Sarean dira Zestoako udal artxiboko dokumentuak

Zestoako Hitza 2012ko mai. 10a, 06:30

Dagoeneko ikusgai daude sarean Zestoako Udal Artxibo Historikoko agiri garrantzitsuenak. Eusko Jaurlaritzako Irargi Zentroak Badator izeneko gunea dauka Interneten 1998tik, eta bertan daude Zestoako 600 agiri bilduma baino gehiago (guztira, 40.000 orri...

Dagoeneko ikusgai daude sarean Zestoako Udal Artxibo Historikoko agiri garrantzitsuenak. Eusko Jaurlaritzako Irargi Zentroak Badator izeneko gunea dauka Interneten 1998tik, eta bertan daude Zestoako 600 agiri bilduma baino gehiago (guztira, 40.000 orrialde pasa). Agiri zaharrena 1380koa da, hiribildua sortu aurrekoa, eta berriena, berriz, 1930eko hamarkadakoa.

Udalak 2009 eta 2010 urteetan digitalizatu egin zituen artxiboak, eta lan horri esker jarri ahal izan dira sarean. Agiri gehienak XVIII. mendekoak direla jakinarazi dute udaletik, nahiz eta lehenagokoak ere badauden. Esan dutenez, 1520ra arteko agiriak Eusko Ikaskuntzak transkribatu zituen; guztira, 50 bat agiri.

Zenbait agiri desagertuta
Agiri horien ibilbidea «oso bitxia» dela adierazi dute udaletxetik, «munduko beste artxibo guztietan gertatu den bezala». Zestoakoei dagokionez, lehen agiri-zerrenda 1489koa da; han dioenez, «kutxa batean jarri ziren pergamino guztiak». 1517an beste inbentario bat egin zen. 1601az geroztik, udaletxea eraiki zutenetik, agiri guztiak eraikuntza horretan gorde ziren, «gerrate garaietan eta udaletxearen obra garaietan izan ezik». 1800ean, adibidez, agiriak herriko etxe partikular batean gorde ziren, «frantsesek erre egingo zituzten beldur». 1892an, agirien antolaketa sakona egin zuen Serapio Mujikak, garai hartako Diputazioko artxiboen ikuskatzaileak. XX. mendean, ordea, udaletxean egindako bi lan nagusien ondorioz, «agiriak batera eta bestera eraman ziren, eta, tamalez, ale eder askoak galdu ere bai».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide