Javi P3z: "Aukeratu behar badut, nahiago dut baikorra izan"

Aritz Mutiozabal 2013ko uzt. 3a, 04:00

Javi P3z musikariak (alkandora gorrikoa) gidatzen duen Triz3ps hirukoteak Zarauzko Kalegorria Iñurritza ekimenean joko du (Argazkia: Syntorama) Musikaria, musikagilea, ekoizlea, disko-jartzailea eta ekitaldien antolatzailea da, baita soinu-banden egilea ere; Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendarien filmeetan hartu du parte (Aupa Etxebeste!, Bertsolari eta Urteberri on Amona). Geldirik egoten ez den artista horietakoa da Javi P3z (Donostia, 1967). Beti du proiekturen bat es­ku artean, eta oraingoak giharre izena du: Triz3ps. Oriol Flores bateria-jotzailea eta Alberto Bosch baxu-jotzailea bidaide harturik, funk eta soul giroan murgilduta dabil. Bera da taldeko gitarrista eta ahotsa, eta UROLA KOSTAKO HITZAk harekin solas egiteko parada izan du. Otsailean kaleratu zenuten lan berria, eta estatu osoan aritu zarete zuzenean aurkezten. Espero zenuten erantzuna izan al du diskoak? Harrera ona izan du. Dena dela, zerbait berria egiten dugunean ez dugu inolako erantzunik espero. Sinpleki nahi duguna egiten du­gu, jendeari gustatuko ote zaion ala ez erreparatu gabe. Erantzun ona jaso dugu, egun bizi dugun egoera kontuan izanda. Komunikabideetan, krisia dela eta, musika zabortegi moduko atean geratu da, eta ez zaio kasu gehiegirik egiten. Dena dela, hor gaude. Gu­re baza handiena zuzeneko emanaldiak dira, eta gure musika hor proposatzea gustatzen zaigu. Musikalki funky-soul nahasketarekin jarraitzen duzue, baina, agian, abesti berriak pausatuagoak dira, soul kutsu handiagoak eta sentituagoak. Ados al zaude? Lehen diskoa 2011an atera zen, eta gure hastapenetako abestien bilduma izan zen. Taldea bi urte lehenago sortu genuen, eta abesti horiek garai hartakoak dira. Agi­an, ez daude guztiz gorpuztuta.  Harrezkeropo, lan egin dugu entsegu lokalean, eta prozesuak ematen dizun eskarmentua du­gu orain. Doinu trinkoa lortu dugu. Talde izaera handiagoa dugu, eta hori antzeman egiten da, abesti berriak modu arinean eta naturalean entzuten direlako. Bigarren lana sei abestiko EP bat da. Disko bat bilakatzeko intentzioarekin akaso? Ez du zertan iraupen luzeko disko bat izan behar. Hori da gure egungo filosofia. Lehen diskoa, nolabait esateko, osatuta zegoen; abesti ugari genituen eta hamar barneratzea erabaki genuen. Syntorama management bulegoarekin lan berri bat egiteko hgitz egin genuenean, EP bat egitea proposatu genien. Ez genien lan hau bakarrik proposatu, baizik eta sei hilabetean behin EP berri bat. Eta horretan gabiltza. Urrian bigarren lan bat grabatuko dugu. Ez duzue denbora alderrik galtzen. Zortzi abesti berri ditugu, eta urrian Kaki Arkarazorekin grabatuko ditugu. Gero, ikusiko du­gu noiz eta nola argitaratuko dugun. Izan ere, ez dugu disko formatuan kaleratzeko asmorik. Bes­te formatu batean izango da. Ideia berritzaile bat dut buruan: objektu bat litzateke, baina ez da CDa edo biniloa izango. Ordenagailuarekin zerikusia izango du, baina ez internetekin. Objektu autonomoa izango da. Itzul gaitezen egungo diskora. Abestiek giro ona islatzen dute, bizizaleak eta baikorrak baitira. Azken abestiak (Ten fe) dioen bezala, bizi dugun egoera honen aurrean ez da fedea inoiz galdu behar? Itxaropena eta fedea ditugun gauza bakarrak dira. Aukeratu behar badut, nahiago dut baikorra izan. Irtenbide gehiago aurkitzen dituzu baikor izanda ezkor izanda baino. Ez zara miserien inguruan etengabe ariko. Jakina, miserien inguruan hitz egin dezakezu, baina modu konstruktiboan betiere. Bestalde, euskaraz abestera ere animatu zara, Bizitza maite abestian. Gizarte elebidun batean bizi gara, eta euskara oraindik gainditzeko dudan irakasgai dut. Niretzat galdutako kate-maila da: nire familia euskalduna zen, nire amonaren aldetik, baina ipotx alu horrek jende asko izorratu zuen, eta tartean gu ere bai. Konplexua da zure ama hizkuntza izan ez den hizkuntza batean espresatzea. Kontrolatzen ez duzunez, adierazi ezin duzu maitasuna bezala da. Niretzat garrantzitsua da, eta pixkanaka-pixkanaka ikasten ari naiz euskaltegian. Triz3ps hirukote bat da, tarteka boskote bihurtzen dena. Iñurritzan zein formatutan joko duzue? Ostiralean Zarautzen jotzen du­gu eta larunbatean Besaingo jazz jaialdian, eta bietan boskote modura ariko gara. Biran diskoan parte-hartu dugun bost kideok aritu gara, baina Luis Camino Sevillan bizi da eta askotan zaila egiten zaigu guztiok elkartzea. Hori horrela, taldearen izenak zentzua galtzen al du? Triz3ps beharrean Quintupl3pz bihurtzen da kar-kar. Egia esan, Triz3ps gara, baina Paul San Martin teklatu-jotzailearen eta Luis Camino perkusio-jotzailearen kolaborazioekin. Triz3ps gehi Biz3ps gara kar-kar. Egia esan taldearen izenak ez du zentzurik, bostok integraturik gaudelako eta oso ongi moldatzen garelako. Zarauzko emanaldia kalean izango da.  Zuen proposamenak, dena den, areto txikietarako aproposagoa dirudi. Ez al zaizue arraro suertatuko? Ez, niri asko gustatzen zait kalean jotzea. Triz3ps taldearekin atari zabalean jo izan dugu; iaz, esaterako, Donostiako Jazzaldian izan ginen, eta primerakoa izan zen. Gure musika jai-girokoa da, eta arratsaldeko azken ordu horiek oso onak iruditzen zaizkit jotzeko. Aretoetan beste ezaugarri batzuk hartzen dituzu; elektrikoagoa, akaso. Beraz, ilunabarrean garagardo bat hartzen entzutzeko primerakoa da? Bai, horretarako guztiz aproposa dela uste dut.  Ez gara musika talde kañeroa, baizik eta entzutekoa eta dantza egitekoa. Giro horretarako egokia, azken finean. Kontzertuaren ondoren DJ bezala ariko zara. Zer nolako musika jarriko duzu? Etxekalte garaiko Javi P3z itzuliko al da? Suabeagoa izango da. Tira, Etxekalten denetariko musika jartzen nuen, heavya izan ezik. Soul eta funky generoko musika izango da batik bat; nobedadeak eta iristen zaizkidan gauza interesgarriak. Guztia oso organikoa izango da, eta ahots askorekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide