Zarautz kultur azpiegitura gabe gera ez dadin aukerak aztertzen ari da udala

Zarauzko Hitza 2012ko mar. 6a, 06:04

Modelo zinema itxita, eta Lizardi antzokia dagoen eraikina bertan etxebizitzak egin ahal izateko botako dutela jakinda, Zarautz kultur azpiegitura baten faltan geratuko da epe laburrera. Horren aurrean, Zarauzko Udalak gabezia horri konponbidea emate aldera herritarrekin zein kulturaren inguruko eragileekin prozesu parte-hartzailea abiarazteko asmoa du datozen asteetan, lehentasun gisa. Ildo horretatik, herriko kultur eskaintza asetzeko gune posibleen mapa osatuko dute, eta horretan oinarrituta erabakiko dute zein irtenbide eman. Arazo ekonomikoak medio Modelok hilabete pasatxo darama itxita, matxura medio. Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek jakinarazi duenez, pasa den astean eraikinaren jabeak aretoa behin betiko itxiko duela jakinarazi zion udalari, hura konpondu ahal izateko arazo ekonomikoak dituztela argudiatuz. Berasaluzeren arabera, pasa den legealdian Juan Antonio Zubillagak, Modeloren jabeak, arazoari aurre egiteko laguntza eskatu zion udalari, eta horrek laguntzeko konpromisoa hartu zuen. Diru kopuru jakin bat eskaini zion, eraberritze lanak egin zitzan; Zubillagak, ordea, ez zuen onartu. Pasa den astean, idatzi bat bidali zuen Zubillagak erakundera, zinemak urteko 80.000 euro inguruko galera zuela, eta eraikina egokitu ahal izateko lanak ordaintzeko arazoak zituela-eta, ixteko bidean zirela. Eraikinaren interesa ikusita, udalak jabearekin negoziatzeko asmoa erakutsi du, hura konpondu eta erabilera egokia eman diezaioten. Hori dela eta, hainbat bilera egin dute. Auziari irtenbidea emateko mahai gainean hiru aukera [...]


Modelo zinema itxita, eta Lizardi antzokia dagoen eraikina bertan etxebizitzak egin ahal izateko botako dutela jakinda, Zarautz kultur azpiegitura baten faltan geratuko da epe laburrera. Horren aurrean, Zarauzko Udalak gabezia horri konponbidea emate aldera herritarrekin zein kulturaren inguruko eragileekin prozesu parte-hartzailea abiarazteko asmoa du datozen asteetan, lehentasun gisa. Ildo horretatik, herriko kultur eskaintza asetzeko gune posibleen mapa osatuko dute, eta horretan oinarrituta erabakiko dute zein irtenbide eman.
Arazo ekonomikoak medio
Modelok hilabete pasatxo darama itxita, matxura medio. Kultura zinegotzi Gari Berasaluzek jakinarazi duenez, pasa den astean eraikinaren jabeak aretoa behin betiko itxiko duela jakinarazi zion udalari, hura konpondu ahal izateko arazo ekonomikoak dituztela argudiatuz. Berasaluzeren arabera, pasa den legealdian Juan Antonio Zubillagak, Modeloren jabeak, arazoari aurre egiteko laguntza eskatu zion udalari, eta horrek laguntzeko konpromisoa hartu zuen. Diru kopuru jakin bat eskaini zion, eraberritze lanak egin zitzan; Zubillagak, ordea, ez zuen onartu.
Pasa den astean, idatzi bat bidali zuen Zubillagak erakundera, zinemak urteko 80.000 euro inguruko galera zuela, eta eraikina egokitu ahal izateko lanak ordaintzeko arazoak zituela-eta, ixteko bidean zirela. Eraikinaren interesa ikusita, udalak jabearekin negoziatzeko asmoa erakutsi du, hura konpondu eta erabilera egokia eman diezaioten. Hori dela eta, hainbat bilera egin dute.
Auziari irtenbidea emateko mahai gainean hiru aukera dituztela nabarmendu du Berasaluzek. Batetik, Zubillagari Modelo alokatzeko eskatu dio, udalak bertan askotariko kultur ekimenak antola ditzan. Proposamena aztertzen ari da Zubillaga egun, eta laster erantzungo dio udalari. Sei hilabeterako-edo— «trantsizio une horretan» herria azpiegitura kultural gabe gera ez dadin—Modelo alokatzeko aukera planteatu du udalak.
Kultura zinegotzia negozioazioaren aurrean «baikor» azaldu da. «Modelok, ekimen pribatua izanik, orain arte eskaini duen zerbitzu publikoa ikusita, bide beretik jarraituko duela uste dugu. Herriaren beharrak kontuan izanda, eraikinaren jabearekin akordio txukun batera iritsiko garela espero dugu; ziur gaude horretarako prestutasuna agertuko duela».
Bestetik, udalak zinema «makillatzeko» aukera jarri du mahai gainean; aulki berriak jarri, aretoa pintatu eta berotze sistema berritzekoa, besteak beste. Horren truke, aretoa erakundearen erabilerarako uzteko eskatu dio jabeari, hainbat urterako .
Erostea, garestia
Bestalde, eraikina bera erosteko aukera dago. Garestia da, ordea; aurreko legealdiko teknikarien arabera, zinemaren eraikina erostea egun dagoen egoeran bost milioi euro inguru kostako litzateke. «Udala auzi horretan sartzea ez da erreala, eta hausnarketa prozesua bultzatu beharra dago, eragile zein herritarrekin», dio. Izan ere, Berasaluzeren arabera, eraikinak bere horretan kultur jarduerei dagokionez ez ditu herriko beharrak asetzen, eta obra handia egin beharko litzateke egungo eskaintzara egokitzeko. Dena den, Zarautzen «zinema komertzial» eskaintza amaitu dela nabarmendu du, eta aurrerantzean bestelako filmak eskainiko dituztela, I love Rock elkarteak Rockumentaletan eskaintzen dituenen, Zinematik Surf jaialdian ikus daitezkenen edota Zinemapean ekimenaren baitan Sanz Enea kultur etxean ematen dituzten luzemetraien gisakoak, kasu. Hori dela eta, datozen asteetan bilduko da erakundea kulturaren inguruan interesa duten norbanako zein eragileekin, hausnarketa bultzatu eta egungo arazoari «irtenbide egokia» emateko asmoarekin. Ariola kultur ekimenak, esaterako, bat egin du udalaren proposamenarekin. Zarauzko kultur eskaintzaren inguruan hausnarketa sakona bultzatu behar dela dio, eta elkarlanerako eta proposamenak egiteko prest agertu da.
Horrekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu da Zarauzko Udala. Bilkura horietan udalak egungo egoeraren berri eman dio, eta herriaren neurrirako azpiegitura baten beharra duela nabarmendu. Diputazioak, bere aldetik, kultur eskaintzari irtenbidea emango dio proiektua lehenbailehen definitzeko eskatu dio Udalari, 2013ko Aldundiaren aurrekontuetan kontuan izateko.
Lizardi, salduta
EAJk Zigordia kalean duen eraikina—Lizardi antzokia dago bertan— saldu dio Altuna y Uria enpresari, bertan etxebizitzak egin ditzan. Egitura «zaharkitua» duela adierazi du EAJko bozeramaile Imanol Lasak. Hala ere, etxebizitzak eraiki ahal izateko lanak noiz hasiko dituzten ez dutela zehaztu nabarmendu du. Haren arabera, udalak eraikuntza enpresarekin negoziatu beharko du epe hori luzatzea edo ez luzatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide