JCorrugados Azpeitiako langileak, Landetako lantegitik herriko plazarako manifestazioan, ostiralean. (Nerea Uranga/Hitza)
Greba mugagabea utzi, eta negoziazioei bidea egitea zen Corrugados Azpeitiako langileen asmoa. Baina lanuztea eten zutenetik nagusiekin egindako bilerek ez dute emaitzarik izan. Urtarrilaren 15ean oporretatik lanera itzuli, eta oporraldia luzatu egin zien hilaren 24ra arte. «Bileretan ez dute ezer berririk proposatzen», azaldu dute Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko ordezkariek. Ondorioz, nagusien «negoziatzeko borondate ezarekin oso kezkatuta» azaldu dira langileak.
Enpresaren buruak, Alfonso Gallardok, duen jarreraz «irakurketa oso ezkorra» egiten dutela esan dute langileen ordezkariek. «Enpresarekin jarraitzeko borondate ezaren susmoa» hartzen diote diote jarrerari, eta oporraldia enpresa martxan ez jartzeko aitzakia besterik ez delakoan daude.
Orain enpresa martxan jartzen ez badute, «itxiera patronal baten aurrean» leudekela pentsatzen dute langileek, eta horrek 300 lanpostu desagertzea ekarriko lukeela diote.
Langileen proposamena
LAB eta ELAko Enpresa Batzordeko kideek proposamen bat helarazi zioten azkenengo bileran Corrugadoseko nagusiei, «negoziazioa ahalbidetzeko». Proposamen horren arabera, kaleratzeak borondatezkoak izan beharko lukete. Horrez gain, lanaldia gehitzea ez lukete onartuko, eta ezta enpresak proposatzen duen neurrian eta eran soldata jaistea ere. Baina aparteko soldata bat ez jasotzeko prest leudeke langileak, baldin eta etorkizunean hori jasotzeko era adostuko balute; soldata osoaren %7 izango litzateke. Lana Erregulatzeko Txostenaren gainean hitz egiteko ere prest leudeke langileak, «beti ere txandakakoa eta ekitatiboa den neurrian». Langileei zor dizkion soldatak ordaintzeko, 400.000 tona bermatzen duen industria plana aurkezteko eta akordioak iraun bitartean Lana Erregulatzeko Txostenik ez aurkezteko konpromisoak hartzeko ere eskatu diote enpresari.
Baina enpresako nagusiak geldirik daudela eta ez dutela aurrerapausorik emateko borondaterik salatu dute langileek. «Oso kezkatuta gaude enpresak duen jarrerarekin. Punturen batean edo bestean hurbilketa egon liteke, baina enpresari ez diogu benetako borondaterik ikusten. Bereari eusten dio, eta negoziazioa ez doa aurrera; ez dago negoziazio errealik», esan dute.
Nagusiek «inposatu» dizkien oporren kontra auzitara joko dutela ere berretsi dute. «Inposaketa hau gure kontrako neurritzat hartzen dugulako, gure eskubideen alde egingo dugu».
Enpresaren negoziatzeko borondate faltaren aurrean eta itxiera patronalaren arriskua salatzeko mobilizazioak hasteko asmoa dutela diote Enpresa Batzordeko ELA eta LABekoek. «Egoera konpontzeko bide bakarra akordioa lortzea da, eta inposaketaren bidetik ez dago horretarako aukerarik».