Andoni Egaña: “Gaur egungoak historian meriturik handiena duten euskaldunak gara”

Baleike 2013ko mar. 11a, 14:27

Joan den asteazkenean Andoni Egañak hitzaldia eman zuen Zumaiako Alondegia Kultur etxean “Euskara, bestela ez gara” zikloaren baitan hirugarrena. Egañak galdera itxuran eman zuen hitzaldiaren izenburua Zer egin dugu ongi? Zer gaizki?  eta hitzaldia ere horrelaxe hasi zuen, jendeari galderak eginez, eta jarraitu ere neurri batean bai, bere jardunean hainbat galdera bota baitzituen airera. Euskara ondo doa, baina… Hiru galderako sorta bota zigun lehenengo-lehenengo, “zuetako nork pentsatzen du euskara ondo doala? Erdipurdi doala? Eta gaizki doala? Jendeak eskua altxatuta erantzun zuen eta han bildutako gehienen ustez euskara erdipurdi doala ikusi zen. Andonik beti galdera bera egiten omen du eta egiten duen lekuan egiten duela erantzuna ere beti iguala izaten omen da. Alegia, gehienen ustez euskara erdipurdi doala. Berak ere bat egin zuen nolabait uste horrekin; hiru ideia eman zituen euskararen egoera ona irudikatzeko, bakoitzari ordea, “baina” bat ipini zion: Euskara inoiz baino jende gehiagok daki, baina erabilera ez da ezagutzaren parekoa. Euskara inoiz baino lurralde zabalagoan erabiltzen da aldi berean, baina leku batzuetan oso-oso gutxi erabiltzen da. Inoiz baino gai gehiagoaz hitz egiten da euskaraz, baina gai batzuetan irabazitakoa beste batzuetan galdu egin da. Azken puntu honetan Andonik bat egiten du Kikek zikloaren hasierako hitzaldian esandakoarekin, alegia, eremu formaletan asko [...]

Joan den asteazkenean Andoni Egañak hitzaldia eman zuen Zumaiako Alondegia Kultur etxean “Euskara, bestela ez gara” zikloaren baitan hirugarrena. Egañak galdera itxuran eman zuen hitzaldiaren izenburua Zer egin dugu ongi? Zer gaizki?  eta hitzaldia ere horrelaxe hasi zuen, jendeari galderak eginez, eta jarraitu ere neurri batean bai, bere jardunean hainbat galdera bota baitzituen airera.

Euskara ondo doa, baina…

Hiru galderako sorta bota zigun lehenengo-lehenengo, “zuetako nork pentsatzen du euskara ondo doala? Erdipurdi doala? Eta gaizki doala? Jendeak eskua altxatuta erantzun zuen eta han bildutako gehienen ustez euskara erdipurdi doala ikusi zen. Andonik beti galdera bera egiten omen du eta egiten duen lekuan egiten duela erantzuna ere beti iguala izaten omen da. Alegia, gehienen ustez euskara erdipurdi doala.

Berak ere bat egin zuen nolabait uste horrekin; hiru ideia eman zituen euskararen egoera ona irudikatzeko, bakoitzari ordea, “baina” bat ipini zion: Euskara inoiz baino jende gehiagok daki, baina erabilera ez da ezagutzaren parekoa. Euskara inoiz baino lurralde zabalagoan erabiltzen da aldi berean, baina leku batzuetan oso-oso gutxi erabiltzen da. Inoiz baino gai gehiagoaz hitz egiten da euskaraz, baina gai batzuetan irabazitakoa beste batzuetan galdu egin da.

Azken puntu honetan Andonik bat egiten du Kikek zikloaren hasierako hitzaldian esandakoarekin, alegia, eremu formaletan asko indartu dela euskara, baina erabilera informalean asko galdu duela era berean; gazteek ez dakite euskaraz mehatxatzen, adierazkortasuna falta zaie…. Argotak falta zaizkie, baina hori ezin eman die Euskaltzaindiak edo irakasleek, beraiek sortu behar duten kontu bat izan beharko luke.

Azken 40 urtetan miraria egin du euskarak

Egañak, hala ere, ez du uste gaizki ari garenik, 82an Liga irabazi zuen Errealeko jokalariak esaterako, oso “baskoak” zirela esan zuen baina euskaraz haietako inork ez zekiela, gaur egungo taldean, ordea, asko dira euskaraz txukun egiten duten jokalariak eta eredu dira alde horretatik. Azken 40 urtean mirari bat egin du euskarak, euskara hutsez egindako lehenengo kirol emankizunetik 31 urte inguru pasatu dira, eta ordutik hona salto izugarria egin da.

Puntu honetara iritsita, euskarak aurrera egiteko gakoak eman zituen. Bere ustez, bi faktore mota hartu behar dira kontuan: hizkuntzaren baitako faktoreak (lexikoa, gramatika, hitanoa, literatura…) eta hizkuntzaz kanpokoak (hizkuntzarekiko sentimenduak, estatusa…). Biak dira oso-oso garrantzitsuak, baina batak bestea gabe ez du ezer lortuko. Biak ongi konjugatzen asmatzen badugu orduan egingo du euskarak aurrera.

Euskarak badu drama bat; beharrik eza. Gaur egun ez dago jada euskaldun elebakarrik eta beraz, euskara ez da behar bizitzeko. Hala ere, gaur egun lehenengo hitza euskaraz eginda sorpresa atseginak hartzen dira bazterretan. Drama horri aurre egiteko, ordea, harrotasuna aipatzen du Egañak, bere ustez, gaur egungoak historian meriturik handiena duten euskaldunak gara. Orain arte ez zegoen beste hizkuntzarik, baina orain, guk beste hizkuntza batzuk jakinda ere, euskara erabiltzea erabaki dugu, eta harrotasun horrek lagundu behar liguke beharrik eza gainditzen.

Kultura eta komunikabideak ere hizpide

Kulturari dagokionez, kontraesana ikusten du, alde batetik kalitate handiko kultur produkzio oparoa dagoela uste du; euskal literatura, musika, antzerkia, bertsolaritza oso maila onean daude. Kontsumoa, ordea, oso txikia da: masa kritiko txikia da euskaraz produzitzen dena kontsumitzeko,eta hori arazoa izan daiteke. Nolanahi ere, kontuan izanda 50 urtetik beherako gehienak euskaraz eskolatutakoak direla, nola liteke produktu horien kontsumitzaileak hain gutxi izatea? Espero daitekeena baino txikiagoa da euskal kulturaren kontsumoa; zer pentsatua ematen du. Zergatik ez du euskal jendeak euskal kultura kontsumitzen? Erantzuna, bistan da, ez dago kultura horren kalitate-mailan. Beraz, non dago arazoa?

Komunikabideei dagokienez berriz, erabaki garrantzitsuak hartu beharra ikusten du Andonik. Zer nolako euskara erabili behar dute hedabideek? Zein ikuspegirekin jokatu behar dute? Zentralistak ala lokalistak izan behar dute? Kontuan hartuta Euskal Herriaz ari garenean zentralista izatea ere nahiko lokalista izatea dela.

Gai horien inguruan jendeak hainbat ekarpen egin zituen eta giro politean amaitu zen saioa.

Josune Herrarte / Udaleko euskara teknikaria

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide