Zuzendaritza langileak zatitu nahian ari dela diote Corrugadoseko beharginek

Nerea Uranga 2012ko eka. 22a, 07:13

Greba mugagabean jarraitzen dute Corrugados Azpeitiako langileek, eta ezarri nahi dizkieten murrizketak eta kaleratzeak salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Donostian, Eusko Jaurlaritzako Lan Delegaritzaren aurrean; 200 langile bildu ziren. Han, zuzendaritza Azpeitiko enpresako langileak zatikatzeko estrategiak erabiltzen ari dela salatu zuten LAB eta ELA sindikatuetako langileen ordezkariek. Orainarte lana erregulatzeko txostenak indibidualki ezarri dizkietela azaldu dute: «Pertsona bakoitzari modu jakin batera ezarri diote txostena, eta, orain, berriz, txostena kolektiboa izatea onartu diete. Era horretan, batzuk txostenaren bidez 200 lanegun galdu dituzte, eta beste batzuk 20 besterik ez, eta horrek langileen artean haserrea eragin du». Horrez gain, azken egunotan langileek enpresak bidalitako gutunak jaso dituzte. Gutun horien bidez 60 laguni kaleratu egingo dituztela esan die enpresak, eta gainontzeko 245 langileri «eurekin kontatzen duela enpresak, eta egiten ari diren grebak ez duela zentzurik». Corrugados Azpeitian bideragarritasun plana ez dute bete,  langileek azaldu dutenez. «Merkatuen joera ikusi gabe ari dira datuak aurkezten, eta bideragarritasun planean aurreikusitakoa baino 25.000 tona gutxiago ekoiztu dugu». Txostena arrazoitu nahia Azpeitiko enpresan ezarri nahi duten lana erregulatzeko txostena arrazoitzeko, ekoizpena Gallardo Taldeak Getafen (Madril) duen lantegira desbideratzen ari direla kritikatu dute langileek. «Getafeko lantegikoekin hitz egin dugu, eta %25 gehiago ekoizten ari direla esan digute. Aurten 150.000 tona ekoizteko asmoa zuten, eta dagoeneko 100.000 tonara iritsi dira». Pasaia gertu izanda, etorkizuna esportazioan dagoela esan izan die zuzendaritzakoek Azpeitiko langileei. «Baina esportatzen ari direnak Getafekoak dira. Eta, gure ustez, hemendik esportatzea merkeagoa da». Enpresa batzordeko LAB eta ELAko ordezkariek Corrugados Azpeitiako langile guztiei bat egiteko deia egin diete. «Denok elkar hartu, eta bat egin behar dugu, inor kanpoan utzi gabe. Borroka denona da, eta denok egin beharrekoa. Pasatutakoak pasatuta daude, eta orain arte gurekin egon ez direnak ere ongietorriak izango dira».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide