Ezin eramana, ezin onartua

Aritz Mutiozabal 2013ko ots. 21a, 13:36

Pottola antzezlaneko aktore taldea. Ezkerretik hasita, Joseba Usabiaga, Ainhoa Garai, Aitor Fernandino eta Lur Korta. (Argazkia: Txalo Produkzioak) Estereotipoak eta aurreiritziak baztertzeko asmoz, Txalo ekoizpen etxeak Pottola antzezlana taularatuko du bihar Aita Mari antzokian. «Garrantzia handiegia ematen diogu itxurari, jendeak gutaz pentsatzen duenari, eta jende aurrean ongi egon nahiari. Azken finean, horri guztiari kritika egiten dio obrak». Argi eta garbi azaldu du Zarauzko bizilagun Ainhoa Garai aktore arrasatearrak. Istorioak mezu serioa du, baina, era berean, umore klabean dago kontatuta. «Komedia dramatikoa da, eta sakonean kontatzen dugun istorioa oso gogorra den arren, komedia ukituekin estalita dago». Gorka Elenarekin maitemindu da. Horrela abiatzen da Pottola. Neskalagun berria emakume adimentsua, atsegina eta sentsuala da, eta oso dibertigarria. Printzipioz, maitasun istorio arrunta dirudi. Ez dago inolako eragozpenik... Ala bai? Elena lodia da, behar baino 30 kilo gehiago baititu, baina Gorkari bost axola zaio. Aitzitik, Gorkaren lagun Alexek eta Blancak ez dute begi onez ikusten bien arteko harremana. Egoera zirikatzen Ainhoa Garai Blanca izango da antzezlanean, eta bere betebeharra egoera zirikatzea izango da, Gorkaren sentimenduak kolokan jartzeraino. «Lankideak dira, baina lanetik kanpo ere elkartu dira hainbat aldiz. Gorkak Elena ezagutzen duenean, ordea, albo batera uzten du Blanca. Nire pertsonaiaren trama edo ibilbidea hori da: jeloskor nago Gorkak emakume lodi bategatik utzi nauelako». Alex, Gorka eta Blanca lanpostu ona duten hiru gazte arrakastatsu dira, maila sozioekonomiko altukoak. «Bizitza ulertzen dute eurek bizi duten erara. Haien eskemetatik kanpo dagoen guztia onartezina iruditzen zaie», dio Zarauzko aktoreak. «Kanpo itxurari sekulako garrantzia ematen diote, dirua izateari, bizitza perfektuari. Gainontzekoek haiei buruz esaten duenari garrantzia ematen diotenez, hortik kanpoko guztia ezin dute ulertu. Blancak eta Alexek ez dute ulertzen nola Gorka emakume pottola batekin maitemindu den. Sekulako basakeriak esaten dizkiote». Harremana zapuztu baino beste helbururik ez dute izango, beraz. «Gure pertsonaiek benetan pentsatzen dutena esango diote. Hartu duen erabakia konprenitzen ez dutenez, argi eta garbi azalduko diote zein den beren jarrera. Horren aurrean, Gorka zalantzak izango ditu benetan zer nahi duen. Alde batetik, maiteminduta dago Elenarekin, baina, bestetik, lotsa ematen dio, jendearen txutxumutxuei garrantzia handia ematen dielako». Hori da istorioaren gakoa: Gorkak zer erabakiko duen; hau da, alde batera joko duen ala bestera. Ikusle «maltzurra» Blancaren eta Alexen jokabideak erabat gaitzesgarriak izanagatik, errealitatearen isla da. Fikzioa bada ere, egunerokoan maiz gertatzen dena. «Antzezlaneko pertsonaien munduan are gehiago ematen da. Beharbada, egoera xumeago batean ez da horren erradikala, baina gertatu ohi da», adierazi du Garaik. Nolanahi ere, ikusleak barre egingo du, eta, neurri batean, «maltzur» bilakatuko da. «Sekulako barrabaskeriak esaten ditugu oholtza gainean, eta hasieran grazia egiten dizu, baina obra bukatzen doan heinean, konturatzen zara gaia serioa dela, baita zeri buruz barrezka ari zaren ere. Graziei barre egiten diezu gehiegi pentsatu gabe. Baina, funtsean, eman nahi duzun mezua beste bat da». Ainhoa Garai Baginaren bakarrizketak antzezlanarekin aritu zen Pottola-ren erronka heldu aurretik. Batak bestearekin ez duela zerikusirik aditzera eman du aktoreak: «Baginaren bakarrizketak lanean bi aktore ginen taula gainean, eta publikoari hitz egiten genion. Kasu honetan lau lagun gara, eta istorioa bera guztiz bestelakoa da. Gainera, formatua ezberdina da; laugarren pareta dago, eta ez gatzaizkio publikoari zuzenean ariko. Biek dute berea, eta biekin disfrutatzen da». Urtarrilaren 12an estreinatu zuten antzezlana, eta orain arte egin dituzten emanaldiek harrera ona izan dutela nabarmendu du aktoreak. «Publikoak berehala konektatzen du kontakizunarekin, eta, egia esan, harrera ona izaten ari gara. Oso gustura gaude antzezlanarekin». Bihar iluntzean, 22:00etatik aurrera, helburu bera izango dute Zumaian: antzezlana ikustera gerturatzen den oro asebetetzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide