Sindikatuentzat «erabateko arrakasta» izan zen atzoko greba orokorra. Espainiako Gobernuak onartu duen lan erreformaren kontra deitu zuten protesta sindikatuek, eta eragina nabarmena izan zen Urola Kosta eskualdean goizean goizetik. Baina orain lanean jarraitzeko unea dela uste dute ELAk eta LABek; hala adierazi diote HITZA-ri. ELAren ustez «enpresariak lan erreformako puntuak aurrera eramaten ahaleginduko dira», baina «langile batzuk erakutsi dute borrokatzeko prest daudela», eta orain «erronka» izango da langileek «enpresaz enpresa» beraien eskubideak borrokatzea. LABentzat, berriz, atzoko grebak «inflexio puntua izan behar du», eta norabidea argi du sindikatuak. «Krisiari aurre egiteko beste eredu sozioekonomiko bat behar da, eta alternatiba burujabetza ekonomikoa eta politikoa eskuratzea da».
Sindikatu honentzat «bitarteko propioak izatea nahitaezkoa da eredu propioa eraiki ahal izateko».
ELAk eta LABek emandako datuen arabera, «salbuespen batzuk gorabehera, greba erabatekoa» izan zen atzo eskualdean; bai irakaskuntzan, bai zerbitzu publikoetan, bai industrian. LABeko ordezkariak hala adierazi zuen: «Gaurko argazkia argia da: jendeak erabat arbuiatzen du lan erreforma. Jarraipen ikaragarria izan du». Ildo beretik mintzatu zen ELAkoa: «Beste grebek ere oihartzun handia izan dute, baina hau erabatekoa izan da». Goizean eta arratsaldean manifestazioak egin zituzten Azpeitian, Zestoan, Getarian, Zumaian eta Zarautzen, eta herritarren parte hartzearekin «gustura» gelditu ziren sindikatuak, protestak «jendetsuak» izan zirelako.
Sindikatuek emandako datuen arabera, gutxieneko zerbitzuak «normal» bete zituzten atzo garraioetan eta osasun zerbitzuetan. Hezkuntzan, Eusko Jaurlaritzak hala aginduta, eskolak ireki egin behar izan zituzten, «nahiz eta ikasle gutxi joan ziren». Kaleak, berriz, hutsik aurki zitezkeen atzo goiz partean. Errepideak ere ohi baino askoz ibilgailu gutxiagorekin. Eguraldi ona egin arren, hondartzak ere lasai-lasai.
Isiltasuna apurtu zuten bakarrak goizean goiz ia herri guztietan egin zituzten auto karabanak eta pikete informatiboak izan ziren. Enpresa eta saltoki gutxi batzuk greba ez egitea erabaki zuten, eta kasu batzuetan piketeen eta jabeen artean eztabaidak ere egon ziren. Hala ere, ez zen istilurik egon eskualdean.
Hori aurreikusta, herenegun Azpeitiko Merkatari Elkarteak errespetua eskatu zuen lanuztekoa egitekoak ez zirenentzat, «greba ez egitea guztion eskubidea» dela argudiatuta.
Adegiren irakurketa
Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak ohar bidez eman zuen atzoko grebaren inguruko iritzia, baita datuak ere. «Grebak Gipuzkoan ez du izan iragarritako jarraipen handia». Adegik bildutako datuen arabera, «langileen %60k ere ez dute egin bat grebarekin». Adegirentzat grebak «enpresak kaltetu besterik ez ditu egin», eta sindikatuek ez dituzte helburuak bete. «Jarraipena ez da jendetsua izan, eta Espainiako Gobernuak esan duenez, lan erreforma ez dute bertan behera utziko, ezta aldaketarik egingo ere». Hitz gutxitan esanda, greba «antzua eta alferrikakoa» izan da enpresarien elkartearentzat.
Kontuak kontu, atzoko grebak ikusmin handia eragin zuen. Komunikabideek eskura dituzten tresna guztiak baliatu zituzten atzokoan ere. Ez ziren bakarrak izan, ordea. Herritarrek ere Facebook eta Twitter bezalako mezulariak erabili zituzten nork bere herrietako egoeraren berri emateko. Hala, eguerdi partean herritar batek jakinarazi zuen «Zumaiako haur guztiak Elorriagan» zeudela, eta galdetzen zuen eguerdiko manifestazioa Donostian beharrean mendian ote zen.
Greba orokorrak webgune propioa ere izan zuen: greba.euskalherrian.info. Herritar askok eman zuen bere herriko egoeraren berri bertan.
Atzoko greba eguna aurrez girotzen aritu dira sindikatuak. Hala, jendaurreko agerraldiak eta elkarretaratzeak egin dituzte eskualdeko hainbat herritan aurreko egunetan.
Greba aurretik, hamaika mezu
Sindikatuez gain, beste hainbat sektorek ere izan du hizpide lan erreforma. Esaterako, gazteen eta ikasleen sektorea ere mobilizatu da, gehienbat informazioa zabaltzeko asmoz. Azpeitiko gaztetxean, esaterako, mahai inguru informatiboa egin dute aste honetan bertan.
Zumaian ere hainbat ekimen egin zuten gazteek joan den astean. Ostegunean Zumaiako Institutuko ikasleek geldialdia egin zuten, grebaren inguruan eztabaidatzeko. Ostiralean, berriz, Nuria Lopez de Gereñuren etxe aurrean bildu ziren Gazte Independentistak, protesta egiteko. Gereñu Confebaskeko idazkari nagusia da, eta ekimenarekin «patronalak aurrera daraman eskubide urraketa salatu» zuten.
Lan erreformaren aurrean gazte guztiek ez dute iritzi bera azaldu, ordea. Adegiko enpresari ekintzaileen foroak oharra kaleratu zuen orain aste batzuk, lan erreformaren alde. «Enplegua sortu» nahi dutela adierazi zuten, eta horretarako «beharrezkotzat» jo zuten enpresak bideragarriak izatea ,eta ekimenak egiteko gai izatea. Bide horretan kokatu dute ekintzaileok erreforma.
-----------------------------------
Nola eragiten die lan erreformak herritarrei?
Otsailaren 11n jarri zen indarrean lan erreforma, Espainiako Estatuko Buletin Ofizialean argitaratu zutenean. Espainiako Gobernuko presidente Mariano Raxoik (PP) sinatutako lege-dekretu baten bidez onartu zuten. Sindikatuen esanetan, «demokrazia aldiko errefoma erasokorrena eta kaltegarriena» da. Aldaketak ez dio kontratua lortu berri duen herritarrari soilik eragingo. Zein dira erreformaren gakoak?
Nori eragiten dio 33 eguneko kalte-ordaina duen lan-kontratuak?
Guztiei. Kontratu berria sinatzen dutenek, modu bidegabean kaleratzen badituzte, gehienez 33 eguneko kalte-ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko. Bi urteko muga izango du horrek (24 hilabetekoa). Kontratu zaharra izanik, lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina kobratzeko eskubidea duten langileen lan baldintzak errespetatuko dituzte, baina otsailaren 12ra arte; hots, erreforma indarrean jarri zen egunera arte. Ordutik aurrera, metatutako kalte-ordaina 33 egunekoa izango da, gainontzekoentzat bezala. Adibidez, langile batek 15 urte egin baditu enpresan, eta urtebete barru kaleratuko balute, bi zatitan kobratuko luke kalte-ordaina: 15 urteko lanaldiari lotuta, urteko 45 eguneko kalte-ordaina, eta beste urtebetez, 33 eguneko kalte-ordaina.
Aldi baterako kontratuak jarraian lotu al daitezke?
2013ko urtarrilaren 1etik aurrera debekatuta egongo da 24 hilabete baino gehiago irauten dute aldi baterako kontratuak jarraian lotzea.
Zer kontratu-baldintza izango dituzte 30 urtetik beherakoek?
Edozein tamainatako enpresek 30 urtetik beherako gazteak kontratatzen badituzte, 1.000 euroko hobaria jasoko dute kontratuaren lehen urtean, 1.100ekoa bigarren urtean, eta 1.200ekoa hirugarrenean.
Eta kontratua enpresa txiki batean edo ertain batean egiten bada?
50 langile baino gutxiago dituzten enpresentzat eta autonomoentzat kontratu modalitate berria sortu dute. Urtebeteko probaldia zehazten du: langilea epealdi horretan kaleratuz gero, ez du kalte-ordainik jasoko. Enpresariak 3.000 euroko zerga-kenkaria izango du lehen langilea kontratatzen duenean, baldin eta langileak 30 urte baino gutxiago baditu.
Eta kontratatutako langileak 45 urte baino gehiago baditu?
Iraupen luzeko langabea bada, Gizarte Segurantzaren kuotetan hobariak izango dira. Enpresak urtean 1.300 euro aurez ditzake, kontratua egin eta lehen hiru urteetan.
Emakumeak kontratatuz gero, hobariak al daude?
Ohituraz gizonezkoek bete dituzten sektoreetan kontratatzen dituztenean baino ez. 30 urte baino gutxiago baldin badituzte, beste 100 euro erantsiko zaizkie gazteen kasuan zehazten diren kenkariei. 45 urte baino gehiago baldin badituzte, eta iraupen luzeko langabeak baldin badira, hobaria areagotu egiten da; 1.300 eurotik 1.500 eurora.
Zein da hitzarmen kolektiboan lehenesten den ituna?
Enpresa hitzarmenak lehenesten dira, sektoreko edo/eta herrialdeko hitzarmenen aurretik.
Zer gertatuko da hitzarmenaren negoziazioa luzatu egiten bada?
Negoziazioa bi urtez luzatzen bada, indargabetu eta oinarrizko araua ezarriko da. Hau da, Langilearen Estatutua eta lanbide arteko gutxieneko soldata.
Enpresak murriz al ditzake soldatak, bere erabaki hutsez, langileekin negoziatu gabe?
Bai. Lan erreformak, lehen aldiz, beste lan baldintzen artean «soldataren zenbatekoa» ere aldatzeko aukera aitortzen dio enpresari, «arrazoi teknikoak, antolakuntzakoak edo ekoizpenari lotutakoak» baldin badaude. Legak zehazten du arrazoi horiek «lehiakortasunari, produktibotasunari edo enpresaren edo lanaren antolaketa teknikoari» lotuta egon behar dutela. Kategoria bakoitzean hitzarmenak zehaztutako gutxienekoaren gainetik dauden soldatetan ezar liteke.
Enpresak behar al lezake langilea lanpostuz edo lantokiz (geografikoki) aldatzera?
Bai. Lanaldia, txandak eta ordutegia alda ditzake enpresak, eta horrekin batera lagileak lekuz aldatzeko eta soldata jaisteko aukera ere badu. 15 egun lehenago jakinarazi beharko dio langileari, eta ados ez badago, kontratua amaitutzat jotzeko aukera izango du, baina kalte-ordain gutxiago jasota: lan egindako urte bakoitzeko 20 egunekoa, gehienez 12 hilabetean. Gero auzitegira jo dezake, eta epaia aldekoa izanez gero, lapostura itzuliko da.
Lege berriarekin errazagoa al da kaleratzea?
Kaleratzeko arrazoien zerrenda luzatu egin da, eta merkeagoa da. Araudi berriaren arabera, enpresak kaleratze kolektiboak egin ahal izango ditu, ez orain arte bezala, galerak edukiz gero soilik; aurrerantzean, horretaz gain, galerak aurreikustea edo hiru hilabetez jarraian fakturazioa edo salmentak murriztea ere kaleratze kolektiborako arrazoiak izango dira. Hau da, ez da beharrezkoa enpresak galerak izatea; bederatzi hilabetez fakturazioa edo diru-sarrerak murriztea arrazoi nahikoa izango da. Kasu horretan, ez du lan-agintaritzaren onespenik beharko kaleratze kolektiboak egiteko. Gainera, kalte-ordainik merkeena ezarri ahal izango du; hau da, lan egindako urte bakoitzeko 20 egun, 12 hilabetez gehienez.
----------------------------------------------
Lan erreformaren aurrean, bat eginik?
Eider Alkortaren analisia.
Martxoaren 29ko greba egun arrakastatsuaren aurrean gaude, ohikoa den moduan askotariko balorazio eta gorabehera datuak ikusiko ditugun arren. Urola Kostan grebak izan duen jarraipenari dagokionez, mobilizazio egun indartsu baten aurrean gaudela erakutsi dute industrialde nagusienen eta komertzio txiki gehienen pertsiana itxiek. Itzalak ere badira, ordea:
bozkatzea galerazi diete langile batzuei; enpresa batzuetan, berriz, greba eguneko lanuztea enplegua erregulatzeko espedientearen barruko egun bezala kontatuko dute.
Greben baliogarritasuna hizpide izango dugu egunotan: jatorrizko zentzua galdu ote den duda-mudan, eta sindikatuek mobilizatzeko bide berriak ere hausnartu beharko dituztela proposatuz. Dena den, bereizi beharko da greben eraginkortasunaz eta arrakastaz zer ulertzen dugun, eta greba deialdi edota mobilizazioetarako arrazoirik baden. Grebaren arrakasta ezin da Madrili min egingo dionaren ustean egikaritu, Madrili min egiteak ez baititu gure minak arinduko. Ildo honetatik, nahikoa ezkor agertzen naiz grebak, berak bakarrik, izan ditzakeen ondorio baikorren inguruan; alegia, atzoko mobilizazioek lan erreformaren txostenean komatxoren bat aldatuko duen ala ez, edota greba biharamuneko Madrilgo aurrekontuetan eraginik islatuko den. Europak abagune eskasak uzten dituen ideia guztiz aztertu gabe ere, agerikoa daPPren Madrilgo gobernua krisiaren ingurumaria bere doktrina aplikatzeko baliatzen ari dela.
Hau esanda, protestarako inoiz baino arrazoi gehiago daudela ere uste dut. Langileei dagokienez, lan erreformaz gain urte luzeetako borroken ondorioz lorturikoak bidean uzteko arriskuan goaz, eta eskubideak ez dira oparitzen. Kostata irabazi, eta erraz galdu egiten dira. Ezbairik gabe, mobilizaziorik gabe ez da aldaketarako aukerarik, eta erreforma eta murrizketen olatua geraezina izango litzateke. Grebaren bitartekoa, ordea, ezin da helburutzat jo. Zentzu horretan, eragile askok adierazi dute continuum batean garatu beharreko estrategia baten barruan uztartu behar dela.
Langileen eskubideen zapalketaz gain, sindikatuek ere hitzarmen kolektiboen eredua kolokan dute. Nahikoa arrazoi denek batera mobilizazio bat deitzeko, baina grebaren aurrekariek, gurean, helburuei begira gutxiengo batzuk adosteko ere borondaterik ez dutela izan erakutsi dute.
Martxoaren 29ko greba honen berezitasunetako bat sindikatuen deialdi bateratua izan bazitekeen ere, balizko batasun honek fikziotik errealitatetik baino gehiago zuela agerian gelditu zen. Alde batetik, orain dela bi hilabete ELAk eta LABek gehiengo sindikalaren haustura irudikatu zuten. Hala ere, martxoaren 29ko grebarako deialdia batera erregistratu zuten, sarritan ahazten ditugun beste sindikatu txikiagoekin batera. CCOO eta UGT sindikatuek, bestalde, hilabete geroago erregistratu zuten estatu osorako greba deialdia. Azken urteetan ikusi ez genuen aniztasun sindikalaz mintzo gaitezke, baina ELAko zenbait buruzagik greba deialdiak bereizi egin nahi izan dituzte, eta greba eguna aukeratzearekin bakarrik datozela bat argitu nahi izan dute. Grebaren helburuak eta praktika sindikalak oso bestelakoak direla adierazi dute. LABek jarrera baikorragoa
erakutsi du, eta egun eta bitarteko beraren aukeraketak mobilizazioak indartu dituela uste du.
Sindikatuek euren arteko lehia islatu dute. Langile askok pozik hartu badute ere CCOOek eta UGTk ere greba deialdia egitea, sentsazio hau ez da errepikatu sindikatuen buruzagitzetan. Sindikalgintza ereduez, estrategiaz, eta euren arteko konfrontazioaz ari dira. Lan erreformak langileei eta langabetuei sor edo areagotu diezazkieten kalteak, ordea, ez dira afiliatuak diren sindikatuen araberakoak. Gainera, ez da ahaztu behar langileen zati handi batek ez duela inolako afiliazio sindikalik.
Erreforma honen ondorioak eta eskubideek jasango dituzten guraize-ebakiak Azpeitiko zein Murtziako langileek jasan beharko dituzten arren, hemengoek estatukoek baino lan baldintzak hobeak izan dituzte. Gure lan sektoreek lagundu dute, baina hemengo gehiengo sindikalak lorturiko lan hitzarmenak izan dira, hein handi batean, hori ahalbidetu dutenak.
Aurrera begira, beharrezkoa dugu sindikatuen eta langileen interes komunen inguruan hausnartzea. Lan merkatuaren dualizazioak kontratu finkoak eta behin-behinekoak dituztenen arteko aldeak sortu ditu, eta sindikatuek askotan dualizazio honi jarraipena eman
diote. Langabetuak, berriz, auzi hauetan bigarren mailan zokoratu dituzte, nire ustetan.
Eta, jakinekoa da: ibai nahasia, arrantzaleen irabazia.
---------------------------------------------------
Kaleak protestarako dira
Nagiak ohean utzi zituen atzo Urola Kostako ehunka herritarrek. Pikete informatiboetako kideak, auto karabana osatu eta industriaguneetan barrena ibili zirenak izan ziren goiztiarrenak. 07:30ak ere ez ziren elkartu zirenean. Pare bat orduan itxiarazi zituzten lanuztearekin bat egin ez zuten enpresa apurrak. Azkoitian, esaterako, herriko gasolindegia eta Jaunsoro eta Txalon Erreka artean lanean ari zen Amenabar enpresako hainbat behargin. ELAko eta LABeko ordezkariak bertatik igarotzean utzi zioten jardunari.
09:30etan dozenaka haiei ehunka lagun batu zitzaie, Espainiako Gobernuko presidente Mariano Raxoik dekretuz indarrean jarritako lan erreformaren aurka protesta egiteko. Erreformarik ez!, Borroka da bide bakarra, eta Hemen bizi, hemen erabaki izan ziren ohi entzunenak. Saltoki eta taberna gehienak itxita, hutsik ikus zitezkeen eskualdeko udalerrietako kaleak, eta Zarauzko itsas-pasealekuan uste baino jende gutxiago zebilen, kafetegiek terrazetan mahaiak eta aulkiak jarrita bazituzten ere. Herritarrak Elorriagan izango ziren, haur eta guzti, zumaiar batek Twitterren zionez, goiz utzia baitzuten ohea.