Javier Lumbreras (Irun, 1971) aditua da bonsaien zainketan, eta Irunen du mintegia. Tooru Tsukui maisu japoniarrarekin ikasi zuen bonsaiak zaintzeko artea, eta zazpi urte inguru darama Aiako Landare Berezien Azokan parte hartzen. Aurten ere bertan izango da. Irundarrarentzat asteburuko azoka saldu eta erosteko gunea izateaz gain, landareen inguruko ezagutza partekatzeko toki aproposa ere bada.
Zer aurkeztuko duzu Aiako Landare Berezien Azokan?
Bonsaiak eta bonsaiak zaintzeko osagarriak aurkeztuko ditut. Azokara hainbat jatorritako bonsaiak eramango ditut, batzuk tropikalak, besteak japoniarrak etatxinatarrak. Horretaz gain, nik neuk sortutako bonsaiak ere izango ditut postuan.
Zuk zeuk ere bonsai mota berriak sortzen dituzu, beraz?
Mintegian bonsaiak bakarri ditugu, eta horiek saltzeaz gain, guk geuk sortu ere egiten ditugu. Gainera, bezeroen bonsaien mantenua ere egiten dugu, eta klaseak ematen ditugu.
Nola sortzen dituzu bonsai mota berriak?
Normalean bonsai berriak sortzeko aldaxakatik edo probenatik abiatzen gara. Bonsaiak sortzeko espezie egokiak diren zuhaitzetatik aldaxkak hartzen ditugu; prozesua luzea da, zuhaixkek gorpuztu egin behar izaten baitute lehenengo, eta ondoren lorontzira egokitu eta bertan hazi. Zenbaitetan, hazitik abiatuta ere sortzen ditugu bonsaiak, aldaxketatik abiatuta ugaldu ezin direnak. Niretzat oso pozgarria da nik neuk bonsaiak sortzeko gaitasuna izatea, zuhaitzekin batera hazteko eta naturarengandik ikasten joateko aukera ematen baitit horrek.
Bonsaiek zaintzeko zailak izateko fama dute. Zeri iruditzen zaizu?
Zaila baino gehiago, ardura handiko lana da, eta uste dut hori falta dela orokorrean gizartean. Bonsaiak gure beharra dute bizi ahal izateko, ureztatu eta egunero zaindu behar dira. Bonsaiari ezin zaio urik falta, eta horregatik zaintzerako orduan zailena zein unetan ureztatu behar den jakitea da. Bestela, gainontzeko landare apaingarrien zainketa bera izaten dute. Badira etxean izan ditzazkegun landare tropikalak zaintzeko bonsaiak baino zailagoak direnak. Bestalde, bonsai moduan landu ditzakegu bertako espezieak edota gure klimara primeran egokitzen diren espezieak.
Zein dira bonsai politak eta osasuntsuak izateko gakoak?
Garrantzitsuena bonsaia ureztatzea da. Mintegira ekartzen dizkiguten bonsai hilen %90 lehortu egin direlako hil dira. Bonsaiek ur asko behar dute. Horretaz gain, kanpoan, gune eguzkitsu batean eduki behar dira bonsaiak, tropikalak ez badira behintzat. Gainera, osasuntsua egon daitezen, garrantzitsua izaten da gaixotasun edo izurriteren bat dutenean, tratatzea. Bestetik, bonsaiak kimatu egin behar dira, polit mantendu eta dentsitatea lortu dezaten, eta ongarria botatzea ere garrantzitsua da.