta herrian entseiatzen dugu»,  aditzera eman du Agirrek. «Gainera, heldu asko joango da gu ikustera, lagun asko baitugu herrian. Beraz, haur txikientzako ordubeteko saioa izango da, eta lagun guztiak oso gustura daude, beren barnean oraindik ume bat dutela esan digutelako. Hori benetan inportantea eta polita iruditu zaigu». Agirrerentzat, era berean, jaioterrian antzeztuko duen lehen aldia izango du. «Guztia berria izango da». Estreinaldiaren «sustoa» pasatu eta gero, han eta hemen zabaldu nahi dutela jakitera eman du Alvarezek. «Oso ongi funtzionatu dezakeela iruditzen zait. Gipuzkoan, agian, ez dago horrenbeste gauza haur txikiei zuzenduta, Araban edo Bizkaian egon daiteken bezala».  Urtarrilean, esaterako, Zumaian taularatuko dute. Zaletasuna sustatuz Didau antzerki taldeak Zarauzko Udaleko kultura sailaren diru-laguntza jaso du Goazen antzerkira egitasmoa aurrera eramateko. Egitasmo honen bitartez, antzerki kanpaina bat egingo dute herriko ikastetxeetan, ikasleen artean antzerkizaletsuna sustatzeko. «Ikastetxeetan aurkeztuko dugu proiektua, eta ikasleak ikastordutan Modelo aretoan elkartuko ditugu, antzerkiaz gozatzeko». Urrian jarri nahi dute abian kanpaina, Beldartxo jatuna antzezlanarekin. Horrez gain, antzerki tailerrak ere ematen dituzte euren entsegu lokalean, haurrentzat, nerabeentzat eta helduentzat. Hala eta guztiz ere, muntaia bat ekoizteko orduan haurrei eta gazteei zuzendutako antzerkian dabiltzan nagusiki. Aurreratu dutenez, orain proiektu berri batekin ari dira lanean, «asko ere pedagogikoagoa» dena. «Hezkutza afektibo-sexualarekin zerikusia izango du, eta gaiari bueltak ematen ari gara», dio Alvarezek. «Institutuko gazteei zuzenduta egongo litzateke, eta gizarteko tabuen inguruan hitz egingo luke: homosexualitateaz, bikote gazteen arteko tratu txarrez, sexu-prebentzioez... Horren inguruan lasaitasun handia dagoela uste dugu». Didaurekin abiatu berri duten bidearekin «oso gustura» daudela onartu du bikoteak. «Antzerkia eginez bizi, antzerkia egitetik bizi... Antzerkia oinarri hartuta bizi nahi dugu. Egia esan, antzerkiak asko eragiten dizu bizitza», aitortu du Agirrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide