Basarriri buruzko bertsoak nahi ditu izen bereko sariak

Aritz Mutiozabal 2013ko eka. 28a, 04:00

Inazio Eizmendi Basarri bertsolariaren eta kazetariaren izena daraman bertsopaper sariak bat egin du haren jaiotzaren mendeurreko ospakizunekin. Azken urteetan gaia librea izan bada ere, aurten lehiaketara aurkezten diren lanek Basarri izan beharko dute hizpide. Abagune ezin hobea bere figura eta ekarpena bertso berriekin omentzeko. Basarri izango da aurtengo lehiaketako gaia. (Amaia Ventas/Hitza) Zarauzko Udalak antolatu du, euskara suspertu eta bertsogintzari bultza nahian, eta lanak uztailaren 19a bitartean aurkeztu daitezke Kultura sailean, Sanz Enea kultur etxean (Nafarroa kalea, 22). Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina lan aurkez ditzake, eta lan bakoitza, gutxienez ere, zortzi bertsoz osatuta egon beharko du. Sarira aurkeztutako bertso idatziak originalak, argitaratu gabeak eta beste inon saritu gabeak izan beharko dute. Lehiaketako bi lana onenak sarituko dituzte. Irabazleak 1.100 euro saria eta txapela jasoko du, eta txapeldunordeak 750 euro eta oroigarriak. Lanek behar adinako mailarik ez badute, sariak eman gabe gera daitezke. Epaimahaiak irailaren lehen astean emango du jakitera bere erabakia. Sariak, urtero bezala, Euskal Astean egin ohi den Bertsolari Gazteen Txapelketan banatuko dituzte. Aurkezteko modua Parte-hartzaileek hainbat ezaugarri eduki beharko dute kontuan lanak aurkezterakoan. Bertsoak makinaz idatzita bakarrik onartuko dituzte, bertsotik bertsora bi lerro zuri utzitan. Lan originala eta horren kopia bat aurkeztu beharko dute, izengoiti batekin sinatuta, eta egilearen datuak aparteko gutun azal itxi batean aurkeztuta; gutun azalaren kanpoaldean izengoitia idatziko da. Ez dituzte posta elektronikoz bidalitako lanak onartuko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide