Kostako presoen egoera aztertu eta txostenak osatuko dituzte udalek

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko eka. 11a, 12:19

Kostako EH Bilduko hautetsiak, atzoko agerraldian. (Amaia Ventas/Hitza) EH Bilduko kostako alkate eta zinegotziek euskal presoen eskubideen alde zenbait konpromiso hartu dute, eta atzo arratsaldean azaldu zituzten elkarrekin egindako agerraldi publiko batean. «Ezinbestekoa da lehenbailehen dispertsioa eta horrek dakarren eskubide urraketa amaitzea», adierazi zuen Orioko alkate Beñat Solaberrietak. «Konponbide prozesuari Madrilek eta Parisek ezartzen dioten blokeoa gainditu beharra dago». Ildo horretatik, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako presoen senideekin bilerak egingo dituzte aurrerantzean, haien egoeraren berri zehatz mehatz izateko. Horrekin batera, herriko presoen egoeraren inguruko udal dosierra osatuko dute, horien egoera aztertuko duena. Era berean, herriko presoei bisita ofiziala egingo diete Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako EH Bilduko hautetsiek, haien ahotik jakiteko zein egoeretan aurkitzen diren. Bestalde, hilabeteko azken ostiraletan Herrirak deitutako elkarretaratzeetan parte hartuko dute, modu ofizialean. Dispertsioa amaitu Pasa den urtarrilaren 12an euskal presoen eskubideen alde «inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena» egin zuten Bilboko kaleetan. EH Bilduren iritziz, manifestazioaren leloak primeran laburbiltzen du euskal gehiengo politiko eta sozialaren aldarria eta exijentzia: Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira. Mobilizazio horrek interpelazio erraldoia ekarri zuela nabarmendu zuen Solaberrietak: «Lehenik eta behin, Espainia eta Frantziako gobernuak interpelatu ziren, gatazkaren konponbiderako aukeraren aurrean duten blokeo jarreragatik, eta jarrera hori, hein handi batean, euskal presoen eskubideen urraketan oinarritzeagatik». Halaber, eragile politiko, sindikal eta sozial guztientzako interpelazioa ere izan zela gogoratu du: «Euskal jendarteak konpromisoak eskatzen dizkigu guztioi, dispertsioa amaitzeko, giza eskubide guztien aitortza eta errespeturako, gatazka konpontzeko eta bakea eraikitzeko». EH Bildurentzat lehentasuna dute aldarrikapen horiek, «bidezkoak izateaz gain, gizartearentzat ere garrantsitsuak» direlako. «Presoen eskubideen inguruan ados dago euskal gizartea. Euskaldunok bai baitakigu presoen eskubideak betetzen ez diren bitartean prozesuak aurrera egiteko zama jasanezina izango duela», gaineratu zuen. Haren arabera, gatazka politikoaren ondorioei aurre egiteko garaia heldu da. Zenbait alorretan aurrerapausoak eman diren arren, asko dago egiteko normalizazioan, elkarbizitzan, biktima guztien aitortzan, besteak beste. «Arlo bakar batean ez da aurrerapausorik eman: presoen eskubideen alorrean. Jarrera inmobilistak ikusten dira zentzu horretan», esan zuen. Manifestazioa eta ekitaldia «Indar okupatzaileak» Euskal Herritik joan daitezen manifestazioak antolatu ditu aurkeztu berri duten Alde Hemendik Herri Mugimenduak  hainbat herritan, tartean, Zarautzen. Larunbatean izango da Alde hemendik, utzi bakean Euskal Herrian lemapean, 19:30ean, Musika Plazatik abiatuta. Egun horretan bertan, Iheslarien Ekitaldi Nazionala egingo dute Biarritzen, iheslari politikoen kolektiboak antolatuta. Bertaratu nahi dutenentzat autobusak antolatu dituzte. Zarauzko Arrano tabernan eman beharko da izena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide