Joxemi Zumalabe Fundazioaren fase berria aurkeztuko dute larunbatean, Putzuzulon

Zarauzko Hitza 2012ko mar. 14a, 18:06

Joxemi Zumalabe Fundazioak bere fase berria eta proiektua aurkeztuko ditu martxoaren 17an, larunbatean, Putzuzulon.  Horretarako egitarau bete-betea prestatu dute: -18:00.  Ongi etorria -18:30. Herri mugimendua. Pentsa dezagun gurea kafe tertulia. Solasaldi horren helburua herri mugimenduetako kideekin inpresioak eta iritziak elkar-trukatzea da, gaur egun herri mugimendua nola ikusten duten, zein indargune eta erronka dituen eztabaidatzeko, besteak beste. Tertulia “lasaia eta gozagarria” izatea espero dute antolatzaileek, helburua ez delako “ondorio handitara” heltzea, iritziak trukatu eta plazaratzea baizik.Horretarako, solasaldia “gustagarria” izan dadin ezinbestekoa da herritarren partaidetza. - 20:00. Aurkezpen ekitaldia. Zuzeneko musika, antzerki, bideo, hitzartze eta bestelakoen bitartez Joxemi Zumalaberen gaur egungo ikuspegia irudikatuko dute. Fundazioko kideen ikuspegiak adierazteko “hainbat modu dira baliagarri” eta berauetan esploratzen saiatuko dira, musikari, irudigile, antzezle eta dantzarien laguntzaz. - 21:00.  Pikoteo – afaria Gaztetxe inguruan  sortutako kooperatiba txiki baten eskutik, sabelak asetzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, doan eta guztien aukerak errespetatuz (barazkiekin egindako janaria eskainiko dute). - 22:30.  Napoka Iria eta Willis Drummond taldeen kontzertuak. Kontzertu bikoitza izango da. Hasteko, Napoka Iria Eibar eta Elgoibar arteko bikoteak bere kantuak eskainiko dituzte. Iragan urtean  lehen diskoa kaleratu zuten arren, aski ezagunak ziren jada Euskal Herriko zein kanpoko agertokietan. Gitarra akustikoa eta elektrikoa ahotsekin batuz, kantu sorta ederra [...]

Joxemi Zumalabe Fundazioak bere fase berria eta proiektua aurkeztuko ditu martxoaren 17an, larunbatean, Putzuzulon.  Horretarako egitarau bete-betea prestatu dute:

-18:00.  Ongi etorria

-18:30. Herri mugimendua. Pentsa dezagun gurea kafe tertulia. Solasaldi horren helburua herri mugimenduetako kideekin inpresioak eta iritziak elkar-trukatzea da, gaur egun herri mugimendua nola ikusten duten, zein indargune eta erronka dituen eztabaidatzeko, besteak beste. Tertulia “lasaia eta gozagarria” izatea espero dute antolatzaileek, helburua ez delako “ondorio handitara” heltzea, iritziak trukatu eta plazaratzea baizik.Horretarako, solasaldia “gustagarria” izan dadin ezinbestekoa da herritarren partaidetza.

- 20:00. Aurkezpen ekitaldia.
Zuzeneko musika, antzerki, bideo, hitzartze eta bestelakoen bitartez Joxemi Zumalaberen gaur egungo ikuspegia irudikatuko dute. Fundazioko kideen ikuspegiak adierazteko “hainbat modu dira baliagarri” eta berauetan esploratzen saiatuko dira, musikari, irudigile, antzezle eta dantzarien laguntzaz.

- 21:00.  Pikoteo – afaria
Gaztetxe inguruan  sortutako kooperatiba txiki baten eskutik, sabelak asetzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, doan eta guztien aukerak errespetatuz (barazkiekin egindako janaria eskainiko dute).

- 22:30.  Napoka Iria eta Willis Drummond taldeen kontzertuak.
Kontzertu bikoitza izango da. Hasteko, Napoka Iria Eibar eta Elgoibar arteko bikoteak bere kantuak eskainiko dituzte. Iragan urtean  lehen diskoa kaleratu zuten arren, aski ezagunak ziren jada Euskal Herriko zein kanpoko agertokietan. Gitarra akustikoa eta elektrikoa ahotsekin batuz, kantu sorta ederra osatu dute, rock independiente eta folk artean.

Bestalde, azken urteotan Euskal Herrian zeresan handia ematen ari den Willis Drummond taldea izango da Putzuzuloko eskenatokian. Lapurdin sorturiko taldeak jadanik estudioko hiru disko zein zuzeneko bat kaleratu ditu. Hain zuzen ere,  zuzeneko emanaldiak izan dira taldearen inguruan interes handiena sorrarazi dutenak, bai Euskal Herrian eta baita beste herrialde batzuetan ere. Gaztetxe, areto, plaza eta bestelako lekuak berotu eta sutan jartzen ditu laukoteak,  rock bizi eta indartsuaz.

Herri mugimenduak lagundu

Euskal Herrian “bestelako jendarte eredu baten alde lanean” ari diren herri mugimenduak laguntzea du aipatu fundazioak helburu, Euskal Herriko herri ekimen, talde eta mugimenduek egiten duten ekarpen sozial eta politikoa ikustarazi, sendotu eta merezi duten aitormena ematea, alegia. 1996an hasi zuen ibilbidea, eta askotariko ekimenak antolatu eta hainbat argitalpen atera:  hilero herri mugimenduen ekimenen berri ematen zuen Fite! buletina, Herri Mugimenduaren Gida, eragile ezberdinen arteko elkarlan prozesuak koordinatu eta dinamizatu, Herria Mugi ekimena antolatu eta euskara eta euskal kulturaren sustapena elkarrekin aztertzeko etorkinen elkarteak eta euskalgintzako eragileak bildu zituen Mundua Euskal Kulturan ekimena sortu, besteak beste.

2000. urtean, ordea, Aundientzia Nazionalak 18/98 auziaren baitan fundazioko hainbat kide inputatu eta kartzelaratu zituen, “herri ekimena kriminalizatzea eta jarduera politikoa delitutzat jotzea helburu zuen makro-sumarioaren”  baitan. Horrek fundazioaren lan dinamika goitik behera baldintzatu zuen, eta ordura arteko egitasmoak gelditu eta defentsa lanetan murgildu ziren bertako kideak. Hala, oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aldeko 18/98+ lan taldea koordinatu zuen Joxemi Zumalabe fundazioak.

Absolbitu egin zituzten, azkenean, fundazioko kideak. Epaiketa “zentzugabe” horrek, ordea, “indarrean dagoen hegemonia ideologiko eta instituzionalarekin bat ez zetozenak zigortzeko eta beldurtzeko” asmoa zuela adierazi zuten. “Errepresioak errepresio”, ordea, fundazioak lanean dihardu egun, eta gogoeta prozesua egin eta gero, bere lant aldea zein proiektua berritu ditu. Hala, herri mugimenduetako kideekin zein herrigintzan ari diren eragileekin lan egiten jarraitzeko prest daude: “Aktibismo sozio-politikoa sustatzea eta kolektiboen arteko gogoeta eta elkarlan estregikoak erraztea, horixe izango dugu hemendik aurrera ere ipar eta ilusioa”.
Fundazioaren eta ekitaldiaren inguruko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, bisitatu http://www.joxemizumalabe.org webgunea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide