Muñecas Aguilar atxilotzeko agindu du epaile batek, Zarauzko koarteleko torturatzaileetako bat

Urola Kostako Hitza 2013ko ira. 19a, 13:16

Berria.info Maria Servini epaileak Jesus Muñecas Aguilar eta beste hiru polizia frankista atxilotzeko agindu du, Argentinan epai ditzaten. Muñecas Aguilar 1961ean sartu zen Guardia Zibilean, eta, besteak beste, Andoni Arrizabalaga eta Anparo Arangoa torturatu zutenetako bat izan zen. Telesfono Monzon Arrizabalagaren tortura testigantzan oinarritu zen Itziarren semea abestia idatzi zuenean (Miren Basterretxea zuen ama Arrizabalagak). Andoni Arrizabalagak azaldu zuenez, Muñecasen esku egondako egunak izan ziren latzenak, Zarauzko koartelean, 1968an atxilotu zutenean. Kolpeak, kirofanoa (kolpeak sabelean ematea atxilotua mahai batean etzanda dagoela), bainera (atxilotuaren burua uretan sartzea ia ito arte) eta urkatze simulatzeak salatu zituen. Arrizabalagaren familiak Andoni Zarauzko Goardia Zibilaren koartelean zegoela jakin zuen, «Etxe Zabala izeneko eraikinean, kale nagusian». Muñecasen berak eraman zituen Arrizabalagaren aita eta anaia atxilotutakoarengana: «Atxilo eraman zuteneko arropa zeraman, atzamarkadez eta odolez zikindua. Aurpegia ubeldurekin hazita zuen, eta besoak berdin. Ez zirudien gizakia ere. Ezezagun zegoen. Irribarre ziniko batekin Muñecasen hau esan zuen: Hau da gertatzen dena kolaboratu nahi ez dutenean», deklaratu zuen Jon Ugutz Arrizabalagak, Andoniren anaiak, Buenos Airesen. Erabaki «historikoa» Zarauzko Ezker Anitza-Ezker Batuak «historikotzat» jo du Jesus Muñecas «torturatzailea» atxilotzeko erabakia. «Dikatura Frankistaren aurka egiten den lehen epaile jarduera da hau. Espainiako 1977ko legearen eta Espainiako sistema judizialak duen konplizitate pasiboaren ondorioz Argentinako epaile batek eman behar izan du agindua». Zarauzko Ezker Anitza-Ezker Batuak espero du Jesus Muñecas Aguilar eta beste hiru polizia frankista atxilotzeko agindua «dikaturaren jardunak judizialki eta instituzionalki kondenatzeko eta egia eta bitimentzat  justizia lortzeko lehen urratsa izatea».    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide