(Argazkilaria: Arnaitz Rubio)
Zumaiako
Baleike aldizkariko zuzendari Gorka Zabaletak (Zumaia, 1973) CAF-Elhuyar saria irabazi du,CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundeko fisikari Angel Mari Urangari egindako elkarrizketagatik. Herri aldizkarian bertan argitaratu zuen. Zientzia-kazetaritza arloko saria jaso du Zabaletak, zehazki.
Bigarren aldiz eman dizute Elhuyar Saria. Gauzak ondo egiten ari zaren seinalea al da?
Sariek zerbait ondo egiten ari garela adierazten dute. Zientzia kazetaritzari dagokionean, berriz, tokiko heldabideetan ez da ohikoa zientzia gaiak lantzea, normalean herriari dagozkion gaietan zentratzen baikara, eta zientzia beste esparru bateko kontua dela iruditzen baitzaigu. Nire iritziz zientzia jorratu behar dugu beste edozein esparru bezala. Zientziaz inguratuta bizi gara, eta, nahi izanez gero, gaiak baditugu. Badakit gaur egun gai gatazkatsuagoak eta interes handiagoa sortzen dutenak badaudela, baina nik usten dut zientziari merezi duen tartea eskaini behar zaiola.
Nolatan bururatu zitzaizun gai hori jorratzea?
Kazetariaren zaletasunak eta interesak zeresana izaten dute gai bat ala bestea aukeratzerako orduan, baina kazetariak beti argi izan behar du argitaratzeko interesgarria den ala ez. Higgsen partikulak lerroburu ugari hartu zituen mundu guztiko komunikabideetan eta niri jakin-mina piztu zidan gaiak. Jakin genuen Zumaian bagenuela fisikari bat, Suitzako CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundean urte askotan lanean aritutakoa eta gaian aditua. Harremanetan jarri ginen, eta modu horretan animatu ginen erreportajea egitera.
Mota honetako elkarrizketek eta erreportajeek prestaketa berezia eskatzen al dute?
Gaia lantzea erabaki genuenean, nire beldurra Urangak azaldutakoa ulertzeko ez ote nintzen gai izango zen. Muturreko zinetziaz hitz egiten ari gara, oraindik frogatu gabe dauden teoriak sortzen dituzten zientzialaria da Uranga, eta badaude formulazio batzuk zientzialarientzat ere ulertzeko zailak direnak. Guk lau dimentsio ezagutzen ditugu, eta zientzialari hauek teoria batean hamaika dimentsioz hitz egiten ari dira. Alberto Gorritibereak gaiaren inguruan sarean dauden dokumental dibulgatibo batzuen erreferentziak eman zizkidan, eta hortik abiatu nintzen.
Zuk ulertu arren, herritarrei hori azaltzea ere ez zen erraza izango.
Hori asko kostatu zitzaidan. Angel Mari Urangak ondo azaltzen ditu gauzak, baina aditua ez naizenez, gauzak azaltzerako garaian hanka sartzeko beldurra nuen. Zientzian kontzeptuak oso zorrotzak dira, eta ulergarriagoa egin nahian zorroztasuna galtzeko arriskua dago. Gainera, Urangari elkarrizketa gaztelaniaz egin nion, berak zientzia gaiak gaztelaniaz azaltzeko erraztasun handiagoa duelako, eta esandakoak euskarara ekarri nituen ondoren. Ariketa konplexu samarra izan zen.
Harrera ona izan al zuen elkarrizketak zumaiarren artean?
Zientziari buruzko gaiek ez dute harrera onik izaten, zientziak ez baitu herritarrentzat beste gai batzuk izan dezaketen erakargarritasuna. Badakigu halako lanak egitean ez dela izango mundu osoa dantzan jarriko duen erreportaje bat, baina gutxiengo bati iristen bazaio eta interesa pizten badu, gustura gaude.
Badago jendea herri kazetaritzak herriko gaietara mugatu behar duela usten duena. Ildo horretatik, kritikarik jaso al duzu?
Ez dit inork horrelako ezer komentatu; aldiz, ekarpen positiboak egin dizkidate. Anjel Mari Urangaren elkarrizketarekin batera, Kataluniako Diadaren ondoren izan zen saltsa politikoaren inguruko erreportajea argitaratu genuen Katalunian bizi ziren zumaiarrekin hitz eginda. Bi gaiak herrikoak ez izan arren, zumaiarren begietatik landu genituen, eta batek baino gehiagok aipatu zidan oso interesgarria dela beste izaera bateko gaiak
Baleike-n irakurtzea. Nik neuk ez diot zentzu handirik ikusten gure jarduna herriaren muga fisikoetara mugatzeari. Zumaiarren interesak ez baitira mugatzen herriaren mugetara. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait herritarren ahotsetik edo herritik abiatuta gai globalak lantzea eta gai globalak herrira ekartzea.
Tokian tokiko hedabideen bikaintasuna lortzeko, lan egiteko modu hori izan al daiteke bidea?
Teknologiaren garapenak eta krisi ekonomikoak zuzenean eragiten diete hedabideei. Tokiko hedabideak txikiak gara, eta, oro har, oso egitura ahulak ditugu; herriko aldizkaria eta zenbait kasutan webgunea aurrera ateratzera ozta-ozta iristen gara. Aldaketa handia datorkigu, alde batetik diru iturriak ziurtatzea gero eta zailagoa delako, eta, bestetik, teknologia berriak aukera berriak zabaltzen ari direlako. Gaur egun ditugun egitura txikietatik ezin diogu aldaketa sakon horri aurre egin, eta horregatik egitura sendoagoak lortzeko bidea jorratzen ari gara. Egitura sendoago horiek lortzen baditugu, kazetaritza egiteko baldintza hobeak izango ditugu, eta baldintza hobeetan lan eginez gero, gure produktua eta eskaintza hobea izango da. Garai berrietara egokitzen jakin behar dugu, gure helburua herritarrei euren ingurua ulertzeko baliabideak ematea baita. Dena dela, ingurua diogunean ez dugu herrira mugatu behar, nik ez baitut ezagutzen zumaiarrik Zumaia soilik interesatzen zaionik. Gaur egun Zumaian eta munduan bizi gara, eta gai globalek zuzenean eragiten digute. Bestalde, esan nahi nuke kazetaritza kazetariaren baitan dagoela, eta lan ona egiterako orduan garrantzitsuena kazetariak barruan daraman grina, gaiak eta iturriak aukeratzeko gaitasuna eta zorrontasuna direla.