Igor Escudero: «Aurreko lanarekin alderatuta, ez da hain elektronikoa izango»

Aritz Mutiozabal 2013ko api. 25a, 17:30

Eskuinetik bigarrena da Igor Escudero (Argazkia: Nacho Alegre) Urtebeteko atsedenaren ondoren, taula gainera itzuli da Delorean, eta etzi Azpeitiko Sanagustin kulturgunean ariko da zuzenean; aurretik,  23:00­etan, Urtzi Azkue & The Funk Junkers taldeak joko du. Deloreaneko kide Igor Escuderok (Zarautz, 1981) grabatu berri duten diskoa eta aurreikusten dituzten bira izan du hizpide HITZA-rekin. Zuzenekoetara bueltatu zarete. Berriro ere taula gainera igotzeko gogoz al zeundeten? Bai, zalantzarik gabe. Aurten ja­da hamar kontzertu eman ditugu; Madrilen, Bartzelonan eta AEBetan. Iazko urte osoan, emanaldi bat salbu, ez genuen zuzenekorik eskaini, eta urte berriarekin batera taula gainera itzuli gara. Udan disko berria argitaratuko dugu, eta abesti berriak probatu nahi ditugu zuzenean. Disko berria duzue esku artean, beraz. Aurreratzerik izango al zenuke nolako lana izango den? Aurrekoarekin alderatuta, house erritmo gutxiago izango du, eta ez da hain elektronikoa izango. Betiko musika tresnak berreskuratu ditugu; hau da, gitarrak eta bateriak. Aurrekoa oso elektronikoa zen, eta oraingoan, alde horretatik, lehengora itzuli gara. Atzera buelta moduko bat izan al da? Zuen estreinako diskora, akaso? Ez, ez da halakorik. Guk aurrera begiratzen dugu, uneoro. Kontua da benetako instrumentuak erabili ditugula disko berrian, nahiz eta ez zaidan horrela definitzea gustatzen. Azkenaldian sintetizadoreak, teklatuak eta sampler asko erabiltzen ari ginen. Gauza bera behin eta berriro egiteak aspertu egiten zaituztela adierazi izan duzue hainbat elkarrizketatan. Hori al da aldaketaren arrazoia? Guretzat ez zuen inolako zentzurik aurrekoaren berdina zen disko bat egitea. Ez zaigu gauzak errepikatzea gustatzen. Gauza berriak probatu zale gara, eta azkenaldian garai bateko musika gehiago entzuten dugunez, iturri horietatik edaten saiatu gara. Gure doinuari beste eragin batzuk ematen, alegia. Disko berrirako 80eko hamardako ekoizpenetan jarri ditugu begiak batez ere, baina gure asmoa ez da 80eko hamarkadako disko bat jorratzea. Gaur egungo diskoa izango da, baina antzematen da nondik datorren, abestiek pop egitura handiagoa baitute. Udan ikusiko du argia, baina data zehatzik ba al duzue? Oker ez banago, abuztuaren 26an argitaratuko dugu, Mushroom Pillow diskoetxearekin. Eta izenburua euskaraz izango duela entzun dut... Bai, baina oraindik ezin dut horren berri eman [kar-kar]. Nola izan da prozesu guztia? Diskoa taldekide guztion artean idatzi dugu, eta, gero AEBetara joan gara, Chris Zane ekoizlearekin grabatzera. Otsailean izan ginen New Yorken, Gigantige estudioetan, eta bertan grabatu nahiz ekoiztu genuen elkarlanean. Nahasketak martxoan egin genituen, Internet bidez; guk Bartzelonatik eta berak New Yorketik. Zer moduzko esperientzia izan da? Ezagutzen al zenuten elkar? Bion arteko erlazioa duela bi urte hasi zen. New Yorken jo genuen, eta bera kontzertura etorri zen. Dirudienez, asko gustatu zitzaion gure musika, eta hurrengo egunean idatzi egin zigun, bere estudiora gonbidatuz. Halaxe egin genuen, eta, egia esan, asko gustatu zitzaigun. Hori horrela, disko berriarekin lanean hasi ginean, beregan pentsatu genuen. Oraingo kontzertuetan abesti berriak tartekatzen ari zarete. Jarraitzaileek nola hartu dituzte? Aldaketa antzematen da, nahiz eta oraindik abesti berri gehiegi ere ez ditugun jo. Dena dela, orain arte jarraitzaileengandik jaso dugun erantzuna ona izan da. Azpeitiko kontzertuaren ondoren udako jaialdi garrantzitsuenetan izango zarete: Primavera Sound, Sonar, Mulafest, BBK Live eta Kutxa Kultur Festibal. Eskaera handi izaten ari zarete. Egia esan, ezin gara kexatu. Kontzertu dezente ditugu, eta garrantzitsua da jendeak gurekin kontatzea jaialdi hauetarako. Kontzertu sorta hori ondoren etorriko den biraren aurrerapen moduko zerbait izango da. Jaialdi horie­tarako errepertorio berria nahi dugu prestatu. Joan den astean bukatu genuen diskoa, eta orain buru-belarri jarri gara abesti berriak entseatzen. Beraz, jaialdi horietarako zerbait prestatu nahi dugu, ondoren biran erabiltzeko. Subiza aurreko lanarekin bezala, nazioartean aritzeko asmoa al duzue bira berrian? Diskoa argitaratzearekin batera, AEBetara goaz abuztuaren bukaeran. Hasieran, bira labur bat egingo dugu, hamabost egunetakoa; Los Angelesen izango gara, baina gainerako emanaldiak zehazteko daude. Gero, buelta egingo dugu, Donostiako Kutxa Kultur Festibalean jotzeko. Oraingoz, AEBetako bidaia hori bakarrik aurreikusten al duzue? Gure asmoa, behintzat, irailean Europan zehar aritzea da, eta urrian berriro AEBetara itzultzea. Nolanahi ere, oraindik managerrarekin bildu eta plangintza bat osatu behar dugu. Zer espero duzue disko berriarekin? Zein da zuen erronka? Pausoz pauso joan gara gure ibilbidea lantzen. Behetik gora, alegia. Gure erronka mailaz igotzen joatea da; hau da, publiko zabalago batengana iristea, edo gure saioetara jende gehiago erakartzea. Oraingoz, ezin gara kexatu. Hedabideetan oihartzun handia duzue, baina oraindik eszena alternatiboan mugitzen zarete. Esparru komertzialago batera jauzi egitea gustatuko litzaizueke, ala eroso zaudete egun zaudeten tokian? Eroso gaude gauden tokian. Guretzako garrantzitsuena nahi dugun hori egin ahal izatea da. Jende gehiagorengana iristea ere bai, baina norbera aldatu gabe. Hori lortzen duten taldeak asko errespetatzen ditut. Zuek badaramazue urte batzuk Bartzelonan. Ezinbestekoa al da Bartzelonako eszenan sartuta egotea zuen musika aurrera ateratzeko? Ez, inolaz ere. Betidanik esan dugu gure musika edonon egin ahal izango genukeela. Azkenean, gela bat baino ez dugu behar, gure musika sortzeko. Egia esan, ez dugu pentsatzen Bartzelonako eszenan parte hartzen dugunik. Gainera, Internetek ematen duen zabalkundeari esker, gure musika oso deslokalizatuta dagoela uste dugu. Gu gure erara gabiltza, gure bidetik. Bartzelonan lagun asko ditugu, baina ez zait iruditzen eszena jakin bat dagoenik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide