Ikasturte hasierarekin batera, eskolaz kanpoko ekimenetan izena emateko ordua iritsi da. Eskualdeko musika eskolek eta musika akademiek, esaterako, izena emateko epeak zabaldu dituzte, eta haur, gaztetxo eta heldu asko zein musika-tresna aukeratu pentsatzen ari dira datozen egunetan.
Musikaren onurak
Zenbait herritarrek arte adierazpenarekin lotutako jarduerei haur eta gaztetxoen heziketari dagokionean garrantzia txikia ematen badiete ere, musika mintzaira eta musika-tresna bat jotzen ikasteak onura asko ekar ditzazke etxeko txikienen heziketari. «Kontzentrazioa eta diziplina moduko arloak asko lantzen dira musika mintzaira eta musika-tresnaren bat jotzen ikasterako orduan. Horregatik, oso mugituak diren haurrekin hobekuntza lortzen dira, kontzentratzen eta diziplina izaten erakutsi eta laguntzen dietelako. Ondoren, jarrera hori bizitzako beste arlo batzuetan aplikatzen dute», azaldu du Zumaiako Musika Eskolako zuzendari Sofia Oriak.
Horretaz gain, besteekiko hartu-emanak eta adierazpena hobetzen ere laguntzen du musikak. «Pertsona bakoitzaren izaera nabarmen antzematen da musika-tresna bat jotzerako orduan. Haur lasai batek pieza mugitu bat jotzeko arazoak izan ditzazke, edo gerta liteke uzkurtutako izaera hori kanporatzeko oso baliagarria izatea. Bestetik, pertsona mugitu batek pieza lasai bat jotzen duenean. lasaitu eta erlaxatu egin daiteke. Musikarena oso mundu aberatsa da, eta aukera asko ematen ditu», adierazi du Orioko Musika Eskolako zuzendari Elena Erraztik.
Modak aukeratzerako orduan
Musika ikasleen artean badira gainontzekoek baino arrakasta gehiago duten musika-tresnak. «Boladak izaten dira. Azken urtetan Zumaiako Musika Eskolan esaterako kitarra eta trikitixa dira arrakasta gehien dutenak. Beste urte batzuetan pianoa ere izan genuen modan».
Iritzi berekoa da Errazti ere. «Danbolin Musika Eskolaren helburuetako bat musika-tresnen arteko oreka mantentzea izaten da. Horregatik, musika tresna bakoitzean plaza kopuru mugatua ezartzen dugu, bestela trikitixan edo pianoan jendetza izango litzateke eta bandako musika-tresnak, berriz, ez lituzke inork joko eta ez genuke musika bandarik izango herrian. Horregatik, haurrak bideratu egiten ditugu musika tresna aukeratzerakoan».
Talde lana gakoa
Talde lana gero eta gehiago lantzen da musika eskoletan. «Talde lana oso garrantzitsua metodologia aldetik, baita motibazio gisa ere. Klaseak bakarkakoak izaten dira eta gaztetxoei asko motibatzen die besteekin elkarlanean aritzea. Horregatik, Zumaiako Musika Eskolako helburuetako bat da taldeak osatzea, ez dadila gertatu umetan musika-tresna bat ikasi eta hazten doan heinean norbere musika tresnarekin bakarrik geratzea». Oriaren iritziz, nerabezarora begira taldeek aukera asko ematen dituzte, «adin bakoitzeko gustu eta nahietara moldatzen laguntzen baitute. Guk esaterako rock taldeak osatzen ditugu nerabeekin».
Gainera, edozein musi-tresnak ematen du taldean jotzeko aukera. Pianoak, esaterako hasiera batean bakarkako musika tresna badirudi ere taldean jo daiteke. «Musika tresna desberdinez osatutako taldetxoak sortzen ditugu, pianoa, bateria, saxofoia eta esku-soinua bildu daitezke esaterako».
Heldutan musikan murgilduz
Hasiera batean musika-tresna bat jotzen ikastea haur eta gaztetxoen kontua badirudi ere, gero eta gehiago dira zaletasun bezala musika-tresnak jotzen ikasten duten pertsona helduak. «Badira helduak haurrak zirenean musikaren munduan murgildu eta zaletasuna berreskuratu nahi dutenak; bestetik badaude musika mintzaria ezagutu gabe zerotik hasten direnak ere. Azken horiek lehenengo musika mintzaria ikasten dute eta behin oinarria ezagutzen dutenean, urte betera eurak aukeratutako musika-tresna ikasteari ekiten diote» azaldu du Oriak.
Heldutan musika-tresna bat ikasten hasten direnak «gogotsu» jarduten direla nabarmendu dute bi zuzendariek. «Egunero zertxobait entsegatuz gero hobekuntza nabarmenak lortu daitekezke, heldutan hasi direnek gustura hartzen dute diziplina hori eta maila polita lortu dezakete».