Hiri Debekatuaren mapa osatzen ari da udala herritarrekin

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko urr. 30a, 07:00

Zarauzko Udaleko Parekidetasun saila Hiri Debekatuaren Mapa osatzen ari da, Elhuyar aholkularitza zerbitzuaren laguntzarekin. Zarautzen hirigintza eta generoaren inguruko diagnosia egitea eta proposamen zehatzak lantzea da proiektuaren funtsa, genero i...

Zarauzko Udaleko Parekidetasun saila Hiri Debekatuaren Mapa osatzen ari da, Elhuyar aholkularitza zerbitzuaren laguntzarekin. Zarautzen hirigintza eta generoaren inguruko diagnosia egitea eta proposamen zehatzak lantzea da proiektuaren funtsa, genero inpaktua kontuan hartuta eta «kalean zehar lasai mugitzeko, egoteko edo herria bizitzeko» helburuarekin.

Lau ardatzetan oinarritu dira azterketa egiteko: mugikortasuna eta dependentzia, ekipamenduen sarea, espazio publikoak eta emakumeen presentzia eta emakumeen presentzia sinbolikoa eta askatasuna.
Aspektu horiek aztertzeko, hainbat tailer antolatu dute  ordezkari politiko, udal teknikariekin zein herriko askotariko elkarteekin.

Prozesuaren fase guztietan herritarren parte-hartzea «oso garrantzitsua» da, bai diagnostikoa egiterakoan eta baita eman daitezkeen pausoak aztertzerakoan ere. Hori dela eta, herritarren iritzi oro jasotzearren Parekidetasun sailaren blogean (www.berdintasunazarautz.blogspot.com) edota Facebookeko profilean (Parekidetasun Saila Zarauzko Udala) herriko mapa zintzilikatu dute zarauztarrek leku ez seguruak, gabeziak edo hobetu beharrekoak (mugikortasuna, espazio publikoa…) eta aipagarriak iruditzen zaizkien gune zehatzak markatzeko.

Plangintza
Datorren urteko urtarrilean zein otsailean, herritarrek detektatu dituzten puntu beltzetan nola esku hartu aztertuko dute arduradunek. Gerora,  egin beharreko aldaketa zein berrikuntzekin plangintza bat osatuko dute. Amaitzean, prozesuaren emaitzak aurkeztuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide