«Kontrajarria dirudi; jendeak nahi ez duen zerbait egin dugu»

Aritz Mutiozabal 2012ko mai. 23a, 09:20

Txikitan biolina jotzen bazuen ere, gaur egun baxua astintzen du  Lauroba taldean. Duela urte eta erdi heldu zion erronkari Ane Bastidak (Azpeitia, 1987). «Kontzertuetara joaten nintzen, eta haiek ere jakin bazekiten baxua jotzen nuela. Horrela, proba bat egitera deitu ninduten, eta ongi funtzionatu zuen». Jarraitzaile izatetik taldekide izatera pasatu zen. Hainbat kontzertu eman ondoren, Iglu bat basamortuan disko berrian hartu du parte, hilabete hasieran Oihuka zigiluarekin argitaratu dutena. Larunbat honetan, aurkezpen kontzertua egingo du boskoteak Donostiako Doka aretoan, 20:30ean. Taldearen hirugarren diskoa bada ere, zuk parte hartu duzun lehenengoa da. Alde horretatik, esperientzia berria izango zen, ezta? Hala izan da. Maketa txiki bat grabatu nuen aurretik izandako talde batekin, baina disko bat grabatzea beste kontu bat da. Gainera, beste taldekideak urte asko daramate honetan, eta niretzako bizipen berria zen. Alde horretatik, nahiko urduri nengoen hasieran. Azken finean, disko perfektua izatea nahi duzu. Grabatze prozesua aurrera joan ahala, eta Fredy Pelaez soinu-teknikariaren babesarekin, lasaitzen joan nintzen. Gustura aritu nintzen, azkenean. Iglu bat basamortuan izenburupean ikusi du argia disko berriak.  Elementu kontrajarriekin jokatu nahian? Gaur egun, badirudi gehien entzuten den musika mota parranda girokoa dela. Guk, aldiz, guztiz kontrakoa egin dugu; hau da, komertzialagoa egin beharrean, gure gustuko musika landu dugu. Kontrajarria dirudi; izan ere, berez jendeak nahi ez duen zerbait egin dugu. Diskoaren izenburuak, nolabait esateko, ideia hori islatu nahi du. Behin eta berriz entzun beharreko abestiak al dira? Bai, ez zaizkizu lehen entzunaldian geratzen. Agian, hasieran geratzen zaizkizun abestiekin segituan aspertzen zara. Honek, ordea, xehetasun txiki ugari dituenez, hasieran ez zara guztiaz ohartzen. Disko oso landua da. Behin eta berriz entzun ahala, gauza berriez konturatzen zara. Gero eta gehiago entzun, orduan eta gustagarriago egiten da. Aurkezpenean «kolore anitzekoa» dela esan zenuten; estilo anitzekoa dela, hain zuzen ere. Hamahiru abesti jaso ditugu, eta zortzi estilo bereiz daitezke. Batzuk baladak dira; beste batzuei sintetizadoreak sartu dizkiegu, eta tekno-pop kutsua dute... Denetarik dago. Musika da bere osoan, inolako aurreiritzirik gabe.  Laurobaren estilo bereizgarri hori mantentzen du, baina abestietan aldaketak nabari dira. Bilaketaren osteko emaitza al dira aldaketa horiek? Nik uste dut berez atera zaizkigula. Bigarren diskoa atera eta bi hilabetera, Iñigo tekatu-jotzailea eta biok sartu ginen taldean. Musika tresna bat gehiago eta beste baxu-jotzaile bat izateak aldaketa eragin du, noski. Bestalde, gure denbora hartu dugu disko hau prestatzeko; urtebete egin genuen abestiak ateratzen, eta beste urtebete grabatzen. Lehen prozesua bizkorragoa izaten zen. Oraingo honetan, patxada gehiagorekin heldu diogu proiektuari, eta Fredy Pelaez teknikariak ere asko lagundu digu ekoizpenean. Lehen diskoa duzu taldearekin. Beraz, abestien sortze prozesuan ere lehen aldiz hartu al duzu parte? Hori da. Normalean Iker Laurobak konposatzen ditu abestiak, eta, gero, taldekide guztion artean osatzen ditugu. Egia esan, sortze prozesu horretan lehen aldiz hartu dut parte, eta dezente ikasi dut. Abiada bizian ikasi ere. Larunbatean egingo duzue disko berriaren aurkezpen kontzertua. Emanaldi berezia izango al da? Hala izatea espero dugu. Teklatu-jotzailearentzat eta niretzat lehen diskoa denez, Lauroba berri baten aurkezpena izango da, nahiz eta lehendik ere elkarrekin jo izan dugun. Nik, adibidez, gogo biziak ditut. Berezia izan behar du lehena izango delako. Antza denez, gainera, jende asko etortzekoa da kontzertura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide