ZARAUTZ, ZABORRAK
Gaur herriko EAJren apirileko argitalpena jaso dut eta atentzioz irakurri dut zaborrari buruz dioena. Gaizki ez badut ulertu, herriko EAJ dago: Ahalik eta gehien birziklatzearen alde; Urtetako zabortegia ixtearen alde; atez ateko sistemaren aurka; errauskailua egitearen alde; herri-kontsulta egitearen alde; birziklatzea derrigorrezkoa ez izatearen alde.
Herri-kontsultaren gaiari heldu nahi nioke gaurkoan zeren eta oso gai garrantzizkoa da eta egin daitezkeen galdera guztiak ezin dira denak nahastu, maila berekoak ez direlako eta galdera batzuk beste batzuk erantzun ondoren planteatu beharrekoak direlako.
Ni, noski, herri-galdeketen aldekoa naiz, oraindik zain dauden horietakoa. Zaborren gaian ere ez nuke eragozpenik kontsulta batetik pasatzeko, baina galderak eta ondorioak ondo zehaztuta.
Nire iritzirako bi lirateke auzi honetan erantzun beharreko lehen bi galderak: Bata, ahal den gehiena birziklatzearen alde al zaude, bai ala ez. Bigarrena, birziklapena herritar guztion obligazioa izan behar al du, bai ala ez.
Nire ustez, bi galdera hauetan dago azken aldian hainbat hauts harrotzen ari den eztabaidaren gakoa. Kontsulta aurretik esplikatu beharko da, bataren eta bestearen erantzunaren ondorioak zeintzuk izango diren. Galderak bezalaxe kontsentsuatuta eta idatzita edukiko dituzte alderdi guztiek galdera hauen ondorioak. Herritarrak jakin dezala zer ari den bozkatzen.
Horregatik, uste dut, lehen herri-kontsultara “atez ateko zabor-bilketa bai ala ez” galdera eraman behar dela aldarrikatzeak herritarrak asaldatzeko bakarrik balio duela, edo, onenean, alderdi politikoen arteko liskarrerako.
Herritarren artean dabiltzan hainbat eztabaida eta kezka azaleko arazoak dira, denborarekin era batera edo bestera konponduko direnak. Agian, modu desberdinean konponduko dira herri batean edo bestean. Arrazoi du EAJk dioenean gauza desberdinak direla zaborra nola bildu eztabaidatzea eta, bestea, bildutakoarekin zer egin jakitea. Ez da egokia, bada, bi eztabaidak nahastea une berean, nahiz eta biak elkarrekin oso lotuak egon.
Galderaz gainera, kontsulta-eremuaz ere hitz egin beharko da. Nork deitzen du kontsultara?. Udalak?, Aldundiak?. Badakit zaborraren bilketa udalen konpetentzia dela, baina nik egin ditudan galderok udal-mailakoak al dira, ez al dira Gipuzkoa osoari dagozkionak?. Bi galdera hauen erantzunak baldintzatuko du udalek nola jokatu edo beren herritarrei zer galdetu gero.
ZARAUTZ, ZABORRAK (II)
Bigarren idatzi honetan obligazioaren lehen aukerari helduko diot, alegia, zer esan nahiko luke jendeak zaborraren bilketa selektiboak obligaziozkoa izan behar duela bozkatzen badu?.
Udal bakoitzak, beraz, bilketa-sistema jakin bat inplantatu beharko luke bere udalerrian zabor-bilketa selektiboa ONDO egiteko.
Esan nahiko luke udalak neurriak hartu beharko dituela herritarrek beren etxeetatik zaborrak sailkatuta atera eta dagokion tokian behar bezala koka ditzaten. Hala egiten ez duenari erakutsi, lagundu edo derrigortu egin beharko du, nola edo hala.
Birziklapena obligaziozkotzat jotzen bada, berezita jaso den zaborrari irtenbide egokia aurkitu beharko dio Gipuzkoako arduradunak. Ezingo du berezita bildu dena berriro nahastu eta zabortegira bota edo errauskailuan erre. Zabor-mota bakoitzari dagozkion azken errematea prestatzeko obligazioa hartuko luke Gipuzkoako arduradunak, besteen artean, konpostatzeko plantak eta errefusak botatzeko zabortegiak egin edo antolatuz.
Gipuzkoako arduradunek ez lukete errauskailurik eraiki beharko, nahikoa erregairik ez bailuke izango errefusarekin bakarrik, edo ez luke surik egingo.
Obligaziozkoak diren ekintzek bijilantzia eskatzen dute, ez dugu ezkutatu behar. Zoritxarrez geroz eta obligazio gehiagoko gizartean bizi gara, ez dut ukatuko, baina bijilantzia eta amonestazio edo isunak proportzionalak badira onartzeko prest nago, axolagabekerian edo utzikerian erortzeko arriskua denok baitaukagu.
Ikusiak ikusiz, saiatu beharko da boikot politikoak ekiditen,bilketa udalak erabaki duen bezala gerta dadin. Kontutan izan behar da zaborren azken erremateak baldintzatzen duela bilketa eta, modu berean, bilketak ere mugatzen duela azken errematea.
ZARAUTZ, ZABORRA (eta III)
Herritarrek erabakitzen badute zaborren birziklapenak ez duela obligaziozkoa izan behar, zer gertatuko da, zer esan nahiko luke?.
Oraingo egoeran egongo ginateke, alegia, nahi duenak zabor-motak bereziko lituzke etxean eta dagokion kontainerrean bota, edo nahi duenak dena kontainer berdean botako lituzke, zabor guztiak nahasian.
Erabaki horrek ondorio garbia izango luke Gipuzkoako arduradunentzat, alegia, errauskailua egin beharko litzatekeela ahalik eta azkarren, zabortegiak ia beteta daudelako.
Zergatik ote naiz hain ezezkorra, zergatik ez dut pentsatzen jendeak bere borondatez, orain arte bezala, geroz eta gehiago birziklatuko duela?.
Errauskailua egiten bada, administrazioak zabor-tasetako kenketak ez lizkieke egingo birziklatzen dutenei (Laguntza horiek birziklatzen gorenerako bidean jendea sar dadin izaten dira). Birziklatzeko kanpainak bukatu egingo lirateke. Errauskailuak erregaia beharko luke, eta, beraz, ezingo lirateke bi politikak batera jarraitu. Ondorioz, orain arte hasi ez den jendea ez litzateke birziklatzen hasiko eta hasia dagoen askok atzera egingo luke.
Gipuzkoako arduradunen lana laukoitza izango da, alde batetik, errauskailua eraiki eta errauskailurako zaborra bildu; bestaldetik, zabor-bilketa selektibo apal batez biltzen den zaborrari errematea eman (dagoeneko egiten duena) ;eta, azkenik, errauskailuko errautsak botatzeko zabortegiak eraiki.
Errauskailua duela hamabost urte egina izan bazen, orain zabortegiak erdi hutsik egongo lirateke eta errauskailua bera amortizatua. Beraz, egongo zen denbora oraindik laguntzen bidez eta mentalizazio bidez borondatezko birziklapen-bidean oraindik aurrera jarraitzeko, eta obligaziozko egoera urte batzuetan atzeratzeko. Orain, dirudienez, obligaziozkoa izango den ala ez berehala erabaki beharra dago eta ezin dira bi erabakiak batera hartu, alegia, obligaziozkoa izatea (errauskailuari erregaia kenduko liokeena) eta ez-obligaziozkoa izatea (errauskailuari erregaia emango liokeena).
Obligaziozko egoerara iristen ez bada zabor-bilketa selektiboa, birziklapenak goia jo du gure artean.
Martxel Aizpurua
ZARAUTZ